2024 AZA. 03 KARAKORUM Ezohiko eskalada aparta, Izenik Gabeko Dorreko «Grand diedre desplomado»-n Martin Krasnansky, Michal Mikusinec eta Tomas Bucek eslovakiarrak eta Frantisek Bulicka txekiarra izan dira protagonistak. Espediziokideek 1.100 metro luze den ibilbide horretan 7b+ eta A3 zailtasunak gainditu zituzten. «Grand diedre desplomado», oraindik era askean igo gabe dagoen ibilbidea. (Pavel NESVADBA) Andoni ARABAOLAZA Izenik Gabeko Dorrean (Trango, Karakorum) dagoen “Eternal flame” bideak erpin horretan dauden proposamen ia guztiak itzalean uzten ditu. Daukan ospea ondo merezita dauka, baina ezker eta eskuin aldean dauden beste “kide” batzuk ere oso estetikoak eta kalitate handikoak dira. Nolanahi ere, azken horiek askoz ere bisita gutxiago jasotzen dituzte. Adibidez, “Grand diedre desplomado”-ri hori gertatzen zaio. Patrick Delale eta Michel Fauquet frantziarrek eta Michel Piola eta Stephane Schaffer suitzarrek duela 37 urte zabaldu zuten. Denera, 1.100 metroko marra bikaina da; dorre horrek duen proposamen luzeena. Nahiz eta luze batzuk era askean gainditu zituzten, nortasun handiko ibilbide horren giltzak era artifizialean sinatu zituzten. Gehienez, 6c eta A4 mailako luzeak eskalatu zituzten. Urte asko igaro ziren “Grand diedre desplomado”-ren lehen errepikapena iristerako. Francesco Pellanda, Giovanni Quirici eta Christophe Steck suitzarrak saiatu ziren bideari puntu gorria jartzen. Baina hamahirugarren (A4), hamabosgarren (A3) eta hamaseigarren (A3) luzeak ezin izan zituzten era librean igo. Joan den udan, suitzarrek askatu gabe utzitako lanak amaitzeko asmoz, beste talde bat hurbildu zen Izenik Gabeko Dorrera. Martin Krasnansky, Michal Mikusinec eta Tomas Bucek eslovakiarrek eta Frantisek Bulicka txekiarrak ibilbide horren bigarren errepikapena sinatu zuten, baina hauek ere ez zuten helburu nagusia biribildu. Frantisek-ek berak aipatu du kapsula estiloan hamahiru egun igaro zituztela murruan; horietako hamar, jarraian: «Mendebaldeko zutoin horretan gehienez 7b+ eta A3 mailako zailtasunak gainditu genituen. Hogeita bost luze horietan dena eman genuen era askean igotzeko. Estilo horretan eskalatu genuen bidearen giltza den hamahirugarren luzera arte. Luze horren mugimendu guztiak librean gainditu dira, baina ezin izan dira hauek lotu eta, ondoren, puntu gorria jarri. Bere maila 8a+ inguruan ibiliko da». Eskalatzaileok onartu dute luze horretan buruhauste handiak izan zituztela. Era askeko jardueretan oso zailduak dira (horietako bik kirol eskaladan 9a+ egin dute), baina artifizialean ia ez dute eskarmenturik: «Artifizialeko tarteak igotzea oso-oso gogorra egin zitzaigun. Oso intentsoa izan zen; luze horietako batek bost ordu eskatu zizkigun. Zoritxarrez, ezinezkoa izan zen erresistentzian oinarrituta dagoen 55 metroko luze zailena askatzea; batez ere, baldintza txarrengatik. Kontuan hartu behar da nire bi kideek bederatzigarren mailako bideak egin dituztela, baina horma handi batean lehen aldia zuten. Bestalde, murruan egin genituen hamahiru egun horietan ia egunero elurra eta hotz handia egin zuen. Bai, oso baldintza gogorrak izan ziren: artesi izoztuak, elur asko… Horrek guztiak ez zuen ematen headwall osoa librean igotzeko aukerarik. Hortaz, gure xedea gailurra erdiestea zen; erronka handia zirudien! Ez dut inolako zalantzarik; oro har, jarduera guztia zorrotza eta tragikomikoa izan zen; era berean, oso ederra». HIRUGARRENAK Laukoteak, beraz, “Grand diedro desplomado” bidearen bigarren errepikapenean ez zuen zorterik izan klimarekin. Beraiek ere ez dakite baldintza egokiagoekin gai izango ote ziren ibilbideari puntu gorria jartzeko. Espedizioak Izenik Gabeko Dorreko hainbat marra aztertu zituen. Eskalatzaileok arestian aipatu dugun “Eternal flame” baztertu zuten; izan ere, librean eskalatuta dago eta ekarpen berriak egiteko ia aukerarik ez dago. Krasnansky izan zen 1987ko “Grand diedre desplonado”-ren informazio zehatza aurkitu zuena. Bazekiten lehen errepikatzaileek hiru luze zintzilik utzi zituztela: «Hortaz, horiek askatzea helburu oso erakargarria iruditu zitzaigun. Eta hori diot luze gogorrena (8a+) gainditu izan bagenu, era askeko munduko big wall zailena bihurtuko litzatekeelako». Zama astuna eman zuten hormara: 600 metroko soka estatikoa, bi hamaka, 40 kilo janari, soka dinamikoak… Denera, 160 kilo. Aurreikuspena, berriz, bi asteko jarduera luzea. Bulickak dio prest zirela hormatzarrean egonaldi luzea egiteko; batez ere, eguraldiaren iragarpenak ez zirelako batere baikorrak: «600 metro estatiko horiek eramatea erokeria hutsa zirudien, baina orain argi dut laguntza handia izan zirela klima oso txarra izan genuelako. Paretan lehen bi herenek eroria dute. 600 metro igo eta gero, hamalaugarren luzean elurrezko erlaitz bat zegoen. Azken 500 metroak ezberdinak dira. Headwall luze batek tontorrera eraman zaitu. Elurra urtzeko gaiarekin ez genuen arazorik izan: egunero elurra egin zigun!». Kanpaleku nagusi aurreratura igotzea oso deserosoa egin zitzaien. Hogei kiloko motxilekin elurretan ibiltzea oso astuna zen baina, bederen, hormaren oinarrira heldu ziren. Metro batzuk eskalatzen ari zirenean, elur ekaitz gogorrak atzera egitera behartu zituen. Bidearen oinarrira jaitsi eta bat-batean ekaitza baretu zen. Eguzki izpien epeltasunean, zer egingo ote zuten aztertzen ari zirenean, ondoan zegoen euskal espedizio batek oihu egin zien. Gora begiratu eta elur-jausi bat zetorkien paretatik behera. Ez zen ezer gertatu. Ezustekoa atzean utzi eta baldintza “egokiagoekin” eskalatzeari ekin zioten berriro. Girora ondo egokituta ez zeudenez, kosta egin zitzaien aurretik zituzten metroak gainditzea. Alabaina, lehendabiziko luzeetan seigarren eta zazpigarren mailako luzeei aurre egin zieten: «Aterrunea oso azkar amaitu zen, eta berriro ere elurrak bisita egin zigun. 7b mailako luze batean eskuak hotz-hotzak nituen, eta mugan ibili nintzen. Txekiar Errepublikatik bidali ziguten eguraldiaren iragarpena oso ezkorra zen: hurrengo lau egunetarako elur gehiago. Hori izan zen klimaren joera nagusia. Pixkaka bada ere, librean eskalatu behar genituen zailtasun nagusien aurrean jarri ginen: 7b, 7b, 8a+ eta 7b. 5.800 metrora daude; egoera zoroa zirudien! Hamahirugarren luzean nengoen; hots, bidearen giltzan. Hotz handia egiteaz gain, egun lainotua genuen. Era askean igotzea ezinezkoa zenez, hala-hola artifizialean gainditu nuen. Aurretik beste hamabost metro nituen librean eskalatzeko, baina leher eginda nengoen eta Tomasek tarte horren ardura hartu zuen. Luze horretan sei ordu igaro nituen». Elurrezko erlaitzera iritsi ziren. Atzean utzi zuten “Grand diedre desplomado”-ri puntu gorria jartzeko asmoa. Gailurra zain zuten, baina oraindik lan eskerga egin behar izan zuten helburu hori lortzeko. Eskalada artifiziala atzean utzi eta berriro katu-oinak jarri zituzten. Bulickak dio 30 metro zituen 7b mailako luze batean lan handia egin behar izan zuela: «Hotzagatik ez nituen oinak sentitzen. Nahiz eta asko estutu, azkenean irrist egin eta erorikoa izan nuen. Zorionez, friend batek gelditu ninduen. Hotza, nekea, elurra, garaiera… egoera zaila zen». Baldintza oso kaskarretan, gauez, tontorra zapaldu zuten. Oraindik jaitsiera gogor bati aurre egin behar zioten. Petate astunak jaisteko bi taldetan banatu ziren. Ibilbidea rappelatu ondoren, kanpaleku nagusi aurreratuta onik iritsi ziren. Eskalatzaileok ez zuten helburu nagusia lortu, ez zituzten “Grand diedre desplomado”-ren luze guztiak era askean igo. Ez dakite baldintza onekin lortuko ote zuten, baina pozik daude eginiko lanarekin. Izan ere, eguraldi oso kaskarrekin eskalada bikaina egin zuten Izenik Gabeko Dorreak duen bide luzeenean; teknikoki oso zaila den eta oraindik puntu gorria itxaroten ari den bidean. KARAKORUMEspedizio txekiar-eslovakiar batek Izenik Gabeko Dorreko «Grand diedre desplomado» bidearen bigarren errepikapena egin du. LAUKOTEAMartin Krasnansky, Michal Mikusenic, Tomas Bucek eta Frantisek Bulicka izan dira protagonistak. ESTILOAKapsula estiloan hamahiru egun egin zituzten horman zintzilik. Gehienez, 7b+ eta A3 mailako tarteak gainditzeko gai izan ziren. BALDINTZAKIa egun guztietan elurra eta hotza egin zien. Horrek guztiak librean eskalatzeko eragozpenak eragin zizkien.