2024 AZA. 21 Euskal gizartearen eztabaidez hausnartu du Joseba Zulaikak Saiakera berria argitaratu du Joseba Zulaika antropologoak. AEBetan lau hamarkadaz bizi ondoren Euskal Herriko gizartearen egungo egoeraz hausnarketa egin du. «Aberriaren inpaseak» lanak ez ditu erantzunak ematen, baina hausnarketarako parada eskaintzen du. «Aberriaren inpaseak» saiakera argitaratu berri du Joseba Zulaikak. (Jon URBE | FOKU) ALAIA SIERRA DONOSTIA “Aberriaren inpaseak” izeneko saiakera kaleratu berri du Joseba Zulaikak, gaur egungo Euskal Herrian bizirik dauden eztabaiden inguruko hausnarketa eta horiei beste modu batera begiratzeko aukera eskainiz. Berrogehi urtez Ameriketako Estatu Batuetan bizi izan da Joseba Zulaika antropologo, pentsalari eta idazlea; besteak beste, Nevadan dagoen Renoko Unibertsitateko Euskal Ikasketen Gunean (Center for Basque Studies) lanean. Bere lanek Euskal Herria izan dute ardatz beti, eta ETAren inguruan, bertsolaritzaz eta «kontraterrorismoaz» idatzi du, esate baterako. Atzo Donostian egindako aurkezpenean azaldu zuenez, duela bost urte bueltatu zen Euskal Herrira eta itzulera hori izan zen lan berri honen abiapuntua, hain zuzen ere. Jorge Gimenez Bech idazleak proposatu zion lana, AEBetatik heldu berri zela euskal gizarteaz eta kulturaz kanpoko ikuspegi bat emateko, zehazki. Hortaz, «inpaseak aberriarenak dira, baina nireak ere bai». Jorratzen dituen gaien artean -demografia, migrazioa, turismoa, klima krisia, kapitalismoaren ondorioak eta adimen artifiziala, kasu- euskara nabarmendu zuen atzo idazleak. Azaldu zuenez, urte hauetan ingelesez idatzi du eta itzuli zenean errazagoa egiten zitzaion hizkuntza horretan aritzea, «nire euskara erabat kamutsa» zen eta. Hala ere, «konturatu nintzen ez duela zentzurik ingelesez idazteak», esan zuen. Duela 40 urteko euskararen egoera eta gaur egungoa alderatuz, Zulaikarentzat aurrerapausoak izan dira, «indarberritze» bat gertatu da, kazetaritzan edo literaturan, besteak beste: «Zulora zihoan hizkuntza berpiztu da». Hala ere, deitoratzen du gaur egun hori baieztatzea «tabu» bihurtu dela. «Esan behar duzu euskara larrialdi handian dagoela», adierazi zuen. Horrek, gainera, arrisku bat dakar, Joseba Zulaikaren ustez. Autore batzuek erakutsi duten euskararen egoerarekiko ezkortasuna arbuiatzen du, euskara «hilzorian» dagoela eta halakoak esatea «profezia» bihur daitezkeela uste baitu. Genero-berdintasunaren gaia ere jorratzen du liburuan. Adibide «argi» gisa alarde tradizionalaren eta parekidearen arteko talkak sortutako egoera aipatu zuen, tradizioa altxor gisa ikusten delako baina generoarekin arrakala sortu delako; hor dago «inpasea». Esan zuenez, «inpasea antagonismotik bereizi behar da»; feminismoaren motibazioa emakumeek alardean parte hartzea zen, «ez gorroto amaiezina sortzea». Izan ere, Zulaikaren iritziz, feminismoaren eztandak gizonengan antagonismoa probokatu zuen, eta horrekin, borroka. HAUSNARKETARAKO GONBIDAPENA Alberdaniarekin argitaratutako lana da; Gorka Bereziartua editoreak etxe horretan egindako lehendabizikoa, hain zuzen. Bereziartuak aurkezpenean aurreratu zuenez, “Aberriaren inpaseak” maila teoriko handiko gogoetak eta edozeinek irakur litzazkeenak nahasten ditu. Bereziartuak erantzunak eman baino «esploratu gabeko lurraldeetan sartzera gonbidatzen du, gauzak beste leku batetik begiratzeko», ados egon beharrik gabe. Joseba Zulaikak ohartarazi zuenez, «Euskal Herriak orain inpase hauek bizitzeak ez du esan nahi krisi bat bizi duenik» eta jarrera baikorra erakutsi zuen, «autosaboteajean» eta «super egoaren masokismoan» jausi gabe: «Oso ondo ikusten dut euskal gizartea gauza askotan». «PROFEZIA»Joseba Zulaikaren ustez, azken 40 urteetan euskarak hobera egin du, baina hori esatea «tabua» da. Hizkuntza «hilzorian» dagoela uste izatea, ordea, «profezia» bihur daiteke, bere esanetan.