2024 AZA. 03 Iruzurrezko alokairuei erantzun dien epai «eredugarria» txalotu du Aldak Baionako delituen auzitegiak zigor gogorrak ezarri dizkio Biarritzeko Homies Holidays agentziari eta honen buruzagiari. Izan ere, «merkataritza praktika engainagarria» eta «merkataritza praktika erasokorra» egin izanaren erruduntzat jo ditu. Alda elkartea zinez poztu da: «Seinale bat da iruzurra egin nahi duten jabe eta agentzientzat». Alda elkartea parte zibila izan da Homies Holidays agentziaren auzian. (Patxi BELTZAIZ) Goizeder TABERNA - KAZETA Baionako delituen auzitegiak prokuradoreak eskatu baino zigor handiagoak ezarri ditu. Biarritzeko Homies Holidays agentziaren eta horren presidente Julie Hoang-en kontrako epaiketan, asteartean, defentsaren zein akusatzailearen begietara, epaiketan proportzionaltasuna izan da apustua. «Merkataritza praktika engainagarria» eta «merkataritza praktika erasokorra» leporatuta, presidenteari hiru hilabeteko espetxe zigorra ezarri diote, gibelapenarekin; horrekin batera, 3.000 euroko isuna eta 1.500 euroko kalte-ordain morala. Homies Holidays agentziari, berriz, 10.000 euroko isuna jarri diote. Prokuradoreak 3.000 euroko isuna eskatu zuen Hoangentzat, eta 10.000 eurokoa enpresarentzat, azken horietatik 5.000 euro gibelapenarekin. Pierre-Andre Truttmann akusatuen abokatuak helegitea aurkezteko asmoa du. «MEZU ARGIA» Kasuarekin zerikusia duten hamar pisukideetatik biren abokatu Xantiana Cachenaut-en ustez, epaiketa eredugarria izan da: «Mezu argi bat da. Erakusten du auzitegiak ulertu duela zein egoera larriak sortzen diren alokatzea bilatzen dutenentzat, eta profesionalek zein eragin duten», erran zion Mediabaski epaiketa bukaeran. Izan ere, Julie Hoangek onartu du, 2021eko urrian eta azaroan urtebeteko bi alokairu kontratu izenpearazi zituela Biarritz eta Bidarteko apartamentu batzuentzat. Datatua zen aitzin-abisu bat ere sinarazi zien, alokatzaileek jakin gabe alokairu kontratuaren epea bukatu aitzin etxebizitzatik joatea suposatzen zuela, hala jabeak etxebizitza prezio altuagoan alokatzeko, ekainetik urrira. Horretaz gain, onartu du Bidarteko bezeroak mehatxatzen zituen gutun bat igorri izana. 30 urte eta marketin eta komunikazio formazioa izan da ere, bere esperientzia eza eta abokatu baten aholku txarra argudiatu zituen akusatuak. «Gezurra», baieztatu zuen Cachenautek. Etxebizitza bat aurkitzeko presio eta zailtasun testuinguru batean, Homies Holidays bere bezeroen «ahultasun» egoeraz profitatu da, abokatuaren iritziz. ALDA BEZALAKO ELKARTEEN LANA Prokuradorea, Jean-Claude Belot, ados da. Kontua ezin da testuingurutik atera. Auzipetuaren abokatuak, ordea, bidegabetzat jo zuen lotura. «Gertakariak duten neurrira hartzea» galdetu zuen, eta ez «etxebizitzaren arazoa epaitzea». Auzi horren mediatizazioa eta judizializazioa gaitzetsi zituen. Lehen aldiz, Aldak auzian parte hartu ahal izan du, egindako lanaren errekonozimendu gisa. «Azpimarratu nahi dugu prokuradorearen hitz-hartzea, erakusten baitu etxebizitza krisiaren egoeraz kontziente dela eta batzuk horretaz baliatzen direla dirua egiteko. Gainera, Alda bezalako elkarteen lana beharrezkoa dela eta lan horretaz pozten dela adierazi du», laburbildu zuen Xebax Christy Aldako lehendakariak. TESTUINGURUAProkuradorea, Jean-Claude Belot, ados da pisukideen abokatuarekin. Kontua ezin da testuingurutik atera. «Ezaguna da higiezinen merkatuaren tentsio-testuingurua, eta, maluruski, batzuek etxebizitza bilatzen duten pertsonen zailtasunak baliatzen dituzte», argudiatu du. AITORTZAAkusatuak onartu du urte bateko bi alokatze kontratu izenpearazi zituela Biarritz eta Bidarteko pisu batzuentzat. Abisu bat ere sinarazi zien, alokatzaileek jakin gabe alokairu kontratuaren epea bukatu aitzin etxebizitzatik joatea suposatzen zuela, jabeak etxea garestiago alokatzeko.