GARA Euskal Herriko egunkaria

Arabako makroproiektuen aurkakoek dekalogo bat osatu dute


Dekalogo bat osatu dute Arabako zenbait herri eta udalerritan energia berriztagarrien makroproiektuen aurkako plataformek. Beraien aldarrikapenen laburpena egin dute, besteek «izan nahi duguna ez manipulatzeko» eta «berrinterpretatuak» ez izateko.

Horrela Ez Argantzun, Badaiotz, Kuartango, Rural Este, Rural Noroeste eta Valles, Urkabustaiz Babestuz, Zigoitia Bai eta Zuia Bidean plataformak dira dekalogo honen sinatzaileak. Atzo egindako prentsaurrekoan azaldu zutenez, haien lur sailekiko eta lurraldearekiko konpromiso «zehatzak» planteatzen dituzte, beren etorkizunaren «benetako jabe» izatearren. «Gure komunitateekin erabaki ereduak diseinatu nahi ditugu, nor garen eta nor izan nahi dugun argi uzteko».

KONPROMISOAK

Etorkizunera begira, «gure herrialdea suntsitu nahi duten finantza-funtsen praktika opakoei adi» lanean jarraituko dute. Krisi ekosozialaren aurrean «eragile aktiboak» izateko konpromisoa ere hartu dute, «lurraldea defendatuz, kontsumoa murriztuz eta gastatzen duguna eraldatuz».

Dekalogoan honakoak zehaztu dituzte, besteak beste: Arabako gizartea trantsizio energetikoko prozesuen alde dagoela; energia berriztagarrien plan publikoak egitea «premiazkoa» dela; trantsizio energetikoak «bidezkoa eta demokratikoa» izan behar duela; «jendearen nortasuna babestu gabe eta lurraldean energia-proiektuak errotu gabe» trantsizio hori ez dela gertatuko; eta makroproiektuen inpaktuak «tokiko dimentsioa gainditzen» dutenez, «erantzun koordinatua» behar dela.