2024 AZA. 19 NEVER LET GO Amaren etxea defendatuko dut Gaizka IZAGIRRE HERNANI Naturaz gaindiko beldurra eta drama psikologikoa uztartzen ditu filmak, eta zenbait gai jorratzen ditu: gehiegizko babesa eta ezezagunarekiko beldurra, besteak beste. Ama bat (Halle Berry) eta bere bi seme bikien istorioa azaltzen du: basoan bizi dira izpiritu gaizto baten eraginpean. Ikusleok ez dugu oso argi izango zer gertatzen ari den, baina hasieratik harrapatuko gaitu. Lehen minutuetan oso ongi funtzionatzen duen filma da, metaforikoki bereziki; etxea babes ikur gisa, soken ideia eta zilbor-hestearekin egin daitekeen lotura eta abar. Alexandre Aja-ren filmografia aztertuz gero, argi geratzen da giza beldurraren atal primitiboenak esploratzea gustatzen zaiola, eta, horretarako, film berri honetan, maiz erabiltzen dituen baliabideak errepikatzen ditu: errealismo zikin eta iluna jariatzen duen estetika, efektu praktikoen erabilera, xehetasun aztoragarriz beteriko muntaketa lana... teknikoki txukuna da. Giroa klaustrofobikoa da eta atmosfera guztiz pertsonala sortzea lortu du. Izua indartzeko helburuz hartutako erabaki formalak oso eraginkorrak dira. Film honen arazorik handiena, ordea, aurrez ikusitako beldurrezko beste pelikula batzuetan jada aztertutako ideiekiko menpekotasun handiegia duela da; “hau askotan ikusi dut” sentsazioa etengabea da filmean zehar. Istorioa kontatzeko izuaren bidea aukeratu izana baliteke desegokia izatea; kontakizunak asko du drama psikologikotik, eta, bide hori sakonki jorratu izan balu, filma askoz biribilagoa izango zatekeen. Hasieratik bukaeraraino besaulkira itsatsita mantenduko zaitu filmak, baina narratiba eta amaiera apur bat tranpatiak dira, zuloz josiak daude. Gainera, filmaren mezuetako bat, osasun mentalarekin zerikusia duena, hain zuzen, nahiko eztabaidagarria iruditu zait.