GARA Euskal Herriko egunkaria

Etiketak


Joan den egunean Jagoba lankideari galdetu behar izan nion ea zer den “lo-fi” musika. Hark pazientzia apur bat hartuta, artez, azaldu zidan, eta ulertu nuelakoan nago. Ez daki zer ate arriskutsu ireki duen; orain, badakit norengana jo, musikaren “etiketajearen” inguruan ditudan gero eta zalantza handiagoak argitzeko. Ez dut bakean utziko, egun ulertezinagoa gertatzen baitzait musika talde baten inguruko informazioa, jelatutako croissant pakete baten nutrizio-informazioa baino.

“Easy listening afro-karibetarra”, “muturreko grindcore progresiboa”, “indie-folk zinematikoa”... Norbaitek hartu du, bada, etiketa hauek guztiak asmatzeko lana. “Synt free-jazz post stonerra” modan jartzen baldin bada, ikusiko duzue nola ahoz aho ibiliko dugun denok. “Indie folk-rock primitibista” eta abar. Azkenean, faltan sumatu beharko bi motatako musika, kortesanoena eta herriarena, zeudeneko garaiak. Batzuetan ezin dut eraman etiketen kontu hau. Adibidez: kirioak dantzan jartzen dizkit “musika urbanoak” edota “americana” entzuteak. Zer demonioz ari dira? Ezer ez adieraztearen artearen adibideak. Eskerrak euskara zipitzik ez zekien (edo jakin nahi ez zuen) musika-aditu batek gaitz horretaz libratu ninduen «Morau es un cantautor inclasificable» idatzi zuenean. Bakarrik falta zitzaion «que canta en vascuence» gaineratzea.