2024 AZA. 17 «Bagara»: maratoia eta adierazpen indartsua herriaren sua pizteko Euskaldun gehien dituen hiria, Euskarabenturako bizipen ahaztezinak, pikondoa irudi duen Legorreta, Lautadako herritarrak AHTaren aurrean eraikitzen ari diren alternatiba eta bertze hamaika errealitate erakutsi zituen atzo Gure Eskuren bideo-maratoiak. Herri adierazpena eta mobilizazio baterako deia ere egin zuten: ekainaren 7an, Bilbon. Abeslariek kantuan jarri zituzten Bilboko Alondegian bildutako lagunak, «Bagara» maratoiko ekitaldi nagusian. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU) Maider IANTZI GOIENETXE Duela hamar urte giza kateen bidez Euskal Herria elkartu zuen bezala, atzo bideo katea osatu zuen Gure Eskuk, erabakitzeko eskubidearen eta herri nortasunaren alde. Goizetik hasita herri gisa ditugun berezitasunak biltzen dituzten bideoak erakutsi zituzten. Eguerdian, Bilboko Azkuna Zentroan, «herri adierazpen garrantzitsu bat» plazaratu zuten, Euskal Herri osoko ehundik gora lagunek sinatua. «Gure herriarentzat etorkizun hobea amesten dugu, eta posible ikusten dugu», baieztatu zuten Izortze Santin irakasle eta ikertzaileak eta Xabier Euzkitze bertsolari eta kazetariak. Euskaraz irakurri zuten agiria, Euskal Herriko aurpegi ezagunez, artistaz eta herritarrez betetako Alondegian. Jakitun dira erronka konplexuak daudela aurrean, eta «iragana irakaspen kutxa» gisa hartuz, «hurrengo belaunaldiei bizimodu hobea eraikitzeko anbizioa» dute. «BORONDATE IRMOA» Herri erronkei erantzuteko «jauzi baten beharra» sumatzen dute. Adierazi zutenez, «gure lurra, euskara, euskal kultura, ez daude mehatxuetatik libre, arriskutik kanpo. Defendatzeko baliabideak falta ditugu, baita etorkizun parekide, justu, orekatu eta jasangarriagoa eraikitzeko ere. Bada garaia gure erabakitze eskubidea sendotu eta blindatzeko. Gaitasuna badugu, eta gure burua gobernatzeko borondate irmoa, inoiz baino gehiago». Bizi dugun oraina aldakorra da eta, hein handian, ziurgabea ere bai. Hala ere, «gure esku dago eskubide gehiago lortzea», berretsi zuten. «Burujabetza osoa erdiesteko garrantzitsuena bidea urratzen jarraitzea da, gure indar guztiekin bultzatuz, denok elkarrekin eta batera, hala iritsiko gara arinago eta urrunago». EKAINAK 7 Kalean ere indarrak batzeko beharra ikusten dutenez, datorren ekainaren 7an “Herri libre bat, Euskal Herriak erabaki” leloa izanen duen mobilizazio erraldoian parte hartzera gonbidatu zituzten euskal herritar guztiak. Bilbon da hitzordua «herri oso bat martxan irudikatzeko». Agiria irakurtzen zuten bitartean, Eider Eibarrek ilustrazio bat egin zuen zuzenean. Alaia Martinek bertsoz deskribatu zuen: «Hor esku bat sumatu dut ur urdinetik edaten/ zipriztinak zazpi lurrak aireraino eramaten/ herri libre bat idatziz jende zoriontsu baten/ mendetan ikasi dugu jasaten, berriz jasaten/ baina ongi dakigunez guk nahi duguna esaten/ pausuka pausuka goaz gerorako gonbidapen/ utzi egin behar digute berez garena izaten/ erabaki behar dugu erabaki ez gaitzaten». Ekimenaren parte-hartzaileei eta ikusleei eskerrak eman zizkien Josu Etxaburu Gure Eskuko bozeramaileak. Egun garrantzitsutzat jo zuen atzokoa, lau haizeetara zabaldu zelako herri libre bat izateko gogoa eta erabakimena. Gasteizen eta Iruñean ere egin zituzten zuzeneko ekitaldiak, eta, nola ez, Gure Eskuren abesti alaiarekin amaitu zen maratoia. TRESNA ZEHATZAKProzesu politikoek herri libre bat eraikitzeko balio behar dutela azaldu zuten. Horregatik, tresna juridiko-politikoak zehazteko eta indarrean jartzeko deia egin zuten. IZAN NAHI DUGUNAEmozioa zegoen bideoetan, umorea, aldarrikapena, itxaropena, irudimena eta determinazioa; «Euskal Herria dena, garena eta izan nahi duguna», Etxabururen hitzetan.