2024 AZA. 06 42. Herri Urrats, Arberoako eta Senpereko ikastolei begira 2025eko maiatzaren 11n Senpereko aintzira milaka euskaltzalez betetzera deitu du Herri Urratsek, Senpereko kolegioaren bigarren partea irekitzeaz gain, Arberoa Ikastolan erretako eraikina berreraikitzeko. Dupla taldeari dagokio, berriz, abestia egitea. 2025eko Herri Urratsen aurkezpena. (Patxi BELTZAIZ) A. TABERNA - G. IBARRA “Elgarrekin” lemapean aurkeztu zen atzo 42. Herri Urrats, «jendarte indibidualistari aurre eginez, elgarrekin egitearen eta elgarrekin egotearen aldeko apustua egiten dugulako». Horrela azaldu zuten antolatzaileek. 2024koa arrakastatsutzat emanik, hurrengoa antolatzeari «gogo handiz eta indarrez» ekin diotela zehaztu zuen Koldo Rodriguez Herri Urratseko koordinatzaileak; 2025eko maiatzaren 11n izanen da hitzordua, Senpereko aintziran, «Seaskari sostengua eman eta euskaraz bizi nahi dugula aldarrikatzeko». Peio Jorajuria Seaskako lehendakariak azaldu zuenez, herenegun izan zuten Arberoa Ikastolako ezbeharraren berri. «Zorionez, gauez eta bakantzetan gertatu da eta kalte materialak baizik ez dira izan. Kalte materialak, baina, izugarriak izan dira»; zehaztu zuenez, bi ikasgela, irakasleen bulegoa, bilkura gela eta aterpea kiskali ziren; 200 metro koadro baino gehiago. «Kolpea izugarria da», deitoratu zuten Seaskako ordezkariek; «espero dugu asurantzak parte on bat bere gain hartuko duela, baina beste zati handi bat gure gain izanen da eraikuntzan eta, zer erranik ez, barneko material horretan». Horregatik, 2025eko Herri Urrats, Donamartirin kokatua den ikastola laguntzeko ere izanen da. Horri batu behar zaio Senpereko kolegioaren bigarren partearen finantzamendua, heldu den ikasturtean hirugarren mailako ikasleei harrera egin ahal izateko. Hastapeneko 81 ikasleetatik (seigarren eta bosgarren mailetan), aurten 131 ikaslera pasatu dira (laugarrenekoak gehiturik) eta heldu den urtean 180 ikasle inguru lirateke. «Suaren ondoren, ea Herri Urrats elkartasunezko pindar bilakatzen dugun», egin zuten dei. Bide beretik, Herri Urrats iritsi bitartean, «girotzeko» zenbait ekimen iragarri zituzten: Herri Urrats zozketa, webgunea martxan jartzea, bertso saioa eta Go!azen telesailaren 11. denboraldiko azken atalaren aurrestreinaldia. LEHIAKETAAurreko edizioan lehen aldiz maketa-lehiaketa antolatu zuten, eta «inork espero ez zuen parte hartzea» izan zuen. Horregatik, aurten esperientzia errepikatuko dutela iragarri zuten. Abenduaren 3tik urtarrilaren 3ra arte izanen da lanak aurkezteko epea eta irabazleak martxoan jakinaraziko dituzte. Saria Herri Urratsen kontzertua eskaintzea izanen da.