2024 AZA. 16 NAZIO ATXIKIMENDUA, DEMOGRAFIA ALDAKETA TESTUINGURUAN (ETA II) «ETORKIZUNEKO PROIEKTUETAN EGINGO DUGU TOPO» TM eLabek eta EHUko Parte Hartuz Ikerketa Taldeak egindako Naziometroaren azken neurketak hainbat erronkaren berri eman dio euskal naziogintzari. Kultura aniztasuna, feminismoa eta belaunaldien arteko arrakalak kontuan hartuta, nazio atxikimendua indartzeko aukerez aritu dira Maddi Alberdi, Argine Nur Khiari eta Xabier Iraola. Naziometroaren emaitzek utzi dituzten erronka eta aukerei buruzko mahai-ingurua. (Marisol RAMIREZ | FOKU) Asier ROBLES Estaturik gabeko nazioek testuinguru globalean dituzten erronkei buruzko jardunaldia egin zuten herenegun Telesforo Monzon eLabek eta EHUko Parte Hartuz Ikerketa Taldeak. Lehenengo mahai-inguruan nazio atxikimenduaz, migrazio fluxuen eraginaz eta gizarte kohesioaz aritu ziren hainbat aditu. Bigarrenean, aldiz, aukerak izan ziren hizpide. Aurrera begira, zelako aukerak daude nazioarekiko atxikimendu prozesuak eraikitzeko? Nola eta zein terminotan eraiki beharko lirateke? Galdera hauei erantzun zieten Maddi Alberdi gizarte langile eta EHUko ikerlariak, Argine Nur Khiari lege aholkulariak eta Xabier Iraola Sortuko nazio kontseiluko kideak kultura aniztasuna, feminismoa eta belaunaldien arteko arrakalak kontuan izanda. Nazioaren kontzeptuak, edo nazioa ulertzeko moduak, historia edo lurraldea bezalako elementu finko batzuk dituen arren, aldakorra dela nabarmendu zuen Alberdik eta XX. mende amaieratik gaur egunera arte euskal nortasunak izan duen aldaketa jarri zuen adibide gisa: «Ikuspegi esentzialista batetik modu subjektibo batera pasa gara, non borondateak eta momentuko beharrak indar handiagoa duten. Gaur egun, gorputzaren eta espazioaren arabera ere irudikatzen dira nazioak. «Nazioa testuinguruaren arabera moldatzen den kontzeptu dinamiko bat da». Neoliberalismoak sortutako testuingurua kontuan hartuta kontrakoa pentsa daitekeen arren, Iraolak mundu honetan nazio atxikimenduak «operatzen jarraitzen» duela baieztatu zuen. «Abertzaletasunak artikulazio politikorako izugarrizko potentziala du. Neoliberalismoak jendarte gero eta indibidualistagoak ekarri ditu, baina gogoratu behar dugu neoliberalismoaren krisian gaudela. Krisiak ez du esan nahi bueltan etorriko dena hobeagoa izango denik, baina aukerak sortzen ditu». Hortik abiatuta, gaurko testuinguruko erronka berriak aipatu zituen Alberdik: etxebizitzaren arazoa, prekaritatea, zaintza krisiak, demografia aldaketak, krisi klimatikoa, ultraeskuineko erreakzioak... «Testuinguru honetan, segurtasunak eskaintzen dizkiguten komunitate eta politika publikoak eta feminismoa eta ekologismoa bezalako ideiak nazio-atxikimendu elementuak dira», nabarmendu zuen. AUKERAK Feminismoari erreparatu zion Alberdik. Izan ere, emakumeek nazionalismoarekin «beti harreman gatazkatsua izan» dutela gogorarazi zuen. «Historikoki, nazionalismo prozesuak oso ikuspegi maskulinotik eraiki dira eta emakumeak ikusezin bilakatu dira edota posizio sinboliko bat eman zaie», azaldu zuen. Baina feminismoa «iraganeko errelatoa aldatzen ari den moduan, etorkizuneko estrategia aldatzen» ari dela baieztatu zuen Alberdik, eta euskal nazionalismoan lidergo propioa izateko hartu duen konpromisoa goraipatu zuen: «Feminismotik euskal nazionalismoa birpentsatzen eta estrategia berriak sortzen ari dira. Feminismoa utopiak sortzen eta mahaigaineratzen ari da, eta utopia horiek dira mobilizatzeko arrazoiak ematen dituztenak», nabarmendu zuen. Alde horretatik, gogoratu zuen Euskal Herrian neska gazte asko «feminismoari esker» ari direla herri mugimendu eta militantzia eremuetara hurbiltzen. Aita tunisiarra eta ama Araba Mendialdekoa ditu Nur Khiarik. Gurasoek euskaraz ez jakin arren, eskola publikoan D ereduan ikasi du beti eta, esan zuenez, orain hiru urtera arte ez du bere burua emakume arrazializatu gisa ikusi. «Ni euskal herritarra eta tunisiarra sentitzen naiz, eta nire euskal herriarekiko atxikimendua ez dut inoiz kuestionatu», erantzun zion apur bat haserre atzerritar jatorriko pertsona batek Euskal Herriarekiko atxikimendua nola eraikitzen duen galderari. «Uste dut arrazializazioa ikuspegi paternalistatik aplikatzen dugula, eta horrek harreman botereak sortzen ditu. Arrazializazioa sailkapen moduan erabiltzen dugunean identitatea arautzen duen irudi bat inposatzen dugu. Eta honek identitate euskalduna eraikitzeko prozesuan parte hartzeko zailtasunak dakartza, ez delako modu naturalean egiten. Pertsona arrazializatuentzat, gizarteak ezarri dion ‘bestea’ izatearen etiketa pisutsua da», argitu zuen. Migrazioak sortutako aniztasun kulturalak euskal nazioarekiko atxikimendu prozesuan eragiten duela aintzat hartuta, honek euskal nortasuna nola eraikitzen den berrikusteko aukera ematen duela uste du Nur Khiarik. «Euskal Herria kultura arteko proiektu baten parte irudikatzen badugu, irudikapen honetan norbanako bakoitza, jatorria edo bere itxura fisikoa alde batera utzita, protagonista izan daitekeen proiektua izango da. Benetako protagonista, ez aliatua, aldarrikatu zuen. AZELERAZIO FASEA Nazio atxikimendua berrindartzeko baldintzak daudela ere azpimarratu zuen Iraolak, baina «historiaren izugarrizko azelerazio fase» batean gaudela kontuan hartuta, «hausnarketa sakonen beharra» azpimarratu zuen: «Testuinguru batean gaude non jokoan dagoen zein marko ideologikoren arabera eraikiko den etorkizuna. Ez bagara kapaz momentuko erronkak termino ireki eta solidarioetan erantzuteko, gailenduko dena bestea da: komunitate itxi eta baztertzaileak». Bide horretan, orain arteko abertzaletasuna zabaltzeko diskurtso eta bektore berriak daudela gogoratu zuten hizlariek. «Etorkizuneko proiektuetan egingo dugu topo. Euskal nazioa izango bada, etorkizuneko proiektu bat imajinatu eta eraikiko duelako izango da», aldarrikatu zuen Iraolak. «Euskal Herriarekiko atxikimendua euskara, kultur parte-hartzean eta herriarekiko elkartasunaren bidez landu behar da», gehitu zuen Nur Khiarik. «Aldaketa asko gertatzen ari dira azken urteetan, eta horrek zuzenean eragiten dio nazio atxikimenduari»