2024 URR. 31 «Murmur»: Itoizko urtegiaren azpiko xuxurlak, album ilustratu batean XVIII. Peru Abarka Album Lehiaketa irabazi dute Ane Labakak eta Raquel Samitierrek. "Murmur" izeneko album ilustratua ondu dute, Itoizko urtegiaren ondorioz desagerrarazitako herrien istorioa. Bertatik alde egin behar izan zuen ama eta honen alaba dira protagonistak, eta beraien inkomunikazioa. Raquel Samitier eta Ane Labaka Mayoz, «Murmur» album ilustratuaren egileak. (Jagoba MANTEROLA | FOKU) IRAITZ MATEO DONOSTIA Deigarria da Ane Labakak eta Raquel Samitierrek plazaratu berri duten album ilustratuaren izenburua: "Murmur". Liburu osoan behin soilik agertuagatik ere, adiera asko ditu hitzak, eta batzuk aipatu zituzten atzoko aurkezpenean. «Hasteko eta behin, liburu bat da ‘Murmur’", maitasun handiz ondu duguna», azaldu zuen Labakak. Hiztegiaren arabera, marmarra, murmurioa edo xuxurl" esan nahi duela argitu zuen. «Liburuan zehar badago lur azpiko erreka moduko bat, nahita bilatutakoa», hori ere bada murmurra. «Aspalditik buruan nuen Itoizko urtegiaren ondorioz desagertutako herriei buruzko zerbait egitea», adierazi zuen; eta liburuko protagonista den Iratiri bezala, irratia entzutean buruak klak egin zion Labakari ere, ikerketa antropologiko baten berri jakin zuenean. Hala ere, badaude murmur gehiago; horietako bat da ama alaben arteko isiltasun, esanezina, ulertu ezina edo inkomunikazioa. «Sormena, bere txikian, eragiteko tresna» bat bezala bizi du idazleak, eta geruza horietan ere keinu ezberdinak egin ditu. Adibidez, kontatu zuen, ur azpian geratutako lekuak aipatzean, azpimarra egin duela urpean geratutakoak ahanzturak irentsi zituela, eta bereziki emakumeek habitatutakoak, garbitokiak esaterako. Borrokaren inguruko beste iruditeria bat sortzeko ahalegina ere egin du. IRUDIA Narrazioa irakurtzean, testua oso interesgarria, intimoa eta pertsonala iruditu zitzaiola onartu zuen Samitierrek, eta, aldi berean, aberastasun literario handikoa: «Testu hain irekia izateak irudimena zabaltzea ekarri zuen». Irudia sinplea dela adierazi zuen Samitierrek, errealismoarekin kontrastatzen duena eta «emozioen munduarekin» lotura handia duena. «Estiloa, kolorea eta konposizioak ezaugarri intimistarekin bat egiteko pentsatuta dago», esan zuen ilustratzaileak, eta batez ere eskuzko teknikak erabili dituela aipatu zuen: ikatza eta tinta akrilikoa. «Ikatzaren zuri beltzak argazki zaharrak gogorarazten ditu, gertakari historiko batenak. Eta tinta urdinak kontrastea bilatzen du. Tinta akrilikoak ura du bere baitan, istorioak bezala, eta urdinak tristura sinbolizatzen du», iradoki zuen. MAMUAIlustrazioak egitean, testuan ez zegoen pertsonaia bat sortu zuen Samitierrek: Murmur. Silueta misteriotsu bat da, Itoizko urtegiko uretatik jaiotzen dena eta protagonistari laguntzen diona. Herria utzi beharraren trauma adierazten du, iraganeko mamu bat bezalakoa da.