2024 AZA. 13 Langile bat hil da Irunen, kamioia kargatzen ari zenean bihotzekoak jota GARA DONOSTIA Lesakako 56 urteko garraiolari bat hil zen astelehenean Irunen, kamioia kargatzen ari zenean bihotzekoak jota. Transportes Etxetrans 2000 enpresako behargina zen, LABek atzo ezagutzera eman zuenez. Honekin 11 dira aurten lanean hil diren kamioilariak, «horietariko asko bihotzekoak jota». Honenbestez, 54 laneko heriotza izan dira gutxienez urte hasieratik Euskal Herrian, sindiaktuaren datuen arabera. LABek gogoratu zuen 2023ko ezbeharren txostenean salatu zuela «orokorrean istripuz hildakoen %33 ez traumatikoak direla». Garraiolarien artean, aldiz, %75 izan ziren ez traumatikoak. Izan ere, garraioaren sektorea laneko ezbehar gehien gertatzen direnetakoa da. «Iaz 10 garraiolari hil ziren lan istripuz. Aurten dagoeneko kopuru hori gainditu da», esan zuen LABek. Garraioaren arloan lan baldintzak «oso prekarioak» dira, sindikatuaren arabera: «Lanaldi luzeak, estresa, presioak, garraioagatik ordaintzen duten prezio baxua, modu osasuntsuan elikatzeko zailtasunak lan baldintzen eraginez, adinaren eragina, eta abar». Sektore horretan gertatzen diren «lan istripu gehienak ekidin daitezkeela» adierazi du LABek: «Borondate politikoa besterik ez da behar, garraiolarien lan eskubideak bermatzeko eta errespetatzeko neurriak jartzeko».