2024 AZA. 01 «Ni ez naiz Egoitz! Ni Erreka Mari naiz!» aldarrikatu zuen haurra oholtzara igo da Nahaste-borraste ederra zuen buruan gure protagonistak 90eko hamarkadan: Telebistako «mama chicho»-en hipersexualitatea, Lola Floresen kantak, Txotxongilo taldearen euskal mitologia... Oholtza gainean, Egoitz Sanchez. Bere haurtzarora itzuli da «Erreka Mari» monologoarekin, normatiboak ez diren haurrak omentzeko. Egoitz Sanchez, iraganari begira. (EGOITZ SANCHEZEK UTZITA) AMAIA EREÑAGA BILBO Literaturan “erreka-nobelak” dauden bezala, hau “elkarrizketa-erreka” gisa definitu daiteke. Uda hasieran jarri genuen lehen hitzordua Egoitz Sanchez (Donostia, 1985) aktorearekin, Bilboko BBK aretoan “Erreka Mari” izeneko monologoa aurkeztu zuenean. 90eko hamarkadako Euskal Herriko giro “zapaltzailean” girotutako “autofikzio queer” honetan, barbieak maite dituen mutikoa da Egoitz. Horrek dakarrenarekin. Abenduan estreinatutako antzezlan hau beste lan batzuekin tartekatu du eta, udan lortu ez genuenez, ordutik hitzordu bat lotzeko zenbait saio kateatu ditugu: irailean, Zinemaldian lan egiten zuela eta, atzeratu egin genuen; gero, Bartzelonara zihoalako -urri hasieran La Dramatica Errante konpainiarekin Romea antzokian egon da, “Altsasu” lan sakon eta polemikoa antzezten-, eta orain Maria Goyrizelaia zuzendariaren hurrengo antzezlanaren entseguetan dabilelako. Une honetan “Adiorik ez” prestatzen ari da, urtarril bukaeran Arriaga antzokian estreinatuko den dramaturgo eta zuzendari bilbotar honen lan berria. Bien bitartean, zorionez, “elkarrizketa-erreka” hau portura iritsi da. Telefonoz, hori bai, Egoitz Sanchez Madrilen bizi baita. Baina asteburu honetan “etxera” itzuliko da, Donostiako Antzoki Zaharrean “Erreka Mari” bakarrizketaren bi emanaldi egingo baititu, hilaren 2an eta 3an. «Oso antzoki kuttuna da. Antzezlanak, gainera, hemengo osagai asko ditu, nire txikitako iruditeria guztia Donostiatik atera dudalako», aitortu du. Bere haurtzaroari tiraka eta queer teoriaren galbahetik pasatu ondoren atera da “Erreka Mari”, Hans Christian Andersenen “Sirenatxoa” eta euskal mitologiako azken laminaren arteko bidegurutzean: «Omenaldi pertsonala da, ni izan nintzen ume txikiari, ni bezalakoak ziren ume txikiei eta etorkizuneko ume guztiei egiten diedana. Gure asmoa zen erreparazio gune bat sortzea. Eta jorratzen diren gaiak oso mardulak diren arren, dinamismo, poztasun eta argi asko dago funtzio honetan», aitortu du. Zein izan zen hastapena? «Bideo bat bilatu nuen. Nire lagun Lideren urtebetetze festan bere amak bere jantzi zahar guztiak ateratzen zituen eta gu denok mozorrotzen ginen. Eta ni nintzen ‘jaiko erregina’. Bideoan kristoren imintzio sexualak egiten nizkion kamerari, inongo lotsarik gabe, eta Lola Flores imitatzen nuen... momentu batean, Lideren aitak, grabatzen ari denak, deitu egiten nau: ‘Egoitz!’ . Eta ni: ‘Ni ez naiz Egoitz, ni Erreka Mari naiz!». Geruza asko daude hemen. Beste bat, hizkuntza: «Euskarazko bertsio hau elebiduna dela esan daiteke; gaztelaniazko zati bat tartekatu dugu, ni jaio eta hezi nintzen testuingurua islatu behar zelako. Aitak ez zekien euskaraz; ama eta amaren familia osoa, ordea, euskalduna zen. Ez dugu spoilerrik egingo, baina aitak, une batean, euskara ikasi behar duela erabakitzen du». HEZIKETA«Ume batek jasotzen duen heziketa sentimentalak eraikitzen du bere identitatea. Hemen aldarrikatu nahi duguna zera da, gu geu izateko eskubidea», esan du Egoitz Sanchezek. DONOSTIAN90eko hamarkadako Euskal Herrian girotutako autofikzio «oniriko-kopleroa eta queer-a» da «Erreka Mari». Larunbat eta igandean emango dute euskaraz Donostiako Antzoki Zaharrean.