2024 AZA. 15 Enpresen %12,2k eta erakundeen %16,4k darabilte adimen artifiziala Adimen Artifizialak euskal enpresa eta erakundeetan duen zabalkundeari buruz egindako lehen diagnostikoak azaleratu duenez, EAEko enpresen %12,2k eta administrazio publikoen %16,4k erabiltzen dute jada teknologia hori. Enpleguari dagokionez, 7.500 profesionalek baino gehiagok egiten dute lan jarduera horretan. Adimen Artifizialaren zabalkundeari buruzko lehen txostenaren aurkezpena. (GARA) J.S. Ikerketa Adimen Artifizialaren Euskal Zentroak (BAIC) egin du, eta joan den urrian aurkeztu zuten Mikel Jauregi Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburu eta BAICeko lehendakariak, Laura Marron BAICeko zuzendari nagusiak eta Nerea Aranguren BAICeko lehendakariorde eta Mondragon Korporazioko Makina Erreminta eta Automatizazio Industrialeko dibisioetako zuzendari nagusiak. Txostenak Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Adimen Artifizialaren ekosistemaren egungo egoera eta etorkizun potentziala ebaluatzen ditu, eta egiaztatu du teknologia horren erabilera EAEko enpresen %12,2ra iristen dela -duela urtebete baino %3 gehiago- eta administrazio publikoen %16,4ra. Beraz, diagnostikoaren arabera, «oraindik ere hazkunde-tarte handia dago». Jarduera horren eragin ekonomikoari dagokionez, Adimen Artifizialeko soluzioak hornitzen dituzten enpresen fakturazioa 105 milioi eurora iritsi zen. Enpresa erabiltzaileen fakturazioak, berriz, %9ko batez besteko hazkundea izan du Adimen Artifizialeko teknologiak sartzeagatik. Enpleguari dagokionez, 7.500 profesionalek baino gehiagok egiten dute lan jarduera horretan, biztanleria aktiboaren %0,7k. Horietatik, %17 ikerketan aritzen dira, eta gainerako %83 enpresa-sektorean sartuta daude. Kalkuluen arabera, gaur egun, EAEn, gutxienez 89 enpresak garatzen dituzte Adimen Artifizialaren hornitzaile gisa banatzeko eta merkaturatzeko konponbideak. Azpiegitura teknologikoari dagokionez, errendimendu handiko sei konputazio-zentro (HPC) daude eta 2026rako aurreikusitako superordenagailu gehigarri bat izango da, eta horrek indartu egingo du EAEk Adimen Artifizialeko proiektuak gidatzeko duen gaitasuna. EKOSISTEMA SENDOA Ikerketaren ondorioen berri eman ondoren, Jauregi sailburuak nabarmendu zuenez, «diagnostiko honek Adimen Artifizialak Euskadin izan duen bilakaeraren ikuspegi zehatza eskaintzen du, ekosistema publiko-pribatu sendoa eta hazten ari dena sendotuz, non enpresa teknologikoek, prestakuntza-erakundeek, erakunde zientifikoek eta administrazio publikoek parte hartzen duten». Bestalde, Nerea Arangurenek adierazi zuenez, Adimen Artifizialak EAEn duen egoerari buruzko diagnostiko hori «ez da soilik Euskadik duen aurrerapena beste herrialde batzuekin neurtzeko eta alderatzeko tresna, baita ikusgarritasuna eta jardunbide egokiak sustatzeko bultzatzailea ere». Laura Marronen hitzetan, azkenik, BAICen konpromisoa hartu dute «fidagarria eta arduratsua izango den Adimen Artifizial bat garatzeko, etikaren eta legezkotasunaren balioekin bat datorrena». Bertan, «eragile bakoitzaren parte-hartzea erabakigarria da; berrikuntza bakoitzak, Adimen Artifizialaren garapen eta aplikazio berri bakoitzak, gure industria indartzen du eta gure erresilientzia eta egokitzeko gaitasuna handitzen ditu».