GARA Euskal Herriko egunkaria

Gezurraren bidez egia


Moriartitarrak bueltan dira; oraingoan Jon Garaño eta Aitor Arregi, zuzendari lanetan, eta beraiekin batera gidoilari, Jose Mari Goenaga eta Jorge Gil Munarriz.

Filma benetako gertakari batean oinarrituta dago: Enric Marcoren istorioa dakar pantaila handira. Imajinatzen zaila zen gezur bati eusteko gai izan zen gizona: nazien kontzentrazio-esparru batean preso hartu zutela zioen. Holokaustoaren Biktimen Espainiako Elkarteko presidente izatera iritsi zen eta urte ugari eman zituen ikastetxe eta ekitaldietan hitzaldiak ematen.

Flossenbürgeko kontzentrazio-esparruan bizi izan omen zituenak azaltzen eta nazismoaren krudelkeriaren salaketa eta gizarteratze lanak egiten aritu zen.

Iragan Donostiako Zinemaldiko aurkezpenean NAIZ Irratiko “Bigarren kafea” saioan izan ziren Jon Garaño eta Aitor Arregi zuzendariak. Bertan azaldu zuten lehen asmoa dokumental bat egitea zela, eta protagonista katalanarekin harremanetan zeudela. Baina dena okertu zen Marcok Alemaniara egin zuen bidaia baten itzuleran. «Marcok esan zigun Alemaniara joan nahi zuela paper batzuen bila, ez zelako deportazio eremu batean egon baina bai kartzelan, eta paper horiek nahi zituen. Guk grabatzera joan nahi genuen, baina ezetz esan zigun», azaldu zuen Garañok. Gerora jakin zuten ezezko horren atzean beste gezur bat zegoela; “Ich Bin Enrich Marco” dokumentala grabatzera joan zen. «Hor erabat deskubritu genuen iruzurgile bat zela», aitortu du Garañok. «Thriller geriatriko» gisa definitzen du Arregik, baina geruza askoko filma ere badela dio: «Gezurra eta egia, pertsonaia honek duen koadro psikologikoa... Baina drama ere badago, eta pertsonaia baten argazki oso bat ere bai», azaldu du.

Veneziako eta Donostiako zinemaldietan izan ostean, gaur iritsiko da zinema aretoetara “Marco”.