2024 AZA. 18 DERBIA ANOETAN Emaitzak eta sailkapenak donostiarren festa borobildu zuten Derbia irabazi zuen Realak bi urteren bueltan, laugarren postua sendotu eta Athletic zazpi puntura utziz. Lavogezek 5. minutuan sartu zuen gola eta Oguizak txartel gorria ikusi zuen 29.ean. Zuri-gorriek ez zuten amore eman, baina beren partida onak ez zuen oraingoan saririk lortu. Lavogezek -irudian Franssirekin ospatzen- garaipenaren gola sartu zuen bere lehen derbian. (Jon URBE | FOKU) Amaia U. LASAGABASTER Jokalariak berak Realarekin kontratua sinatu ondoren eskainitako lehen adierazpenetan azaldu zuenez, Claire Lavogezek Donostiara iristean ikasi zuen lehenengo gauzetako bat Athleticen aurkako garaipenak asko estimatzen direla izan zen. Eta badirudi arreta jarri zuela, frantziarraren gol bati esker eskuratu baitzituen atzo talde txuri-urdinak Athleticen aurkako hiru puntuak. Gainera garaipena, ziurrenik, ohi baino gehiago ospatu zen Anoetan, azkenekotik bi urte igaro zirelako eta emaitzak Realaren laugarren postua sendotu duelako, bizkaitarrak zazpi puntura urrunduz. Nahiz eta oraingoan ere ezin izan zuten partida hasieratik amaierara kontrolatu, Athletic ordubete baino gehiagoz hamar jokalarirekin aritu zen arren, donostiarrek aurkariari bere bertute handienetakoa osteko gaitasuna izan zuten; aurreko egunetan bere garrantziagatik maiz azpimarratutako eraginkortasuna, alegia. 1-0ekoa beren lehen aukeran iritsi zen, norgehiagoka hasi eta berehala, eta horrek asko erraztu zizkien gauzak. Lehen ordu erdia betetzear zegoela Irene Oguizak txartel gorria ikustea ere ez zitzaien gaizki etorri. Eszenatokia, markagailua eta baldintzak ia hasieratik kontra izan arren, Athleticek ez zuen amore eman eta, nahiz eta tarteka atzean sufritu egin zuen, gai izan zen bizirik mantentzen zuen emaitzari eusteko eta noizbehinka aurkaria mehatxatzeko. Derbia, izan ere, azkenaldi honetan jokatu duen partida onenetakoa izan zen baina, beste jardunaldietan ez bezala, atzokoan ez zen aski izan Athleticek emaitza on bat lortzeko. DINBI-DANBA Entrenatzaile biek eman zizkioten ukituak beren taldeari. Etxekoen aldetik, Emma itzuli zen Quilesen ordez, dagoeneko defentsako postu guztietan jokatu duen Lucia Rodriguez ezkerrera mugituz, eta aulkian geratu zen Etxezarreta, bere lekua ebakuntza bat egin ondoren aurreko bi partida jokatu ezin izan zituen Vanegasi utziz. David Aznarrek ohiko ustekabea eskaini zuen. Oraingoan, postu gehiegi probatzea falta ez zaion Sara Ortegari egokitu zitzaion. Ezker hegalean jarri zen errioxarra, Nerea Nevado aulkian geratu zen bitartean. Gainera, lauko defentsa berreskuratu zuen entrenatzaile zuri-gorriak, Maite Zubieta aurreratuz; eta goialdean, Azkonak eta Amezagak hiruko lerroa osatu zuten, Nahikari puntan utziz. Bizi-bizi hasi zen partida. Lehen minutua bete aurretik, kornerrean amaitu zuen Athleticen baloiak, azken bi partidetan gola sartu duen Elexpuru bigarren zutoinean zain zegoela errematatzeko. Eta bosgarren minutua bete berri, Realaren gola heldu zen. Ikusgarria benetan Lavogezek egin zuen errematea. Andreiak baloia utzi zion motzean eta areako zirkuluerditik sekulako eskuinkada jo zuen frantziarrak, baloia langaren albotik sartzeko Nanclaresen atean. Bigarrena ospatzetik gertu geratu zen Eizagirre berehala, baina bere burukada zentimetro gutxi-gutxigatik irten zen. Reala partida kontrolpean mantentzen saiatu zen baloia bereganatuz, baina aurrera egin zuen aurkariak pazientzia handiarekin. Baita 29. minutuan beste kolpe bat jaso ondoren, hori epaileak sinatuta. Ez zuen asmatu Sanchez Miguelek Irene Oguizari, durangarrak Andreia Jacintori iletik oratzeagatik, erakutsitako txartel gorriarekin. Baina ez dago VARik F Ligan eta horri ere aurre egin behar izan zioten bizkaitarrek. Behar eta egin, ez baitzuten amore eman eta lehen zatiaren amaiera intentsoan jo eta ke aritu ziren, Reala bera bezala. Baina alde batean Sara Ortega ozta-ozta heldu zen Amaiurren jaurtiketa kornerrera desbideratzeko, Lavogezek gora bidali zuen Emmaren erdiraketa ona eta atzelari zuri-gorriek larri baina Eizagirren Amaiurren bila egindako erdiraketa ezin hobea urrundu zuten; eta bestean, Letek Elexpururen erdiraketa pozoitua gelditu zuen Azkona alboan zeukala, Emmak azken unean lapurtu zion baloia Amezagari Nahikariren pase bikainaren ondoren eta Athleticek, ohi ez bezala, ezin izan zituen azken minutuetan jaurti zituen hiru falta eta kornerrak aprobetxatu. Maite Valerok Azkonaren lekua hartu zuen atsedenaldian, baina taldeak ez zuen haren freskura nabaritu. Izan ere, gipuzkoarrak gailendu ziren bigarren zatiaren hasieran, partidako beste edozein unetan egitea lortu ez zuten bezala. Athleticek ez zuen aurkaria geldiaraztea lortu eta iazko derbian ere erabakigarria izan zen Nanclaresek hartu behar izan zuen bere taldea bizirik mantentzeko ardura. Hiru geldiketa bikain egin zituen atezain zuri-gorriak, Lavogezen erremateak birritan eta Eizagirrerena beste batean bere atean sar ez zitezen. Logikak denbora Realaren alde zihoala zioen, baina bizkaitarrek aldaketak -Nerea Nevado eta Agote debutaria zelairatu ziren, ezker hegalari sakontasun handiagoa emanez eta Sara Ortegari gorago mugitzeko aukera eskainiz- eskertu zituzten eta azken txanpan arriskuz gerturatu ziren berriro ere Leteren atera. Baina ez zuten asmatu eta Realari, azkenean, merezi izan zion sufritutako tentsio guztiak, garaipenak aurreko hiru handien gertu mantentzen baitu, aldi berean atzetik datozenak urrunduz. DEBUTARIAKLehen derbia izan zen sei jokalarirentzat: Lavogez golegile, Cahynova, Lucia Pardo, Quiles, Valero eta Athleticen lehen taldearekin debutatu zuen aurrelari gazte Daniela Agoterentzat. SAILKAPENALaugarren postuari eusteaz gain, Realak hirugarrenarekiko aldea txikitu du eta Real Madrilengandik hiru puntura dago orain. Athletic, berriz, zazpigarren postura jaitsi da, txuri-urdinekiko aldea zazpi puntura handituz. HISTORIAAtzo lortutako garaipenarekin, zazpi aldiz irabazi du Realak Athleticen kontra Ligan jokatutako derbia. Azken urteotan dinamika aldatu den arren, estatistikak nabarmen daude zuri-gorrien alde, hauek 25 derbi irabazi baitituzte Ligan.