2024 AZA. 02 Eneko Goia eta Imanol Lasa ez dira GBB zuzentzeko lehiatuko Maria Eugenia Arrizabalaga da Gipuzko Buru Batzarrerako presidentegai bakarra; Eneko Goiak eta Imanol Lasak uko egin diote prozesuan jarraitzeari. Donostiako alkateak bederatzi udal antolakunderen babesa zuen orain arte Joseba Egibarrek betetako postua betetzeko. Eneko Goia, aste honetan Donostiako udaletxean egindako politika orokorreko urteko osoko bilkuran. (Jon URBE | FOKU) GARA DONOSTIA Ez Eneko Goia, ez Imanol Lasa ez dira Gipuzkoa Buru Batzarra zuzentzeko lehian sartuko. Beraz, Maria Eugenia Arrizabalaga da gaur egun Joseba Egibarrek betetzen duen kargura iristeko gelditzen den hautagai bakarra. Donostiako alkateak bederatzi udal antolakunderen oniritzia zuen postu horretara ailegatzeko. Ostegunean iragarri zuen Iñaki Iriondo GARAko kazetariak Goiaren erabakia, galdera bat planteatuz: «Zer pentsatuko dute babestu duten bederatzi udal antolakundeek?». Izan ere, berarengan jarrita zeuden begirada asko. Hiriburuko lau batzokietatik hirutan aukeratu zuten, baita Eibar, Pasaia, Oiartzun, Usurbil, Villabona eta Zegaman ere. Baieztapen ofiziala falta zen, eta Eitb.eus-ek egin zuen atzo. Lasaren izena GBBko zuzendaritzako kide izateko zerrenda ofizialean ageri da eta bere kasuan hurrengo txandara igarotzea onartu duela azaldu zuen hedabide publikoak. 33 urteren ondotik, GBBko presidente izateari utziko diola iragarri zuen Egibarrek, eta orduan hasi zen EAJren Gipuzkoako zuzendaritzaren buru izateko pertsona hautatzeko bidea. 1959an jaioa, 16 urte zituelarik afiliatu zen EAJn eta 1985ean Lakuako Gobernuan hasi zen lanean. Araban eta Bizkaian bezala, Gipuzkoan ere abian da zuzendaritza batzorde osoa aldatzeko prozesua. Nafarroan eta Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoan, berriz, Unai Hualdek eta Peio Etxelekuk jarraituko dute buru gisa, hurrenez hurren. EZTABAIDA IREKI BATEN ESKEA Jakin zenez, Bizkaian Euzkadi Buru Batzarreko hiru idazkari ohik -Josu Bergara, Belen Greaves eta Ricardo Ansotegi- dokumentu bateratu bat sinatu dute, BBB zuzentzeko hautagaien artean eztabaida ireki bat eskatuz militantzia guztiari. Barne karguak hiru legealdi baino gehiago ez luzatzea ere proposatzen dute testuan. Araban, Gorka Urtaran Gasteizko alkate ohiak ABBren buru izateko saiakeran aurrera egitea erabaki du, «eraikitzeko eta batzeko» asmoz eta «inoren kontra egin gabe». Eitb.eus-ek berri eman zuenez, jelkideek bere alde egin dute. «Gutun hau idazten dugunok ziur gaude Gorka Urtaran dela Araban EAJ zuzentzeko hautagai egokiena», diote idatzi batean. «Etorkizuna saretzeko aukera ematen digun aldaketa prozesu batean gaude. Batasunetik eta adostasunetik lor dezakegu, guztion parte-hartzea sustatuz, elkarrizketa eta eztabaida tarteko. Urtaranek konpromisoa du alderdiarekin, Arabarekin eta Euskadirekin. Pertsona zein politikari gisa hazi da, duela 130 urtetik bereizten gaituzten balore eta printzipioekin». URTARAN, AURRERAAraban, Gorka Urtaran Gasteizko alkate ohiak ABBren buru izateko saiakeran aurrera egitea erabaki du, «eraikitzeko eta batzeko» asmoz eta «inoren kontra egin gabe». Jelkideek bere alde egin dute.