GARA Euskal Herriko egunkaria

Erregaiak, argindarrak eta elikagaiek prezioak igo dituzte urrian


Kontsumoko Prezioen Indizeak (KPI) gora egin zuen urrian Hego Euskal Herrian, aurreko hilabetearekin alderatuta, baita duela urtebetetik hona ere, INE estatistika institutu espainolak atzo eman zituen datuen arabera.

Herrialde guztietan gora egin dute prezioek. Hilabete arteko datuei dagokienez, Nafarroak izan ditu daturik okerrenak, %1 igo baita KPI urrian, irailarekin alderatuta. Gipuzkoan hamarren bat gutxiago garestitu da, %0,9. Araban, %0,6 eta Bizkaian, %0,5.

Urte arteko eboluzioari erreparatuta, ordea, inflazioa nabarmen hazi da azken hamabi hilabeteetan. Gipuzkoan inflazio tasa %2,4ra igo da; Bizkaian, %2,3ra, eta Araban eta Nafarroan, %1,8ra.

Aurtengo urtarriletik urrira bitartean, berriz, Gipuzkoan %3,2koa da metatutako inflazioa; Bizkaian, %2,7koa; Araban, %2,3koa eta Nafarroan, %2,2koa.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, prezioak %3,1 hazi dira elikagai eta alkoholik gabeko edarietan; %4,1, alkoholdun edarietan eta tabakoan; %4,7, etxebizitzan; %1,3, tresnerian; %2,5, botiketan; %2,5, aisia eta kulturan; %2,8, hezkuntzan; eta %3,8, hotel, kafetegi eta jantokietan.

Nafarroan, jantzi eta oinetakoetan hazi dira gehien prezioak, %4,9. Bestelako ondasun eta zerbitzuetan %3,8 hazi dira; hezkuntzan, %3,2 eta %3, alkoholdun edarietan eta tabakoan.