GARA Euskal Herriko egunkaria
ESKALADA

Mikel Inorizak era askean igo du Kapitaineko «Golden Gate» bidea

Tasio Martin eta Nil Alcubilla sokakide izan zituen 900 metro eta 8a zailtasuna dituen marra estetiko horretan. Zazpi eguneko jarduera izan zen, eta azken unean ekaitz batek astindu zituen.

Mikel Inoriza, A5 Traverse izeneko luzean sokaburu. Eskalatzaile arabarrak «Golden Gate» bidea era askean igo du. (Mikel Inoriza)

Ohi den bezala, Yosemiteko udazkeneko denboraldiak makina bat eskalatzaile erakarri ditu, etxekoak zein munduko hainbat bazterretakoak. Euskal talde zabal bat Yosemiteko alderdi batzuk eskalatzen izan da. Half Domeko “Regular”, Kapitaineko “The Nose” eta “Freerider”… izan dira helburuetako batzuk. Baina bada bat, eskalatu den estiloarengatik eta lortutako arrakastarengatik, azpimarra berezia merezi duena. Kapitaineko “Golden Gate” bideari (8a, 900 m) buruz ari gara. Tasio Martin, Mikel Inoriza eta Nil Alcubilla dira izar horren aldeko apustua egin zutenak. Talde bezala 41 luze dituen marra hori era askean biribiltzea lortu zuen, eta lan horretarako eskalatzaileok astebete behar izan zuten.

Euskal eskalatzaileek lehen aldia zuten sona handia duen hormatzar horretan; katalanak, berriz, bisitaren bat egina zuen. Alcubillak berak “Freerider” eskalatuta zuenez, bere kideei “Golden Gate” librean eskalatzeko xedea proposatu zien.

Era askean eskalatu nahi zutenez, bazekiten erronka horretan egun batzuk murruan zintzilik igaro behar zituztela. Hamakak, eskaladarako tresneria, janaria, ura… prestatu eta lehen luzeetan sartu ziren.

Hain zuzen ere, “Freerider” eta “Salathe”-rekin partekatzen dutenak. Inorizak esan digu lehen sekzioaren eskalada estiloarekin ohituta ez daudenez, majo sufritu zutela: «Tasio eta biok big wall-etan berriak ginenez, jarduera patxadaz hartu genuen. Hamar luze eskalatu ondoren, erlaitz txiki batean geratu ginen. Izan ere, petateak igotzeko leku oso erosoa zen. Bederen, hamaseigarren luzera arte eskalatzaile gutxirekin topo egin genuen. Lehen luze horien zailtasun teknikoak ez dira handiak, baina artesi eta tximinia zabaletan ahal genuen bezala eskalatzen saiatu ginen. Ufa, txikituta bukatzen genuen».

“Golden Gate”-ko luze zailenak zain zituzten: Down Climb, Monster Offwidth, The Move, The Golden Desert, A5 Traverse… Oso motibatuta, pixkaka-pixkaka aurrera jarraitu zuten. Down Climb aurrean zuten, baina eguzkiak jotzen zuenez, biharamunerako utzi zuten.

Luze hori librean gainditu ostean, kanpalekua aldatu zuten: «Giltzak diren luze ezagunenak eta gogorrenak eskalatu genituen. Izaera oso ezberdinak dituzte: artesi zabalak edo offwidth-ak, zeharkaldi kamutsak, deseskalada… Batzuk errazago gainditu genituen; beste batzuek, aldiz, asko estutzera behartu gintuzten. Oro har, zailenak dira, baina hasierako luzeak (“Freerider”-eko batzuk) makurrak dira. Artesi zabal horiek buruhausteak eman zizkiguten. Egoera bera bizi izan genuen Monster Offwidth luzean. 50 metro dira, eta metro bakoitzean sufritzen duzu. Teknika kontua da».

EKAITZA

“Golden Gate” eskuan zutenean, ezusteko batek hirukotea harrapatu zuen. Azken bi luze gogorrenak sinatu ondoren, ekaitz baten mamua heldu zitzaien. Tontorretik gertu zeudenean, ekaitz batek gogor astindu zituen: «30 metrora geunden, eta egundoko zaparrada bota zigun. Ur jauzi baten azpian geunden! Saiatu ginen artifizialean igotzen, baina ezinezkoa izan zen. Euriak blai-bai utzi gintuen; lo zakuak ere bustita zeuden. Erreskatea eskatzekotan egon ginen; soilik goitik soka bat bidaltzea behar genuen. Baina, azkenean, nola hala gaua igaro genuen. Eta biharamunean, arroka segituan lehortu zenez, azken metroak igo eta “Golden Gate” amaitu genuen».

Eskalatzaile arabarrak baieztatu digu “Golden Gate”-ko eskarmentua aberatsa izan dela eta pozarren dagoela lortutako emaitzarekin. Gaineratu du hasieran pixka bat “beldur” zela ibilbidek dituen luze zailenekin, baina bidearen barruan iritzi hori aldatu zela: «Kapitaineko dokumental batzuk ikusi ditut, eta luze horien inguruan istorioak irakurri. Finean, txipa aldatu baino ez da egin behar. Asko eskatzen duten luzeak daude, baina guk ere badakigu estutzen. Arestian aipatu dudanez, artesi zabalak izan dira buruhauste gehien eman dizkigutenak. Horietan ez dugu teknika egokirik. The Move, Down Climb edo A5 Traverse luzeak, adibidez, askoz ere hobeto eskalatu genituen. Ezaugarri eta estilo ezberdinak dituen bide erakargarria da. Pena bakarra dugu Tasiok luze bakan batzuk librean zintzilik utzi zituela. Nilek eta biok erabateko arrakasta izan genuen, baina argi dugu arrakasta hori hirurona dela. Talde lana izan da, oso aberasgarria».

Yosemiteko bidaia horretan, “Golden Gate” bideaz gainera, beste batzuk eskalatu zituzten. Half Dome-n, adibidez, “Regular” zazpi orduan igo zuten. Kapitaineko “El Niño”-n ere saiatu ziren. Alcubilla eta Inoriza bide horretan sartu ziren. Lehen bi luze gogorrenak librean eskalatu eta gero, hirugarrenean katalanak min hartu zuen eroriko batean, eta helburua bertan behera utzi zuten.