2024 AZA. 03 PRESIDENTETZARAKO HAUTESKUNDEAK AMERIKETAKO ESTATU BATUETAN Autoritarismo erreakzionarioena geldiarazteko ordua Edozein hauteskunderen atarian, «alea iacta est», «hauteslekuetara joatea baino ez da falta» eta antzekoak esan ohi dira. AEBetan, hauteskunde egunerako 48 ordu falta diren honetan, hautetsontziak oso beteta daude dagoeneko. 70 milioi lagun inguruk bozkatu dute jada posta bidez edo aurretiaz irekita dauden bozkalekuetan. Horrek bakarrik, bere horretan, astearte gaueko zenbaketa zailduko du. (Andrea RENAULT | EUROPA PRESS) Urtzi URRUTIKOETXEA Pandemiak bultzada nabarmena eman zion aurrez bozkatzeari, eta aurten ere hala gertatzen ari da. Donald Trumpek iruzur-salaketak egiteko orduan ere posta bidezko eta aurretiazko botoari egotzi die ardura, baina zuhur jokatu du aurten 2020koa ez errepikatzeko: irabaziz gero, aurrerantzean egunean bertan bakarrik bozkatuko dela dio, baina orain horrela ez denez, aurretiazko botoaz ere baliatzeko esaten die bere jarraitzaileei. Funtsean, edozein hautagairentzat oinarrizkoa behar luke: bozkatzeko edozein aukera baliatu, zure jarraitzaileren batek hauteskunde-egunean bertan botoa ematerik ez balu ere. Zer gertatuko den etzi? Oso zaila da esaten. AEBetako sistemaren arabera 270 hauteskunde-ordezkari (electoral college) behar ditu irabazleak, eta ia ziur irabaziko dituzten estatuei erreparatuta, 226 ditu ziurtatu samar Kamala Harrisek, eta 219, Donald Trumpek. Horrek ez du esan nahi demokrata aurretik dagoenik: 270era iritsi ezean, Kongresuak erabakitzen du presidentea nor izango den (ez da inoiz gertatu). Etzi begiratu beharreko lehen gauza izango da bakoitzak esperotako estatuak irabazten ote dituen. Harrisek Virginia edo New Hampshire ez irabaztea, kasu, erabateko porrotaren aurrekari litzateke; are gehiago, Trumpek Floridan porrot egitea. Ia ziurra da horietan esperotakoak irabaziko duela. Lehian geratzen diren zazpi estatuetan ere, Michigan eta Wisconsin Harrisentzat izatea, eta Ipar Carolina Trumpentzat, ia ezinbesteko dira. Ez zaie aski, horiek irabazita ere gal dezakete presidentetza, baina horiek gabe, ziur. Beste hainbeste esan liteke Georgiari buruz, baina hautagai bat nabarmen gailendu ezean, litekeena da zenbaketa auzitegietan katramilatzea datozen egunetan. Pennsylvanian beste hainbeste gerta liteke. Demokraten apustu nagusia, hasieratik, Wisconsin, Michigan eta Pennsylvania irabaztea izan da. Horiekin, bost axola beste laurak errepublikanoentzat diren; 270-268 irabaziko lukete. Zenbait adituk garaipena itxuraz dirudiena baino handiagoa izango dela iragarri dute; irabazleak ziurrenik zazpi estatuetako gehienak bereganatu, eta 300 ordezkariren ingurura iritsiko dela. Litekeena da: Trumpek Hillary Clintonek baino ia hiru milioi boto gutxiago lortu zituen, baina 30 estatutan gailendu zen eta 304 hauteskunde-ordezkari izan zituen. 2020an 25na estatu irabazi zituzten Bidenek eta Trumpek, baina 306 hauteskunde-boto izan zituen demokratak, biztanle gehiagoko estatuak zirenez. Trumpek bere boto-emaileen oinarria aspaldi ziurtatuta dauka. Ezaguna da errepublikanoaren esaldia: (New Yorkeko) «Bosgarren Etorbidean norbaiti tiro eginda ere, ez nuke botorik galduko», eta arrazoi du neurri handi batean. Hauteskundeak, baina, ez dira zurekiko leial direnekin bakarrik irabazten. Are gehiago, zalantzan daudenek erabakiko dute nor joango den Etxe Zurira. Zalantzati horien artean gutxi dute errepublikanoek irabazteko, azken orduko ustekabe erraldoirik gertatu ezean. Demokratek, bai. Prozesuak berak hiru hilabeteko maratoi amaigabe batera eraman du Harris, uztail amaieran Bidenek hautagaitza utzi zuenetik. Asteon bertan, oraindik, bere burua ezagutarazi behar zuela gogorarazten zuen Harrisek. Behin eta berriz errepikatu du bere oinarri apala, amarekiko hitz goxoak, Kaliforniako Oakland inguruko zaintza-sarea, fiskal gisa ahulenen alde egindako lana eta, era berean, emakume gogorra izaten dakiela. Une gorena irailaren 10ean izan zuen, Trumpi argi eta garbi nagusituta aurrez aurreko eztabaidan. Geroztiko zazpi asteetan, baina, galdutako tartea berreskuratzen joan dira errepublikanoak, demokratak urduri jartzeraino. Trumpen Etxe Zuriko taldeburu izandako militarrak Trump «faxista» zela esatean, adierazpenekin bat egin zuen Harrisek. Hala pentsatzeko motibo asko daude, eta agerian utzi ditu Trumpek: AEBetan bizi diren milioika lagun atxilotu eta kanporatzeko asmoa agertu du, Texasko mugaldean kontzentrazio-esparruen itxura handia duten atxilotze-guneak iradokiz, armada «barneko etsaien» aurka erabiliko duela esan du, balizko etsai horien zerrendak dituztela erantsi du, aurkari politikoekin hasi eta hauteskundeetan lan egingo duten funtzionarioetaraino. MEHATXU TOTALITARIOA HOR DAGO, EZ DUTE EZKUTATZEN Edozelan ere, demokratek ikusi dute beldurraren mezu horrek ez dakarkiela uste bezainbat onura, eta duela egun batzuk izandako protagonismoa kendu diote gaiari. Batez ere, Trumpek emakumeei kendutako eskubideak itzultzeko aukera da landu dutena. Ahalduntzeko aukera, beldurrarena baino gehiago. Botoa mobilizatzeko eraginkorragoa dirudi. Kanpotik begiratuta, ezkerreko begirada batekin eta Gazan eta Libanon gertatzen ari denak higuinduta, ulergarria da, beti Israelen aldamenean egotea hitzeman duten bi hautagaien artean, bien aurka agertzea. Atzerriko begirada hori askoz txikiagoa da Estatu Batuetan; hemen jendeak «etxeko» arazoen arabera bozkatu ohi du: ekonomia, osasungintza, etxebizitza eta abar. Badago Ekialde Hurbileko egoerak gidatuta mugitzen den sektore bat ere; batzuen kasuan, oso gertu sentitzen dutelako hondamendia, eskualdean bertan daukatelako jatorria. Beste batzuetan, bere burua ezkerrean kokatzen dutenengan oro har, gutxieneko marra gisa ikusten dutelako Israelen krimenak salatzea. «Eta, hala ere...» argudiatzen dute ideologikoki esparru berean kokatzen diren beste askok, ordea. Oso kritikoak dira Etxe Zuriak eta Alderdi Demokratak, Joe Bidenek zein Kamala Harrisek, Israelekin duten jarrerarekin, baina haren alde bozkatzea eskatzen dute. Gakoa da «Donald Trump askoz txarragoa» dela. Baliteke hori aski motibo ez izatea zure botoa irabazteko lanik hartu ez duen hautagai baten alde egiteko. «Zazpi egun geratzen dira. Irabazi gure botoak. Arma-enbargoa» eskatu zuten astearte gauean Harrisen ekitaldiaren amaieran Etxe Zuriaren kanpoaldean egindako protestan. Beste batek «Kamalari gehiago eskatu, edo Jill Steinen alde bozkatuko dugu» zioen pankarta zeraman. Stein Alderdi Berdeko hautagaia da. Ez du presidente izateko aukerarik, baina adi ibili beharko zenbat boto lortzen dituen, Michiganen esaterako. AEBetako arabiar komunitate handiena duen herrialdean ez dira gutxi haren aldeko botoa emango dutenak. 2016an, 4,5 milioi lagunek bozkatu zuten demokrata ala errepublikano eta hamaika mila botoko aldea atera zion Trumpek Clintoni. Berdeen hautagaiak 51.000 boto izan zituen. Hau da, beti egongo da haren alde bozkatuko duen talde bat. Baina hautu hori nolakoa den eta, batez ere, demokratek Michigan irabaziko ez balute, ondorioa eta hausnarketa oso desberdina izango da. Mehdi Hassan kazetari ezagunak Harrisek Israelen alde jaurtitako mezuak behin eta berriz salatu baditu ere, haren alde bozkatu behar dela uste du. Are gehiago, Steini egindako elkarrizketan oso estu hartu zuen, Palestinaren aldeko jarrera txalotu eta genozidioa salatzen zuen bezala, Vladimir Putin gerra kriminala ote zen argitzeko eskatu zionean. Demokratek salatu dute Berdeen kanpaina errepublikanoen inguruko sektoreek hauspotu eta finantzatu dutela, Kamala Harrisen aldeko botoak hartuko dituelakoan. Estatu Batuetan posible dira horrelakoak, lehen ere demokratek primario errepublikanoetan hautagai muturrekoenaren alde egin izan dute, hauteskundeetan kontserbadore moderatuago batek baino aukera gutxiago dituela jakinda. Trumpen jarraitzaile bati «ea zure beeper-ak eztanda egiten dizun», esan dio zuzenean Hasan Mehdiri egunotan CNNn (berehala kanporatu zuten, eta barkamena eskatu zion aurkezleak Mehdiri). Horren harira azaldu du Harrisekiko jarrera kritikoa: «Moralki galtzea merezi du, uko egin diolako Gazari buruz milimetro bat mugitzeari, baina orduan Trumpen presidentetza izango dugu, supremazista zuri, beltzen aurkako presidentetza bat, antisemita, islamofoboa; ez dute ni bezalakoen aurka soilik egingo, zure eskolako atarian egongo dira, zure saltokian, horrelako gauzak zuri ere esaten. Atzerri politikaren buru ere izango dira, Israel eraso gehiago egitera animatzen, etxean eta kanpoan are arrazistago eta bortitzago». Bernie Sanders senatari ezkertiarra da Harrisen aldeko boto kritikoa eskatzen dutenetako beste bat. «Ulertzen dut milioika estatubatuar ez daudela ados Harris presidenteordearekin Gazako gerra izugarriari buruz. Ni naiz horietako bat. Baina gai honetan ere Trump eta bere lagun eskuindarrak okerragoak dira», adierazi du. Sandersek gogorarazten die Kongresuan laguntza humanitarioaren aurka ere bozkatu dutela, eta palestinarren garbiketa etnikoa ere bultzatzen dutela, beste herrialde batzuetara kanporatu eta Israelek kolonizatu dezan Gaza iparraldea. «Ez da harritzekoa Netanyahuk Trump nahiago izatea». Sandersek Trumpek dakartzan gainerako arriskuak oroitarazi ditu; alegia, estatubatuarren langile-eskubideei, osasungintzari eta eskubide erreproduktiboei dagozkienak. Etzi ez bada, datozen egunetan jakingo dugu faxismoa Etxe Zurira sartzen den. Zalantzan zeuden puertorricarren ustekabeko azken orduko bultzada izango dute demokratek hori eragozteko. Sekulako mobilizazio antifaxista beharko da, eta neska gazteen, andre helduen eta adineko emakumeen eskutik etorriko da. Hori bai, hauteskundeak irabazita ere, inoiz ez bezala defendatu beharko dute demokrazia, emaitzak emaitza beren asmo totalitarioak inposatzeko prest dauden eskuin muturrekoen aurrean. Atzerriko begirada hori askoz txikiagoa da Estatu Batuetan, hemen jendeak «etxeko» arazoen arabera bozkatu ohi du: ekonomia, osasungintza, etxebizitza eta abar Bernie Sanders senatari ezkertiarra da Harrisen aldeko boto kritikoa eskatu dutenetariko bat. «Ulertzen dut milioika estatubatuar ez daudela ados Gazako gerrarekin. Baina gai honetan ere Trump eta bere lagunak okerragoak dira»