GARA Euskal Herriko egunkaria

Usaina


Garai batean egur eta gaztaina erreen usainarekin lotzen nuen negu hasiera, eta gertaera bitxia egiten zitzaidan, usaina gustuko bai, baina gaztaina erreen bereziki zalea ez nintzelako. Gerora, lurraldez aldatzearekin batera, negua bestelako usainek iragartzen hasi zitzaizkidan. Jengibrearenak, esaterako.

Neguaren lehen aztarnak iritsi dira Gazara. Euriak iragarri ohi du Palestinako inguru horretan urtaroaren gertutasuna eta aurten ere hala gertatu da. Israelgo okupazio armadaren erasoez hainbat aldiz desplazatuak izan diren haur, gazte eta helduek behin-behineko babesleku dituzten kanpadendak ur putzuz inguratuta daude egunotan.

Ekialde erdialdeko komunikabide batek elkarrizketaturiko Mahmoud Al-Hawajrik, Israelek desplazaturiko palestinarretako batek dio kanpalekua ez dagoela neguari aurre egiteko prestaturik. Kanpadendetako oihalak ezin dio euriaren pisuari eutsi eta gauean nekez lo egin dezakete, kanpadendari heldu behar baitiote beren gainera eror ez dadin. Hotza ere ez da makala, eta tenperaturak behera jarraituko du egunek aurrera egin ahala. Al-Hawajrik kamera aurrean hitz egin bitartean haren atzean haurrak eta helduak ikus daitezke, baldeak eskuetan, pilatzen ari den ura xukatu nahian.

Zer usain zuen neguak Palestinan 1948a baino lehen? Eta haren ostean? Eta zer usain du orain?