2024 AZA. 09 Elkarrizketa ALBA MENENDEZ Bera Berako kapitaina «Defentsan indartsuago jokatu behar dugu; ez dugu beldurrik» Bera Berak bihar jokatuko du Europako azken kanporaketa, Lublin taldearen aurka (18.00etan). Irabaziz gero, multzoen fasea jokatuko lukete. Alba Menendezek (Zarautz, 1991) adierazi du azken bi partidetan taldeak «sentsazio onak» berreskuratu dituela, nahiz eta ez dauden «momentu gorenean». Ekipoa kanporaketa gainditzeko kapaz ikusten du. (Andoni CANELLADA | FOKU) Zuriñe IGLESIAS SARASOLA Alde batetik bestera dabil Alba Menendez Bera Berako kapitaina, lanetik hitzordu batera, ondoren entrenatzera, eta azkenik beste konpromiso batera. Osteguna da eta hiru egun besterik ez dira falta igande honetako hitzordu handirako: «Europak hori du, eta ez gara kexatzen». Aurkariaz zarauztarrak esan du Europako talde «tipikoa» dela, kanpotik jaurtiketa asko egiten dituztela, eta, horretara «ohituta» ez dagoen arren, taldea «kapaz» ikusten du horretara moldatzeko. Joan den astearteko partidatik atseden hartuta? Ezin izan dugu atseden handirik hartu, asteazkenean entrenatu ginen eta, baina Europa jokatzera zoazenean, deskantsu gutxi izatea gustura hartzen da. Ondo gaude eta gogotsu igandeko partidarako. Ohituta zaudete astebetean hiru partida jokatzera, baina partidek baino gehiago, horien arteko bidaiek eragiten dizuete neke handiagoa? Bai, askotan bai. Ordu asko dira autobusean edo aireportuan, eta itxaronaldi hori luzea egiten da. Askotan bidaiak gehiago nekatzen gaitu, gero partidak baino. Europan ez dira bidaia motzak, ezta ordu gutxikoak ere, baina hori nahi dugu. Hori beti da albiste ona. Partidan 26-19 azpiratu zenuten Gijon, azken sailkatua. Etxeko lanak eginda? Bai. Asteko lehenengo helburua hori zen. Sentsazio onak hartzea astearteko partidan igandera begira. Etxeko lanak eginda, eta bi puntu gehiago. Konfiantza hartu duzue Europako hitzorduari begira? Bai, beharrezkoa genuen. Guardesen aurka dinamika pixka bat aldatu genuen; zelai oso zaila zen eta bi puntuak lortu genituen. Joan den astearteko partidak hori berretsi zuen. Neurri handi batean, azken bi lehia horiengatik da. Sentsazio onak hartu ditugu, eta orain ondo goaz Europara. Lublin taldearen aurkako partida prestatzeko, zer egin duzue hilabete honetan? Egia esan, aste honetan ikusi dugu lehenengo aldiz bideoa. Asteazkenera arte ez genituen ezagutzen, edo behintzat, talde bezala ez ditugu ikusi. Bakoitzak bere etxean, bai, eduki ditu partiden bideoak ikusteko, baina asteazken honetan hasi gara zehatzago taldea aztertzen. Aurreko partidetan iruzkinen bat izan dugu, Europarako partidarako defentsa indartsuagoa izan behar dugula, baina aste honetan hasi gara zehatzago prestatzen. Bideoak ikusita, beldurra sartu zaizue gorputzean? Beldurra ez. Azkenean, badakigu partida zaila izango dela; Europako talde tipiko bat da. Jokalari oso handiak dituzte, kanpotik jaurtitzen dutenak, eta ligan ez gaude horretara ohituta, baina ez da ez zailagoa ez errazagoa, desberdina da. Taldea kapaza da horretara moldatzeko eta, zergatik ez, Poloniatik errenta positiboarekin itzultzeko. Zein aukera ikusten dituzu multzoen fasera sailkatzeko? Esango nizuke orain, jokatu gabe, %50ean gaudela. Aukerak baditugu, ez da erraza izango, baina kapazak gara multzoen fasera sailkatzeko. Joaneko lehian helburua Gascara bizirik iristea izango da? Errenta positiboa lortzea oso ona izango litzateke; zaila ere bai, baina horren bila goaz. Helburua hori da: gol bateko aldea lortzerik badugu, horixe; bikoa bada, are hobeto. Eta emaitza negatiboa bada, zenbat eta alde txikiagoa markagailuan, hobeto. Gero, hemen, gure etxean, itxiko dugu kanporaketa. Aurreneko zatia han izango dugu, eta bigarrena, etxean, gure zaleen aurrean. Benficaren aurkako partidaren ostean, aipatu zenidan taldeak denbora behar zuela oso talde ona izateko. Oraindik gehiago behar dugu. Jokalari berri asko ditugu, eta ez gaude gure momentu gorenean. Helburua da apiril-maiatzera gure momentu onenean iristea eta bidean gaude. Egunero-egunero, talde bezala pixka bat hobeak izan behar dugu, baina oraindik falta da. Hiru hilabete bakarrik daramagunean batera, onenean egongo bagina, ez dakit albiste ona izango litzatekeen. Ligako beste partida bat, itzulikoa Lublinen aurka eta atsedenaldia duzue, Europako Txapelketa dela-eta. Nola iritsi nahi duzue horra? Orain bertan sinatuko nuke Europako bi partidak irabazita, hurrengo fasean egotea, eta Valentziako partida irabazita. Hori idealena izango litzateke, baina jokatu egin behar da. Kirola horrela da. Ez da nahiarekin bakarrik lortzen; kantxan erakutsi behar da. «Ez gaude gure une gorenean. Helburua da apiril-maiatzera gure momenturik onenean iristea eta bidean gaude. [...] Hiru hilabete soilik daramagunean batera, onenean egongo bagina, ez dakit albiste ona izango litzatekeen»