GARA Euskal Herriko egunkaria
HIRUGARREN GOLDEN TRAIL SERIES ZIRKUITUAN
Elkarrizketa
MALEN OSA ANSA
Mendi korrikalaria

«Nire bertsiorik onena topatu nahi dut zazpi-hamar urtera»

Malen Osa Ansa (Oñati, 2002) mendi korrikalaria hirugarren geratu da Golden Trail Series zirkuituan. Oñatiarrak esan du entrenatu den guztiarekin, «lasterketa batzuetan maila hobea» eman zezakeela. Hala ere, oso pozik dago, ez bakarrik emaitzengatik, baita «profesional izateko faktore basikoak finkatu» dituelako ere. Orain, mendiko eskian lehiatuko da.

(Iñigo URIZ | FOKU)

Exijentzia maila altua du Malen Osa Ansa mendi korrikalariak. Golden Trail Series zirkuituko sailkapen orokorrean hirugarren geratu den arren, gehiago eman zezakeen sentsazio «gazi-gozoarekin» geratu da, ikusita entrenamenduetan «oso indartsu» sentitu dela. Hala ere, oñatiarrak aitortu du lortutakoa «sekulakoa» dela, eta aurrerago, «balio handiagoa» emango diola.

Zegama-Aizkorrin lortutako bigarren postua izan da lorpenik handiena. Estreinakoz korritu zuen etxeko lasterketa, eta aurrenekoz aritu zen maratoiko distantzian. Datorren denboraldian ere ia ziur Zegaman egongo dela adierazi du. Etorkizunera begira, maratoi distantziak asko motibatzen du Osa, erosoago sentitzen baita «erritmo konstante batean, esplosiboagoetan baino». Gainera, mendian «ordu asko» sartzea gustuko du.

Jada Euskal Herrian bueltan?

Bai, apur bat buruari eta gorputzari merezi duten deskantsua ematen. Bizpahiru aste lasai samar hartuko ditut hemen. Urtea oso luzea izaten da. Prestakuntza sakon batekin hasten gara denboraldiaurrean. Gero, lehian martxoan hasi nintzen, eta ordutik gelditu gabe ibiltzea izan da. Entrenamendu ordu asko, eta buruari ere deskantsatzeko aukera gutxi. Oso beharrezkoa da denboraldi bukaeran bai gorputza, bai burua, lasai uztea. Gorputza kontziente denean benetan geldialdi bat datorrela, orduan ekartzen dizkizu min, kolpe eta neke denak. Joan den astean nahiko nekatuta sentitu nintzen, baina pixkanaka gero eta hobeto nago. Berriz gogotsu datorrenari begira.

Bizpahiru aste lasai hartuko dituzu, baina hemendik bi asteburura Alpeetara zoaz, ezta?

Bai, nahiko ipurtarina naiz. Joan den urtean eskiari lehenengo aukera eman nion, eta ikusi nuen uste baino askoz hobeto joan zela. Aurten asmoa dut neguan mendi eskiko denboraldi bat egiteko. Poliki-poliki hasiko naiz, eta ikusiko dut noraino helduko naizen, baina lehen helburua jada lau aste barru dut, Tignesen (Alpeak), asmoa delako abenduan lehen Mundu Kopako lasterketen egotea Espainiako selekzioarekin. Horretarako, datorren astean Alpeetara joango naiz, zapatilak eskiengatik aldatzeko. Gogotsu nago.

Bi kirol horiek bateragarriak dira, behintzat, ezta?

Bai, eta badago jendea esan didana: ‘Bi denboraldiak egitea ez da larregi izango?’. Dortsala beti da dortsala eta presioa hor dago, baina gorputzari ematen diozun exijentzia aldetik bi kirol oso desberdin dira. Eskiak ez du inpakturik, eta beste jende batekin lehiatzen zara. Bai, lehiatzen jarraitzen duzu, baina era oso desberdin batean. Gainera, oraindik nahiko berria naiz eskian, eta ez dut sentitzen agian mendian dudan presioa edo anbizio maila berdin hori. Gainera, oso aberasgarria da mendiari begira. Helburu nagusia mendian korritzea da, baina joan den urtean ere konturatu nintzen eskia udara begira oso aberasgarria dela entrenamendu aldetik.

Zertan nabaritzen duzu on egiten dizula eskiak mendian korritzeko garaian?

Batez ere, oso erraza da bolumen handietan entrenatzea, eta hori gero aprobetxatu daiteke mendian korrika bolumen handiagoak sartzen hasteko. Eta, zer esanik ez, eskiak elurra eskatzen duenez, askotan altueran entrenatzen zara, eta horrek onura asko dakartza errendimenduari begira. Batez ere, igoeretan hobetzen duzu, igoeretarako duzun gaitasun fisikoa asko hobetzen da. Udara trantsizioa egiteko momentuan, gorputzak askoz erraztasun handiagoa du, batez ere igoeretan.

Mendi korrikara pasatuta, azken lasterketa Suitzan izan zenuen, Golden Trail Series zirkuituko finala. Sailkapen orokorrean hirugarren geratuta, gustura amaitu duzu?

Bai, uste dut oraindik ez diodala eman merezi duen meritua emaitzari. Nazioarteko panoraman dagoen zirkuitu prestigiotsuena da, dudarik gabe maila handiena dagoen zirkuitua da. Zirkuituan hirugarren egitearena orain dela urtebete esan bazenit, ez nuen sinetsiko. Oso-oso harro eta oso pozik nago, azkenean sailkapenean hirugarren postua lortzeak eraman nauelako urte osoko konstantziara. Hemendik urte batzuetara balio handiagoa emango diot, baina ezin diot askoz gehiago eskatu neure buruari.

Esaten duzu balioa geroago emango diozula lortutakoari. Zer gehiago eskatzen diozu zeure buruari?

Oso exijentea naiz neure buruarekin, eta batzuetan gehiegi. Goldenetako hirugarren postu hori baino gehiago ezin diot eskatu neure buruari, gainetik begiratuta. Gehiago da lasterketa zehatz batzuetan maila hobea eman nezakeela, ikusita nola entrenatu naizen. Aurten entrenamenduetan izan dudan garapena ikusgarria da, eta oso-oso indartsu sentitu naiz. Beti nahi dugu entrenamenduetako maila berdina edo hobea erakutsi lasterketetan, eta batzuetan errezeloa izan dut ez dudala lortu; hori izan da apur bat gazi-gozo geratu zaidana. Baina orokorrean Goldenetako hirugarren postua sekulakoa da, eta oso pozik.

Pentsatzen dut eskarmentuarekin gero eta hobeto egingo dituzula lasterketak.

Bai, askotan maila bat duzu eta beste faktore batzuk daude, ezin dituzunak kontrolatu edo esperientziak erakusten dizkizunak. Uste dut poliki-poliki hori ere ikasten nabilela, eta seguru errendimenduari begira entrenamenduei zuku gehiago ateratzen ikasiko dudala.

Finalean atzetik aurrera egin zenuenez, arriskuan ikusi zenuen sailkapen orokorreko hirugarren postua?

Garbi nuen nire lasterketa egin behar nuela, eta jendea oso-oso azkar atera zen. Bederatzigarren postu batek ez du beste munduko emaitzarik ematen, baina begiratuz gero, lehen hamarren artean egon zen denbora desberdintasuna oso txikia izan zen. Hori orain dela pare bat urte ez zen pasatzen. Oso garrantzitsua da kirolarentzat ikustea maila gero eta handiagoa dela eta xehetasun txiki bakoitzak inporta duela. Oso pozik nago errendimenduarekin; egia da bukaeran lauzpabost kilometro falta zitzaizkidala beste pare bat edo hiru korrikalari harrapatzeko, baina urtean izan dudan errendimendu onenetarikoa izan da.

Pentsatzen dut Zegama-Aizkorri zela bereziena.

Bai, egun hori apur bat ametsa izan zen. Egutegian lasterketa batzuk dituzu agian emaitza aldetik aukeratzen dituzunak, eta Zegama zen gehiago disfrutatze aldetik edo esperientzia aldetik aukeratu nuen lasterketa bat. Gero sorpresa etorri zen, emaitzarik onena lortu dudan lasterketa izan delako. Emaitzaz harago, eguna zoragarria izan zen, asko-asko gozatu nuen etxeko mendietan, eta etxeko jendearekin. Kostako zait lasterketa hori ahaztea.

Distantzia luzean korritu duzun bakarra izan da. Nola ikusi zenuen zeure burua?

Egia esan, ondo. Uste dut lehen maratoia izateko lasterketaren kudeaketa oso-oso on bat egin nuela. Egia da kontziente naizela distantzia hori gustatzen zaidala, eta batez ere, distantzia horrek eskatzen duen entrenamendu mota. Mendian ordu asko sartzea asko gustatzen zait. Agian erritmo oso esplosiboetan baino, erosoago sentitzen naiz erritmo konstante batean, eta etorkizunera begira asko motibatzen nauen distantzia bat da. Aurten beste saltotxo bat emango dut, eta agian maratoi bat baino gehiago sartuko dut egutegian, baina ez dut gura azkarregi joan ere; oraindik 20-30 kilometro inguruko lasterketetan nahi dut enfokatu nire egutegia.

Oraindik 21 urte dituzu. Orain dela bi urte Madeiran eman zenuen ezustekoa, eta ordutik bi denboraldi osatu dituzu. Urte gutxian sekulako bidea egin duzu.

Bai, uste dut progresioa sekulakoa izan dela, «beldurgarria», batzuek esaten didaten moduan. Asko gozatu dut, eta esan dizudan moduan, joan den urtetik hona progresio oso indartsu bat ikusi dut, ez bakarrik emaitzetan, baita profesionala izateko beharrezkoak diren faktore oso basiko batzuk finkatu ditudalako ere. Oso motibatuta nago, zuk esan bezala, oso emaitza onak lortzen ari naizelako oso gazte, baina entrenatzailearekin eta atzean dudan talde guztiarekin epe luzera nabil lanean. Urteroko hobekuntza topatu nahi dut, baina batez ere nire bertsiorik onena topatu nahi dut hemendik zazpi-hamar urtera. Hori da helburua, onenekin ahalik urte gehien egotea, eta uste dut bide onetik noala.

Denboraldia, kirol emaitzez harago, zaila izan da zuretzat pertsonalki. Kirolak lagundu dizu ihesbidea izaten?

Bai, dudarik gabe. Azkenean urte oso gogorra izan da, batez ere azken lau hilabeteak, eta kirola erabili dut konfort zona moduan, eroso sentitu naizen toki moduan, motibazio moduan, eta aurrera egiteko arrazoi nagusia izan da. Egia da momentu batzuetan hainbeste enfokatu naizela kirolean, agian nire buruari gehiegi exijitu diodala, kontuan eduki gabe zer nenbilen pasatzen eta zertatik nenbilen pasatzen. Dudarik gabe, aurten nire profesio honek edo bizitzeko modu honek asko lagundu dit.

Datorren denboraldiari begira, zer asmo dituzu mendi korrikalari gisa?

Oraindik ez dut guztiz zehaztuta egutegia, eta denbora asko eramaten du horrek. Azkenean oso garrantzitsua da. Estrategikoki begiratu behar duzu, osasun aldetik ere bai, gehiegi lehiatzea ere ez delako ona. Printzipioz, helburu nagusia berriz ere Goldenak izango dira; berriz nahi dut borrokan egon sailkapen orokorrean aurreko postu horietan. Horretarako, oraindik ez dut guztiz seguru, baina Zegaman egongo naiz berriz; beste aukera bat emango diot neure buruari, eta helburua izango da hobetzea eta aurreko urtean bezainbeste gozatzea. Horrez gain, Goldenetarako beste hainbat lasterketa egingo ditut sailkapen orokorrerako.

Bestalde, datorren urtean badut beste helburu oso garrantzitsu eta berezi bat: Munduko Txapelketa. Canfrancen jokatuko da. Atletismo Federazioak antolatzen du. Bi urtean behin ospatzen da, eta aurten etxean izango da. Jakan etxea dut eta nire bigarren etxea bezala da. Bertako mendiak oso ondo ezagutzen ditut eta oso berezia izango da niretzat. Maratoi distantzian parte hartzeko asmoa dut. 45 kilometro dira, baina oso maratoi gogorra da, eta nesketan ia sei ordu iraungo du lasterketak. Erronka polita izango da. Horretarako, denboraldian zehar beste lasterketa batzuetan maila ona erakutsi beharko dut Espainiako selekzioan hautatua izateko. Printzipioz, egutegia bi helburu nagusirekin banatu dut: Goldenak, alde batetik, eta Munduko Txapelketa, bestetik.

Azkaingo mendi lasterketan parte hartu duzu; aurten izan da azkena. Dortsalen prezioa igo dela, mendi lasterketek iragan batean zuten balioa galdu dutela edo balio horiek galdu egin direla; horren inguruan zer iritzi duzu?

Pena da; sekulako lasterketa da. Gainera, egun horretan nahiko sentsazio gazi-gozoekin amaitu nuen lasterketa. Antolakuntza bakoitzak erabakitzen du zeri ematen dion garrantzia, eta zeri ez. Askotan bai, mendi lasterketen beste bide bat hartzen ari dira eta gauza asko aldatzen ari dira. Baina esango nuke oro har kirolaren mesederako izaten ari dela. Profesionalak gara eta kirol hau profesional izatea nahi dugu, eta horretarako, diru gehiago hartzen ari da, mediatikoki sekulako bonboa ematen ari zaio, eta bai, beharbada hasierako balio herrikoi horiek galtzen ari dira, baina beste gauza batzuk irabazten ari gara. Beste edozein kiroli erreparatzen badiozu, horrela funtzionatzen du denak. Uste dut momentu batzuetan bihotza hotz izan behar dugula, eta ikusi behar dela kirolaren mesederako dela. Gauza batzuekin ez nago ados, baina orokorrean uste dut positiboa dela hartzen ari den bilakaera hau.