GARA Euskal Herriko egunkaria
KIROLA

Alavesek hozka egin ezinik jarraitzen du etxetik kanpo

Arabarrek kolpe latza jaso zuten Ceramica zelaian, 3-0 galduta. Lehen zatian hobeto jokatu arren, bigarrenean ezinean aritu ziren Txapeldunen Ligako postuetan dagoen Vila-Realen aurka.

Alaveseko jokalariak, epaileari azalpenak eskatzen. (AGENCIA LOF)

Haritz eroriari orok egur. Vila-Realek astindu ederra eman zion atzo Alavesi. Agian ez hainbeste jokoari dagokionez, baina bai, behintzat, markagailuari begiratuta. Mallorcari 1-0 irabazirik Alavesek apur bat suspertu arren, bost partida jarraian galdu ondoren, ematen du oraindik burua altxatu ezinik dabilela. Vila-Realek historian aurrenekoz beltzez jokatu zuen, denboraleak Valentzian eragindako hondamendiaren oroigarri. Bai etxekoak, baita bisitariak ere, “Força València” (Indarra Valentzia) kamisetarekin zelairatu ziren. Partida hasi aurretik, minutu bateko isilunea egin zuten Valentziako ereserkiarekin.

Lehen minutuetan bi taldeei partidan sartzea kostatu egin zitzaien. Hotz hasi zuten neurketa. Conde eta Sivera atezainek ez zuten lanik izan. Area ertzak zapaldu gabe aritu ziren, babazorroen lehen aukera iritsi zen arte. Luis Garcia Plazaren taldea 25. minutuan bizkor atera zen kontraerasoan. Tenaglia ezker alboko atzelariak baloia erdiratu eta Kike Garciak buruz errematatu zuen, baina Vila-Realeko atezainak langara alboratu zuen baloia. Hortxe eman zuten lehen abisua arabarrek.

Marcelinoren taldeak baloiaren jabetza izan bazuen ere, ez zuten askorik kikildu Alavesen atzeko lerroa. Bisitariak hobekien ari zen unean, orduan iritsi zen etxekoen kolpea. Halakoxea baita futbola. Zelai erdian Alavesek egindako falta bat azkar atera zuten, eta zertxobait tokiz kanpo harrapatu zituzten babazorroak. Konturatu orduko, Pepe aurrelariak eskuin hegalean jaso zuen baloia, eta segituan ikusi zuen area ertzean Akhomach taldekidea. Marokoarrak baloia jaso orduko, maisuki buelta erdia eman eta urruneko zutoin ondo-ondotik sareetara bidali zuen baloia. Non begia, han baloia.

Lehen zatiaren hondarrean Alavesek Vila-Realen area ertza zapaldu zuen, batez ere geldikako jokaldietan. Aukera batean Tenagliak ez zuen erdiratzen asmatu, eta bestean, Pica erdiko atzelari gazteak jaurtiketa ona egin zuen arren, Guevarak oztopatu zuen errematea.

Marcelionok halabeharrez bi aldaketa egin behar izan zituen lehen zatian, min hartu baitzuten Kiko Femenia Alaveseko jokalari ohiak eta Akhomach golegileak. Azken honen lesioak itxura txarra zuen, ohatilan utzi baitzuen zelaia. Haien ordez irten ziren Navarro eta Pino.

PENALTI EZTABAIDAGARRIA

Lehen zatian ez bezala, bigarrenean aurrerapausoa eman zuen Vila-Realek. Etxekoek bizi ekin zioten bigarren erdiari, Alavesen areara askoz gehiago gerturatuta eta bereziki Sivera atezaina estututa. Bost minutu eskasean epaileak Vila-Realen bi jokaldi baliogabe utzi zituen, jokoz kanpo adierazita. Lehenengo jokaldian Ayozek jaurtitako baloia Siverak alboratu zuen arren, bigarren ahaleginean Pepek atean sartu zuen. Gaitz erdi arabarrentzat, markagailuak 1-0 segitzen zuelako.

Vila-Real soka tenkatzen ari zen bitartean bigarren golaren bila, babazorroek kosta ahala kosta gol bateko errenta mantentzen ari ziren. 81. minutuan, ordea, soka luzea ekarriko duen jokaldia iritsi zen. Epaileak penalti adierazi zuen etxeko taldearen alde, Manu Sanchezek eskuarekin ukitu zuelako baloia. Hori eztabaidaezina da. Kontua da ea Vila-Realeko jokalariak falta egin ote zion Alaveseko atzelariari. VARak epailearen erabakia berretsita, Parejok etxekoen bigarrena sartu zuen hamaika metroetatik. Ordurako partida erabakita zegoela, Marcelinoren taldeak hirugarrena egin zuen, Comesañaren bidez. Jota geratu ziren arabarrak, eta berriz ere Mendizorrotzatik kanpo ezinean aritu ziren.