2024 AZA. 08 Pirinio Atlantikoetako departamenduko prefet berria Jean-Marie Girier izango da Jean-Marie Girier prefeta berria. (Gerard JULIEN | AFP) GARA BAIONA 2022tik Pirinio Atlantikoetako departamenduko prefeta izan den Julien Charles-en lekukoa hartu du Jean-Marie Grier-ek eta bera izango da prefeta Pauen aurrerantzean. Azaroaren 6an, frantziar Gobernuaren bileraren ondotik ezagutzera eman zuten izendapen bikoitza, Kazeta hedabideak jakinarazi zuenez. Hala, Ipar Euskal Herria barne den Pirinio Atlantikoetako departamenduaren prefetak, Julien Charlesek, bere postua utziko du Sena Saint-Denis-eko prefet bilakatzeko. Charlesen ordez, 2022ko martxoaz geroztik Vienne-ko departamenduko prefet gisa aritu den Jean-Marie Girier helduko da Pauerat. Girier Alderdi Sozialistako kidea izan zen, baina 2017an Emmanuel Macron Eliseora eraman zuen kanpainara batu zen; Martxan alderdiaren sortzaileetako bat izan zen. Horren ondotik, Gerald Collomb Barne ministro ohiaren eta Asanblea Nazionaleko Richard Ferrand lehendakari ohiaren kabineteko zuzendari gisa ere jardun zuen. ETXEBIZITZA Pauetik Pariserako bidea hartuko duenak lehentasun argia izan du bere agintaldian: etxebizitza. Hala, iruzurrezko alokairuen aurkako arauak bultzatu eta etxebizitza sozialak sustatzeko egitasmoak sostengatu ditu Julien Charlesek. Urriaren 21ean etxebizitzaren krisiari aurre egiteko dispositiboa plantan emateko agindua izenpetu zuen.