2024 AZA. 03 PILOTA Elordiri bere botikatik emanda, erraz egin du finalerdietarako bidea Lasok Saketik sei tanto eta sake-errematetik beste bat lortuta, Bizkarreta-Gerendiaingoa 9-0 aurreratu zen 30 pilotakada eskasetan eta aukerarik txikiena ere ez zion eman mallabitarrari. Altunak Zubizarretari 13 tanto egiten badizkio, bera izango du aurkari. Amorruz ospatu zuen finalerdietarako berriz sailkatzea Unai Lasok. (Iñigo URIZ | FOKU) Jon ORMAZABAL Iazko hutsunearen ostean -aldakako ebakuntzatik osatzen ari zen-, indarrez itzuli da Unai Laso Lau eta Erdiko finalerdietara, partida erabakigarrian Aitor Elordiri bere botikatik koilarakada on bat emanda. Txapelketako sakatzailerik onena bezala azaldu zen mallabitarra kanporaketa itxurako partidara, baina epailearen txapa alde izanagatik, Unai Lasok lehen tantotik bere armarik eraginkorrena kendu zion bizkaitarrari eta harekin argitu zuen bidea. Gauzak normal, Jokin Altunak behar luke erroibartarraren aurkaria, baina horretarako amezketarrak 13 tanto egin beharko dizkio Zubizarretari gaur Donostian. Duela bi urte egungo kaiolako txapeldunak utzi zuen Elordi finaletik kanpo, orduan ere saketik mina eginda, baina aurtengoan lehen pilotakada are erabakigarriagoa izan zen, txapelketa osoan bezala. Sakeak ekarri du, neurri handi batean, Elordi honaino, baina sakeak esnatu zuen txapelaren ametsetik. Hasteko, errestoan bikain aritu zelako Baikoko aurrelaria. Zitala izan zen Elordiren partidako lehen pilotakada, ezkerpareta ondo bilatuta, baina Lasoren erantzuna are hobea izan zen, ez zion sake-errematean sartzeko aukerarik utzi, tantoa landu eta sakearen jabe eginda, berehala hautsi zuen partida nafarrak. Datuak, askotan hotzak eta sarri gauza garrantzitsu asko ezkutatzen dituztenak, argiak dira oraingoan. 30 pilotakada nahikoak izan zituen Bizkarreta-Gerendiaingoak markagailuan 9-0 aurreratzeko, tanto horietako sei sakez eskuratutakoak izan zirelarik eta beste bat sake-errematean; gainontzeko biak Elordik galdutakoak izan ziren. Gutxigatik zabalera ihes egin zion beste sake-erremate batek eten zuen Unai Lasoren takada, baina Aitor Elordi ez zen kolpea itzultzeko gai izan, hein handi batean, Unai Laso errestoan ere askoz egokiago aritu zelako. Lortu zituen mallabitarrak hiru tanto sake-errematean, baina orain arte aurkariei horrenbeste min egindako lehen pilotakadarekin ez zuen alerik batu partida osoan eta horrek asko zaildu zuen bere jarduna. SAKETIK FALTA Arriskuak hartuz, baina pilotari abiadura eta norabidea emanez, Lasok berean jarraitu zuen eta 15-5 aurretik jarri zenean zortzi tanto zituen sakez lortuak eta beste bi sake-errematean. Hor, ordea, sakez falta bat egin zuen luzeegi jota -Elordi lehen aldiz airez sartzen saiatu zen, baina pilotari pasatzen utzita asmatu zuen- eta hortxe konfiantza apur bat galdu zuen Lasok horrenbeste eman zion jokaldiarekin. Bigarren falta bat ere egin zuen saketik Bizkarreta-Gerendiaingoak, 9-19koan, kasu honetan laburregi aterata, baina apenas izan zuen larritasunik beretzat, jokoan oso nagusi izaten jarraitu baitzuen. Izan ere, sakean ez ezik, jokoan ere nabarmen hobea izan zen Baikoko pilotaria, ideiak oso argi eta oinak arin izan zituelako. Eskuinez fresko dago erroibartarra aspaldian, pilota bizi irteten zaio botera sartzeko aukera duenean, Elordiri ezkerrez botera jokaraziz ere min handia egin zion eta aukerak landu zituenean, ezker gantxoak ere bikain erantzun zion, bizkaitarraren saiakerak antzu utziz. SARI BIKOITZA Partida amaituta, pozarren agertu zen Unai Laso, bere ustez sari bikoitza izan baitzuen atzoko garaipenak. «Lehendabizi finalerdietara itzultzea handia da, baina baita hurrengo urtean final-laurdenetako ligaxkan sartzeko aukera ere». Iaz parte hartzerik izan ez zuenez, aurten koadroaren azpiko mailatik hasi behar izan du, nahiz eta Salaberria erraztasun handiz kanporatu zuen final-zortzirenetako kanporaketan. Atzoko partidari dagokionez, «kanpotik gauzak errazago» ikusten direla esan zuen arren, gustura agertu zen oso erakutsitako mailarekin. Ezin bestela, eta «partida hasieran sakearekin hainbeste asmatu izanak» konfiantza handia eman ziola onartu zuen, baina errestoan «oso kontzentratua» aritu izanari ere garrantzi handia eman zion. Elordiren lehen sakea frontisean jartzeko gai izan izanak ere mesede handia egin omen zion partida hasieratik hausteko. Gauzak normal, Jokin Altuna izango du aurkari aurrelari nafarrak finalerdietan; 2021eko finaletik kaiolan errepikatu ez den partida eta ikusmin handia piztuko duena. ATANO III.AAltuna III.ak eta Zubizarretak itxiko dute, Donostian, final- laurdenetako ligaxka. Egungo txapeldunak nahikoak ditu 8 tanto finalerdietara sailkatzeko, 13 lehen postua ziurtatu eta finalerako txartela Lasoren aurka jokatzeko.