2024 AZA. 05 Jon Mirena Landak, beste 93 aitortzen ostean: «Bada patroi bat gauzak ezkutatzeko» Balorazio Batzordeak Estatuaren 93 biktima berri aitortu ondoren, Jon Mirena Landa kideak NAIZ Irratian esan zuen indarkeria honen inguruan «ikertzeko gogo falta» eta «nagikeria» antzeman dutela. Jon Mirena Landa, Estatu indarkeriaren Balorazio Batzordeko kidea. (Jagoba MANTEROLA | FOKU) Peli LEKUONA DONOSTIA Estatuko indarkeria kasuetako asko ez dira epaitu «nagikeriagatik», eta indarkeria horren harira ireki diren auzi judizial gehienak «ikertzeko gogo faltagatik» artxibatu dira, Jon Mirena Landa EHUko Zigor Zuzenbideko katedradunaren hitzetan. Biktimen eskaerak aztertzen dituen Balorazio Batzordeak egiaztatu eta ofizialki aitortu berri du EAEn 93 pertsona gehiagok jasan duela estatuko indarkeria eta, horrekin, 461 kasuk jaso dute aintzatespen ofiziala Hego Euskal Herrian. Gehienek ez dute ebazpen judizialik izan, bestela ez lirateke iritsiko Batzordera, «bide judizialak lehentasuna duelako», Mirena Landak atzo NAIZ Irratian argitu zuenez. Balorazio Batzordeko kidea da, eta joan den asteazkenean Gasteizko Parlamentuan izan zen azken txostena aurkezten. Katedradunaren esanetan, gehienetan «makineria judizialaren okerrengatik edo honen nagikeriaren ondorioz» iristen dira kasuak Balorazio Batzordera, eta ikertzeko prozedura ireki den kasu bakan horiek «ikertzeko gogo faltagatik» artxibatu izan direla zehaztu zuen. «Gogo falta topatzen dugu gehienetan -gaineratu zuen-: poliziek ez dute, noski, informaziorik ematen, edo ahalegintzen dira frogak ezkutatzen. Epaileek ez dute ahaleginik egiten, fiskalek ere ez, forentseek ez dute euren lana egiten, eurek bermatu behar baitute atxilotuaren osasuna... Badago patroi bat gauzak ezkutatzeko». EHUko Zigor Zuzenbideko katedradunak NAIZ Irratian adierazi zuenez, «epailetza indartsu batek horri buelta eman eta egia bilatu behar luke», hain zuzen, egia baita estatuko indarkeriaren biktimek Balorazio Batzordeari eskatzen dietena, Landak esan zuen: «Torturatuak izan ziren, gero ukatu egin zitzaien, batzuk jazarri egin zituzten tortura salatzeagatik... Oso barneratuta dute ukatuak izan zirela. Horregatik beraien justizia egarria, eurek dakitena gizarteak jakin dezan nahi dute». EKITALDI BAT ETA MEDIKUAK Landaren ustez, aitortza instituzionalei ikusgarritasuna eman behar zaie eta, horretarako, ezinbestekoa deritzo Balorazio Batzordeak txosten bat egiten duenero, biktima bat aitortzen duenero, errealitate hori gizartera zabaltzea. «Bestela, klandestinitatean geratzen da», ohartarazi zuen. Hori lortzeko helburuarekin, Estatuko indarkeriaren biktimak erdigunean izango dituen urteroko ekitaldi bat antolatzea proposatu zien Euskal Herriko erakundeei. Horrez gain, eta asteazkenean Parlamentuan egin bezala, Balorazio Batzordean sufritzen duten baliabide falta salatu zuen irratian. Zehazki, medikuen «ikaragarrizko lan karga» aipatu zuen: «Imajinatu zure zortzi orduko lana duzula eta ondoren gure batzordean lan egin behar duzula, astean 20 ordu, musu truk... Hori ez da duina».