GARA Euskal Herriko egunkaria

«Gerra Gazan»: Joe Sacco Palestinara itzuli da 30 urteren buruan

Joe Sacco (Kirkop, Malta, 1960) da, komikien alorrean, kazetaritza grafikoa lantzen duen izenik puntakoena. Duela 30 urte kontzientziak mugiarazi zituen «Palestina» lanarekin, iaz euskarara ekarri zen klasikoa. Sacco Palestinaren genozidiora itzuli da salaketa garrasi ozen batekin: «Gerra Gazan» komikia euskaraz kaleratuko du hilaren 5ean Astiberrik, AEBetako argitalpena kaleratu baino lehen.

Biden lehendakaria, genozidio palestinarraren eragilea, Saccorentzat. (Joe SACCO / ASTIBERRI)

Harridura sor dezake, baina, agian, egilea nor den jakinik, gertatu dena ulergarriagoa suerta daiteke: Joe Saccoren azken nobela grafikoa -“War On Gaza” du jatorrizko izenburua; 32 orrialdeko nobela grafiko laburra da, zuri-beltzez egina, haserrez betea- AEBetan baino lehenago argitaratuko da euskaraz, abenduaren 5ean kaleratuko baitu Bilboko Astiberri argitaletxeak. Gaztelaniaz (“La guerra en Gaza”) egun berean aterako duela iragarri berri du Reservoir Books katalanak.

Frantsesez, joan den irailetik dago eskuragarri liburu dendetan, “Guerre à Gaza” (Éditions Futuropolis) izenburuarekin, eta Fantagraphics-ek ez omen du abenduaren 17ra arte AEBetan jatorrizko bertsioan argitaratuko. Horrela ziurtatu daiteke, bederen, bere web orrialdean. “Palestina” klasikoaren bertsio berritua kaleratu dute, hori bai, azal gogorrarekin eta Amira Hass kazetari israeldarraren eta Edward Said idazle amerikar-palestinarraren hitzaurrearekin.

2.500 ALEKO TIRADA

«Komiki independentearen sektorean, AEBetan dagoen argitaletxetik garrantzitsuena da Fantagraphics», argitu digu Victor Navarrok, Astiberriko komunikazio arduradunak. Europan eta, batez ere, Estatu espainiarreko komikiaren munduan Astiberrik duen ospea ere ez da makala. Euskarazko komiki honen eskubideak Bilboko argitaletxe honek ditu, hain zuzen ere, euskarazko komikigintzaren aldeko politika irmoa betetzen ari delako azken urteetan. «Hau ekoizpen espres bat izan da, Azokarako ditugun nobedadeen multzoari azken orduan gehitu dioguna, interesa eta potentzial handia duela ohartu garelako», dio Astiberriko ordezkariak.

Liburuaren 2.500 aleko tirada egin da, “Palestina”-rekin iaz egin zena baino handiagoa. Itzulpenaren ardura, oraingoan ere, Julen Gabiriarena da, eta, formatuari dagokionez, Saccoren lanen arteko jarraipena bat bilatu da. 8 eurotan egongo da salgai, abenduaren 5etik aurrera.

GARRASI BAT

«‘Gerra Gazan’ 32 orrialdeko garrasia da, gerraren indarkeriari buruzko komiki latza, demokraziaren hauskortasunaz diharduen obra -aipatzen du Bilboko argitaletxeak-. Kaosaren aurrean ezertarako ahalmenik ez duen gizon batek, Joe Saccok, paparretik heldu eta irakurketan murgiltzeko gogoa piztuko digu. Astiberrik dokumentu gogor hau argitaratzea erabaki du, hauspoa eman nahian Joe Saccok duela 30 urtetik gora jorratu duen gogoetari».

Jatorrian, lan hau “The Comics Journal” egunkariaren webgunean argitaratu zen zatika, gatazka honen moralgabetasuna eta bere ondorio kaltegarriak uztartzeko asmoz. Saccoren lanetan ohikoak diren ezaugarriak daude orrialde hauetan: kazetaritza lan zorrotza, umore beltza, gordintasuna... Gazako gerra, funtsean, Israel egiten ari den genozidioaren eta, paraleloki, Ameriketako Estatu Batuen zeregin konplizearen kritika irmoa da.

Joe Saccok gerra-berriemaile lanarekin jarraitu du “Gerra Gazan” honetan, eta Ekialde Hurbilean eta Gazako lerroan egindako landa-lanari ekin dio, azken urte honetan bertan gertatutakoak aztertuz.

GENERO BATEN SORTZAILEA

Komikigintzako kazetari txalotuena da Joe Sacco. Zehaztu dezagun: ia mota honetako bakarra dela esan daiteke, berak asmatu zuelako genero hau. “Palestina” klasikoarekin American Book Award saria irabazi zuen 1996an.

Parisen joan den irailean egon zenean, hainbat hedabiderekin izan zuen hitzordua. Ozen esan zuen eman zituen elkarrizketetan: «Nik ez diet palestinarrei ahotsik eman; nik egin dudan bakarra entzutea izan da. Eta Kamala Harrisen aldekoak ziren nire lagunei bere garaian nik ohartu nien eskuetan odola zutela. Ni neu ere genozidioaren ‘team’ edo lantaldean nago, nire zergekin ordaintzen baitira Gazaren gainean erortzen diren dolar estatubatuarrak».

Azokari begira, Astiberrik beste apustu garrantzitsu batzuk ditu. Esaterako, “Ahanzturaren leizea”, Paco Rocaren eta Rodrigo Terrasaren “El abismo del olvido” lan apartaren itzulpena, Bego Montoriok egina. “Goizero” lanak ere zeresana emango du hurrengo hilabeteetan: Javier de Isusi bilbotarrak 2020ko Komiki Sari Nazionala lortu zuen eta komiki berria kaleratu du Bilboko Astiberrirekin, aldi berean euskaraz, gaztelaniaz eta katalanez.

Nekane Gonzalez Gerrikok ekarri du euskarara kalte emozional larriak dituzten haurrez arduratzen diren harrera familia espezializatuen bizipenak islatzen dituen komiki hunkigarri eta gordin hau.

CORTO MALTESE ETA LAGUNAK

Abenduaren 5ean argitaratuko den euskarazko beste komiki bikain bat “Itsaso gaziaren balada bat” da, Hugo Pratten Corto Maltesen lehen abentura. Irene Hurtado de Saratxo arduratu da itzulpenaz. Corto Maltese pertsonaia mundu osoan ezagutarazi zuen lehen komikia izan zen hau. Serie hau gaurkotasun handikoa da beti, eta orain beste serie bat dago aurreprodukzio-fasean, Rainbow estudio italiarrarekin sinatuta; kasu honetan, irudi errealen bidez egina.

Gehiago: Nagore Ziluagak euskaratu ditu Alice Osemanen “Heartstopper” 1 eta 2. Azken urteotako gazteen komikiaren fenomeno handienetako baten lehen bi liburukiak omen dira; Netflixen ikus-entzunezko egokitzapena du, eta hirugarren denboraldia estreinatu berri du.

Horrez gain, haurrei zuzenduta euskaraz aterako dituzten beste nobedadeen artean, “Zipotz’, “Biga-ren” azken tomoak, edo “Iratxo txikia”-ren lan berri bat daude. Euskarazko irakurle txikien gustukoen artean finkatu omen da “Biga” saila.