2024 AZA. 13 GUGGENHEIM BILBAO MUSEOA Miren Arzalluz izango da Guggenheimeko zuzendari nagusia Miren Arzalluz historialari eta komisarioa izendatu dute Guggenheim Bilbao Museoaren zuzendari nagusi. Apirilaren 1etik aurrera hartuko du kargua. Azken sei urteotan Palais Galliera Parisko Moda Museoaren zuzendaria izan da. Arzallusek «tokiko balioak eta balio globalak integratzeko duen gaitasuna» nabarmendu du patronatuak. Guggenheim Bilbao Museoaren artxiboko irudia. (Aritz LOIOLA | FOKU) GARA BILBO Guggenheim Bilbao Museoaren Patronatuak Miren Arzalluz Loroño (Bilbo, 1978) historialari eta komisario ezaguna izendatu du museoaren zuzendari nagusi, azken hilabeteotan osatu den hautaketa prozesua burutu ondoren. Arzalluz aukeratzearen arrazoien artean dago hark nazioarteko kultur erakundetan duen esperientzia. Deustuko Unibertsitateko doktoregoa du Historian, Artearen Historiako Masterra egin zuen The Courtauld Institute of Art-en eta Politika Konparatuan Masterra London School of Economics-en. Azken sei urteotan, berriz, Palais Galliera Parisko Moda Museoko zuzendaria izan da. «Artearen historiaren, ikerketaren eta museoen arloetan duen ezagutza sakona dakar, eta, horrez gain, eskarmentu handia du erakundeen kudeaketan eta nazioarteko harremanetan», azaldu zuen atzo patronatuak ohar baten bidez. Testuinguru kulturalekiko duen «sentsibilitatea» eta «tokiko balioak eta balio globalak integratzeko gaitasuna» ere nabarmendu zituen. Gaur egungo euskal kulturarekin lotura estuak ditu Arzalluzek: Bilboko Arte Ederren Museoaren Aholku Batzorde Artistikoko kidea da, eta Parisera joan aurretik Etxepare Euskal Institutuaren zuzendaria izan zen. Arte aditu independente gisa izan duen esperientziari esker, erakusketak komisariatu ahal izan ditu munduko zenbait herrialdetan, eta bost urtez Balenciaga Fundazioaren eta Museoaren komisarioburua izan zen, erakusketen eta Bildumaren arduraduna. HAUTAKETA PROZESUA Maiatzaren 20an Juan Ignacio Vidartek Guggenheim Patronatuan zuzendari nagusi gisa dituen ardurei amaiera emateko erabakia iragarri zuen, museoaren zuzendaritzan belaunaldi berriaren ordezkari bat sartzea ahalbidetzeko. Hortik aurrera nazioarteko hautaketa prozesu bat abiatu zuten, artearen eta kulturaren sektoreko zuzendaritzakideak kontratatzeko zereginetan nazioarteko esperientzia handia duen Berlingo Antonia Josten enpresaren eskutik. Ekainaren 3tik 30era bitartean hautaketa prozesuaren zabalkundea egin zen eta eskabideak museoaren webgunean aurkeztu ahal izan ziren. Prozesuan, jatorri geografiko desberdineko 79 profesional kontuan hartu zituzten (%32 nazioartekoak, %23 EAEkoak eta %45 Estatu espainoleko gainerako herrialdeetakoak). Profilak aztertu eta elkarrizketak egin ondoren, Antonia Josten enpresak hautagai aukeratuen zerrenda bat osatu zuen, eta hautaketa batzordeari bidali zion baloratzeko. Eskatutako gaitasunen eta ezaugarrien arabera, batzorde horrek hautagaiak ebaluatu zituen eta, azkenik, haien ustez hautagairik egokiena eta artearen munduko erronka berriei hobekien erantzungo ziena aukeratu zuten. 2025eko martxoaren 1ean izendatuko dute Arzalluz zuzendari nagusi eta izendapenak egun horretatik aurrera izango du eragina. Lau astez, apirilaren 1era arte, murgiltze prozesu bat egingo du Bilboko eta New Yorkeko Guggenheim museoetan, Juan Ignacio Vidarterekin batera. Egun horretan Miren Arzalluzek zuzendari nagusi kargua hartuko du, erantzukizun osoz. Arzalluzek zuzendari nagusi gisa izango dituen erronken artean Guggenheim Urdaibairen proiektu polemikoa dago. Orain arte patronatuak eta Vidartek egitasmoa bultzatu dute, baina gizartearen gaitzespen zabalak eta erakundeen arteko adostasun faltak zalantzan jarri dute proiektuaren etorkizuna. «ZIKLO BERRIA»Lakuako Gobernuak «ziklo berri» baten testuinguruan kokatu du izendapena: «Gizartearen eta artearen munduaren erronka berriei erantzuten dio»