GARA Euskal Herriko egunkaria
MIKEL ZABALZA GARATEREN OMENALDI EKITALDIA ALTZAN

Zabalza oroitu eta hirian memoria zabaltzearen alde

Atzo goizean Mikel Zabalza Garate gogoratu zuten Altzan. Azken urteetako pausoak «baikorrak» izan direla esan zuten, estatu indarkeriaren biktimatzat aitortzea, besteak beste. Oraindik bidea urratzeko dago, ordea. Azaroaren 30ean Donostiako Udalak plaka bat jarriko du Zabalzaren omenez, eta judizialki ere «agente aktiboa» izateko eskatu zioten.

Idoia Zabalza, Mikelen arreba, bidean lagun izan dituztenei eskerrak ematen. (Maialen ANDRES | FOKU)

Beste urte betez, Altzan dagoen Mikelen Txokoan elkartu ziren atzo Mikel Zabalzaren senide eta lagunak, haren heriotzaren 39. urteurrena dela-eta. Azken urteetan maila instituzionalean Zabalza Estatu indarkeriaren biktima aitortu izana pauso «baikorra» dela azaldu zuten, baina «erantzukizun politikoa dutenek gezurretan» segitzen dutela salatu zuten, eta erantzule politikoei ardura hartzea eskatu.

Lagunez inguratutako omenaldia izan zen. Bertso, kantu eta lore eskaintzaren artean bildu ziren ehun lagunetik gora, eta hitza hartu zuen Zabalzaren arreba Idoia Zabalzak ere. Lehenik eskerrak eman zizkien bidean lagun izan dituzten guztiei, eta, bigarrenik, «mesede» bat eskatu zien: azaroaren 30ean Donostiako Udalak plaka bat jarriko du Intxaurrondon Zabalzaren omenez, eta 12.00etan egingo den ekitaldira bertaratzeko dei egin zuen. «Beste pauso garrantzitsu bat da, gure herriaren memoria gordetzeko, gure herriaren historia zabaltzeko eta kontatzeko. Gure herrietan hedatzeko horrelako euskarriak zabaldu behar ditugu. Zaindu dezagun guztion artean oroigarri hori».

«Dagoeneko Mikel biktima gisa aitortua izan da Donostian, EAEn eta Nafarroan. Estatuko polizia indarren biktima izan dela argi dago, ez soilik jendartean eta maila politikoan, baita instituzio mailan ere», adierazi zuten Mikel Zabalza Herri Ekimena taldekoek. Aipagai izan zuten udalak jarriko duen plaka, baina, hala ere, Udalari «oraindik aktiboagoa» izateko eskatu zioten: «39 urte hauetan bi mozio onartu baditu ere, agente aktiboa izateko konpromisoa har dezan, baita judizialki ere».

TORTURA BABESTU

«Egia faktikoa hasieratik ezagutu dugu. Egia sozial eta politikoa beti presente egon da eta gaur egun oso zabalduta dago. Euskal instituzioen aitortza dugu orain. Baina beste osagai bat falta dugu: erantzukizun politikoa dutenek gezurrean enrokatuta segitzen dute. Gobernu espainolak eta PSOEk ez dute egia aitortu, ez dute barkamenik eskatu», ohartarazi zuten eta erantzukizuna eskatu zuten. Esan zuten «kontrakoa» egin dutela indar politiko horiek. «Tortura eta torturatzaileak babesten eta goraipatzen» jarraitzen dute, eta Gasteizen urriaren 12an Guardia Zibilak egindako desfila gogoratu zuten. «Euskal jendarteak torturatzaileak normalizatzea dute xede», adierazi zuten.

Marisol Garmendia Gobernu espainolaren Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ordezkariaren adierazpenak ere mahai gainean jarri nahi izan zituzten, «mingarriak» izan zirela gogoratuz.

«Biolentzia mota bat bakarrik eta haren erantzuleak aipatu zituen. Baina aipatu izan balitu Estatu espainolak eragindako biolentzia eta haren erantzuleak, giza eskubideen urraketa Euskal Herrian oso zabala izan dela onartu beharko zuen», zehaztu zuten. «Mikel, Idoia, Jon eta 5.000 torturatu baino gehiagok erakusten duten bezala».

Garmendiaren beraren adierazpenak moldatu zituzten, «biktima guztientzako eskubideak» aldarrikatuz. Eta amaieran baieztapen batekin biribildu zuten: «Zentzu honetan, PSOEk ere zor historiko ikaragarria du herri honekin».

40. URTEURRENA

Datorren urtean beteko dira 40 urte Zabalza hil zutenetik, eta Altzako lagunek Orbaizetako lagunekin batera urteurren biribilerako urte osoan zehar hainbat ekimen prestatuko dituztela aurreratu zuten.

«Gure ekimenek auzolana dute oinarri. Honenbestez, erne egon zaitezte datozen hilabeteetan deituko ditugun bilkuretara», esanez amaitu zuten ekitaldia, eta hurrengo urtean gehiago.