2024 URR. 30 EDITORIALA Norabide oneko txostena, biktimen adorearen fruitu Eliza katolikoaren Adingabeen Babeserako Batzordeak argitaratu berri duen txostenean, sexu abusuei dagokienez, instituzio horren jarrera aldaketa nabarmena sumatzen dela esan daiteke. Vatikanoak atzo ezagutarazi zuen txostenak opakutasuna amaitzeko eta Elizako arduradun pederasten dimisio prozesua bizkortzeko eskatzen du. Halaber, kalte-ordainketarako politikak aztertu beharra seinalatzen du, biktimak erreparatzeko neurri zorrotzak gauzatzeko, eta abusuak jasan dituztenen etengabeko biktimizazioa aitortzen du. Biktimen «harrera» handiago baterako trantsizioa izan nahi du txostenak, «aldi ilun eta bekatuzko bat» atzean utzita. Txosten bat da, baina ez edonork egina, baizik eta Francisco aita santuak sexu abusuak eteteko xedez 2014an sortutako batzorde batek. Ez dago esaterik ezer konpondu duenik, noski; baina, baldin zerbaiten hasiera bada, ez da hasiera txarra. Txostenak harritu ere egin lezake, nondik datorren ikusita, Elizaren goi mailatik, hain zuzen. Botere gune ikaragarria da, mendeetan inpunitatea eta honen zerbitzuko ezkutaketa arau izan dituena, batzorde horrek gardentasuna eskatzean aitortzen duen bezala, «opakutasunaren arazoari aurre egiteko» abusuen biktimek behar dituzten informazioak eskuratzea errazteko premia aipatuz. Nabarmentzeko modukoa da, era berean, biktimen aitortza eta erantzukizun eskea. Berandu dator aitortza, berandu txostena eta jarrera aldaketa, jakina, baina beharrezkoa zen, beharrezkoa da, eta alde horretatik espero izatekoa da gauzatzea, bururaino eramatea. Espero izatekoa da batzorde horren lana hasiera baino ez izatea, hitz hutsetan ez geratzea eta benetako urratsa izatea. Izan ere, urrats horrek beste batzuk behar ditu ondoren; benetako «trantsizioa» izatea, alegia. Norabide onean egindako azterlana da. Hala ere, ezin ahaztu, Vatikanoaren ohiko jarrera jokabide horiek ezkutatzea izan dela, baita egia oztopatzea ere, prozesu ilun eta luzeetan, batzordeak berak onartzen duenez etengabeko birbiktimizazioa eraginez, eta ezin ahaztu, lehen urrats hau biktimen adoreak eta borroka luzeak behartuta iritsi dela.