2024 AZA. 12 Meatzaritza, petrolioa eta gasa, Trumpen agenda energetikoa: zulatu, baby, zulatu Donald Trumpi gauza asko egotz dakizkioke, baina iritzia ozen eta argi ez adieraztea ez da horietako bat, zerbaiten aurka dagoenean bereziki. «Iruzur berdea» esan izan dio behin eta berriz larrialdi klimatikoari, eta Joe Bidenen Administrazioaren politika erabat aldatuko duela agindu du, erregai fosilen aldeko apustua eginez. Lehen neurriak prest ditu, agintea hartu eta berehala indarrean sartzeko. (John LAMPARSKI | AFP) Urtzi URRUTIKOETXEA Donald Trumpek hauteskundeak irabazi zituenetik, bere agindupean egongo direnen izendapenen berri ematen ari da: Etxe Zuriko arduradun nagusia eta immigrazioaren «tsar-a», esaterako. Aspaldi honetan, Errusiako enperadoreen izena eman zaie gai bakoitzeko arduradun nagusiei. Hala, Energia tsar-a iragarriko du aurki AEBetako presidente hautatu berriak. Bere ardura administrazioaren agentzien politikak koordinatzea izango da, erregulazioak malgutzeko eta petrolioaren, gasaren eta ikatzaren ekoizpena bizkortzeko. Petrolioaren eta gasaren industriaren sosek nabarmen finantzatu dute Trumpen kanpaina, eta hauteskunde gauean bertan garaileak esker ona erakutsi zien: «Munduko edozein herrialdek baino urre likido gehiago dugu. Saudi Arabiak baino gehiago. Errusiak baino gehiago dugu». Hala, kanpainako lelo nagusietako, drill, errepikatu zuen: «zulatu, zulatu, zulatu», lotsagabe Robert Fitzgerald Kennedyri (RFK) begiratzen ziola. RFK pandemian txertoen aurka mintzatzeagatik da ezaguna, baina borroka ekologistan nabarmendu izan zen urteetan, demokratek hartutako bidea baino are ezkerreragotik. Irailean bere kanpaina bertan behera uztean Trumpekin bat egin zuen. Honek osasun eta elikadura gaietan postua agindu dio, «baina ez diogu utziko gasaren eta petrolioaren inguruan ibiltzen», umiliatu du Trumpek Kennedy, burlaizez, behin baino gehiagotan kanpainako ekitaldi publikoetan. Gobernu berriaren ildo nagusiak aspaldi prestatu zituzten, eta klimarekin eta energiarekin lotutako agindu exekutibo eta aldarrikapen presidentzial batzuk idatzita daude dagoeneko, Trumpen trantsizio taldea ezagutzen duten sei iturrik “The New York Times”-i esan diotenaren arabera. Neurrien helburua, Joe Bidenen agintaldian onartutako energia garbien arauak bertan behera uztea da, ekonomiari kalte egiten diotela argudiatuta. LOBBYAK ETXE ZURIRA Trumpen agendan, ingurumenaren babesaren aurka diharduten Washingtongo lobbyetan eskarmentu handiko pertsonak daude: David Bernhardt eta Andrew Wheeler-ek esperientzia luzea daukate ingurumena babesteko neurri federalak txikitzen. Bernhardtek petrolio industriaren interesak defendatu ditu urteetan, eta Trumpen lehen administrazioan Barne Departamentuaren buru izan zen (parke nazionalez arduratzen dena, besteak beste). Ikatzaren lobbytik datorren Andrew Wheeler, berriz, Ingurumena Babesteko Agentzia zuzentzen jarri zuen presidente ohiak 2019an. Energiaren tsar izateko hautagaien artean ere lobbyek hauspotutako hautagaiak ageri dira: Doug Burgum Ipar Dakotako gobernadore errepublikanoa, esate baterako. Primarioetan presidentegai izaten saiatu ostean, lehia utzi eta Trumpen kanpainarako energia gaietako aholkulari nagusia izan da. Hilabeteotan bitartekari lana egin du hautagai errepublikanoaren eta bere kanpaina finantzatu duten petrolioaren magnate/handikien artean. Dan Brouillette autogintzako sektorearen lobbyko ordezkaria eta Trumpen lehen agintaldiko Energia idazkaria da kinieletan ageri den beste izenetako bat. Munduko ekonomia nagusiek berotegi gasen emisioak 2005ekoen %50 izan behar lituzkete 2030erako, zientzialarien arabera. Bidenen administrazioarekin neurriek %40ra iristeko asmoa zuten. Badago alderik Trumpen lehen agintaldiarekiko: orduko hartan oztopo ugari izan zituen presidenteak eta haren taldeak, inolako esperientziarik ez zeukatelako Etxe Zurian eta AEBetako administrazioan eta legeetan. Oraingo honetan, aspalditik prestatzen ari dira hartu beharreko neurriak. “New York Times”-ek dakarrenaren arbera, Biden bera dute eredu, lehen egunean ehunka lagun kontratatu baitzituen energia gaiez arduratzeko. «Bidenek egindakoa aztertu eta ‘ez’ jarriko dugu aurretik». Dagoeneko prest dauden neurrien artean dago Estatu Batuak Parisko klima akordiotik berriz erretiratzea (Bidenek atzera ere sartu du bere agintaldian). Nagusiki komunitate behartsuei eragiten dien kutsadura amaitzeko agentzien bulegoak ixtea era aurreikusi dute. Azken lau urteotan «ingurumen justizia» erabateko lehentasuna izan da administrazioan, energia garbiaren onuraren %40 gutxienez komunitate baztertuetara bideratzea agindu da. Trumpen trantsizio plana ezagutzen dutenek diote ekimen hori baztertu egingo dela. Egun Deb Haaland indigenak zuzentzen duen Barne Departamentuak berebiziko garrantzia dauka Trumpen egitasmoan. David Bernhardtek zuzendu zuen Haalanden aurretik, eta monumentu eta parke nazionalei eta babestutako espezieei babesa kentzeaz arduratu zen. Hala, naturagune izendatutako 40.000 km2 (Euskal Herria halako bi) petrolio eta gas ustiaketarako eskuragarri jarri zituen. Utah hegoaldeko Bears Ears eta Grand Staircase-Escalante parke nazionalen mugak aldatu zituen Trumpek 2017an, eta Bidenen agintaldian berriz ere hedatu zuen lurralde-eremua, natibo indigenentzat sakratuak zirela aitortzeko eta konpainia energetikoetatik babesteko. Hori guztia desegingo du Trumpek, mapa berriak egingo ditu eta meatzaritzarako lekua hartuko du. Barne departamentua gidatzeko ageri den hautagaietako bat (gehiago ere badaude) Adam Paul Laxalt euskal jatorriko Nevadako errepublikanoa da. OZTOPOAK ETXE BARRUAN «Funtsean, Biden egiten saiatu dena, Trump presidentea desegiten saiatuko da», laburbiltzen du Matthew Daly adituak. Joe Bidenen agintaldian mugarria izan den legeetako bat 2022ko Inflazioa Murrizteko Legea izan da. Ibilgailu elektrikoetan, baterietan eta beste energia garbi batzuen teknologian 390.000 milioi dolarreko inbertsioak dituen legea da. Trumpek, ohi bezala, ez du ezkutatu hura indargabetzeko asmoa. Etxe barruan oztopoak izan ditzake, dagoeneko hainbat lanpostu sortu baitira trantsizio energetikoarekin lotuta. «Inflazioa Murrizteko Legea oso zabala da, eta ehunka mila milioi dolar ditu energia garbia sustatzeko eta zerga-kredituetarako. Presidente berriak hori indargabetu nahi du. Hala ere, uste dut izango duela arazorik. Legea dagoeneko indarrean dago, energia garbietarako proiektu asko abian dira, eta horietako hainbat errepublikanoen barrutietan daude». Orain arte gastatutako diruaren %80 gutxi gorabehera Kongresuan ordezkari errepublikano bat daukaten barrutietara joan da. Kongresista errepublikano horiek eta proiektu horietan diharduten enpresetako nagusiek inbertsioak eta sortutako lanpostuak gorde nahi dituzte, noski. Trumpek aurre egin beharko dioen lehen proba politikoetako bat izango da. Lehendik ere Trump jabetu zen kontraesanaz: kanpaina hasieran auto elektrikoei buruzko txantxak egin bazituen ere, «woke» kulturan kokatuz, askoz gutxiago aipatu izan du gerora. Ezin ahaztu, Trumpen lagun min bihurtu den (eta hauteskundeak irabazteko giltzarri) Elon Musk Tesla konpainiaren nagusia ere badela. Alderdikideekin oztopoak badaude, are handiagoak izango dira aurkariekin. Azaroaren 5ean egindako galdeketen artean, zenbait estatutan larrialdi klimatikoari aurre egiteko neurriei buruz bozkatu zuten. Washington estatuan, esaterako, erregai fosilen emisioak mugatzen dituen lege anbiziotsu baten alde bozkatu dute herritarrek. Kalifornian, berriz, klima eta ingurumen proiektuetarako 10.000 milioi dolarreko «klimaren aldeko bonua» eratzea onartu dute. «Ekintza klimatikoaren gunea estatuetara mugitu da», dio Columbia Unibertsitateko Aldaketa Klimatikorako Legeen Sabin Center-eko Martin Lockmanek, Etxe Zuriaren ahaleginen aurrean estatuak gotorleku bihurtuko direla sinetsita. «Inflazioa Murrizteko Legea erabat baliogabetu ezean, lekuan bertan ukaezina da zenbaterainoko eragin daukan, baita ‘klima’ hitza aipatuko ez duten estatu errepublikanoetan ere». Ingurumena Babesteko Agentzia (EPA ingelesez) Washington hiriburutik ateratzeko asmoa ere badauka Trumpek. Zazpi mila lagunek lan egiten dute bertan; aurreko legealdian ere haietako askok utzi zuten lana. «Presidenteak agentziaren lanean ez duela sinesten uste badute, alde egiten du jendeak. Aditu-jarioa da, eta ez dira ordezkatzen». Estatu Batuetako aldaketa haizeak atzerrian ere nabari dira. Azken COP bileretan agerikoa izan da AEBen nagusitasuna, John Kerry klimaren mandatari izandakoaren eskutik. Azken unean izanda ere, Txinarekin harreman-akordioak iritsi dira. Aurten John Podestak hartu du Kerryren lekua, hau da, Joe Bidenen Gobernua da funtsean Azerbaijanen dagoena. Epe luzerako behar diren akordioen unean, bi hilabete doi-doi iraun dezaketen konpromisoak har ditzake oraintxe bertan Etxe Zuriak. Oraingoan AEBetako ordezkariak ez du «erregai fosilak abandonatzea» aipatu. Biden bera dute eredu, lehen egunean ehunka lagun kontratatu baitzituen energia gaiez arduratzeko. «Bidenek egindakoa aztertu eta ‘ez’ jarriko dugu aurretik». «Ekintza-klimatikoaren gunea estatuetara mugitu da», dio Columbia Unibertsitateko Aldaketa Klimatikorako Legeen Sabin Center-eko Martin Lockmanek, Etxe Zuriaren ahaleginen aurrean estatuak gotorleku bihurtuko direla sinetsita.