2024 AZA. 29 Europan ere distiratsu, Simonen itzuleran eta Boiroren estreinakoan Athleticek beste garaipen bat erdietsi du Europa Ligan. Bost jardunalditan jokatu eta gero, zuri-gorriek porrotik jaso gabe jarraitzen dute. Elfsborg talde suediarra baino gehiago izan ziren Valverderen gizonak, eta lehen zatian bideratu zuten partida. Ruiz de Galarreta, Guruzeta, Nico Williams eta Adama Boiro, lehen gola ospatzen. (Monika DEL VALLE | FOKU) GARA BILBO Athleticek zailtasun handirik gabe eskuratu zuen atzo Europa Ligako laugarren garaipena, Elfsborg talde suediarrari 3-0 irabazita. Bosgarren minuturako estreinatu zuen markagailua Adama Boirok, elastiko zuri-gorriarekin lehen gola ospatuz. Iazko denboraldian, neguko merkatuan, Taxoaretik fitxatutako hegaleko jokalariak partida bikaina sinatu zuen, protagonista izan baitzen 3-0koan ere, Guruzetak aldageletatik bueltatu eta segituan sartutako golean. Zelaian nagusi izan ziren Valverderen gizonak, hasi eta buka. Espero zitekeen zuri-gorrien nagusitasuna, estatistikak alde zituztelako. Estatistika orokorrez ari gara, noski, talde suediarrak lehen aldia baitzuen Bilbon, San Mamesen, eta tradizioak errespetatuz, ‘Pitxitxiren’ oroigarriari lore eskaintza egin zioten bi taldeetako kapitainek. Hemezortzi urteren ostean berriz ere Europan barrena lehiatzen ibiliz ospatzen ari da mendeurrena talde suediar hau. Athletic, bestalde, anbizio aseezinarekin dabil, San Mamesen jokatuko den final hori begien artean duela. Hala, bi taldeen asmo eta kalitateen arteko diferentzia segituan nabaritu zen zelaian ere. Suediarrak apenas hurbildu ziren zuri-gorrien atera. Unai Simon zegoen han, esperoan, aurtengo sasoian bere lehen partida jokatzen. Ez zuen lan askorik izan eta, beraz, Murgiako atezainaren itzulera beste batzuk eklipsatu zuten. Zehazki, golegileek. EROSO ETA ERAGINKOR Adama Boirok ireki zuen markagailua, bosgarren minutuan, estrategia jokaldi batean adi ibili eta baloia azkar kolpatuta, Pettersson atezainari erreakzionatzeko astirik eman gabe. Inspiratuta egon zen ezker hegaleko jokalaria, Europan jokatzen zuen bere lehendabiziko partidan. Gutxika-gutxika Valverde jokalari gazte honi minutuak ematen dabil -ligan bost partida jokatu ditu, horietatik lau hasieratik-, eta Boiro, txiri-txiri, erantzuten ari da. Teknikariaren konfiantza sobera irabazita duena Beñat Prados da. Gakoa da Athleticen jokatzeko moduan, argitasuna eta lana eskaintzen dio taldeari eta, atzo, baita gol bat ere. Partidako bigarrena egin zuen, lehia orduerdira iritsi aurretik, ezker hegalean Nico Williamsek garatu zuen jokaldia burukada ederrez errematatuta. Atzelarien lerroa ezustean bizkarretik hartu eta arean sartu zen erdilaria, Williams gazteenak erdiratu zuen baloia indartsu sareratzeko. Jokaldiak garatzen, baloia intentzio osoz mugitzen eta gosez aritu zen Athletic, arriskua sortzen. Lehen zatiko nagusitasunak bigarren zatian jarraitu zuen eta, zenbait erasoko jokaldi ezerezean geratu ostean, Boiro eta Guruzetaren arteko konexioa gailendu zen. Hegaleko nafarrak ongi gainditu zuen arerioa, baloia bularrez eramanda, eta honen erdiraketa ongi aurkitu zuen gero donostiarrak. Valverdek aulkia mugitzeko baliatu zuen markagailuko alde handia. Eta gol gehiago egiteko abaguneak sortzen segitu zuten zuri-gorriek, denak fin baitaude, eraginkor, zaleengan zirrara eraginez. LEHEN ALDIAKAtzoko partidan zenbait lehen aldi egon ziren: Elfsborg talde suediarrak lehen aldiz zapaldu zuen San Mames eta Adama Boirok Europa Ligan lehen partida jokatu eta lehen gola egin zuen.