2024 ABEN. 03 Elkarrizketa Manex MANTXOLA Urrate Euskalgintzaren Kontseiluko koordinatzailea «Batean zein bestean, mezua bera da: urrunegi joan zarete» Euskararen aurkako oldarraldi judiziala gaitz sakon eta «ideologiko» baten azken sintoma batekin alderatu du Manex Mantxolak (Urretxu, 1991). Haren iritziz, Espainiako Konstituzioaren aitzakiarekin, botere judiziala bilakatu da, «de facto», zein hizkuntza politika dagokigun erabakitzen duena. Epaileen erabakiak ahalbidetzen dituen «ardatz juridikoa» xehatu digu solasaldi honetan. GARA J.S. DONOSTIA Testuingurua kokatze aldera, nondik dator Euskalgintzaren Kontseiluak oldarraldi judizial modura izendatu duen joera hau? Non dauka jatorria? Esan beharra dago euskararen eta euskaldunon aurkako oldarraldia beti egon dela, garaiaren arabera forma eta intentsitate desberdinez aurkeztu arren. Azken fase honen sintoma nagusia epaitegietatik heltzen diren sententzietan ikus dezakegu, baina gaitza dezentez sakonagoa da, oldarraldia politikoa eta mediatikoa ere badelako. Are, ideologikoa. Ez da kasualitatea oldarraldi hau, zeinak eskubideen eta normalizazioaren alorrean emandako aurrera urratsak desegitea duen helburu, Europan zein mundu mailan gertatzen ari den oldarraldi erreakzionario eta atzerakoiaren gorakadarekin batera heldu izana. Batean zein bestean, mezua bera da: urrunegi joan zarete. Ikusi besterik ez dago zer gertatu den Balearretan eta Valentzian PP eta Vox boterera heldu direnean, hezkuntzan eta administrazioan katalanaren aurkako erabakiak izan dira hartu dituzten lehenak. Gurean, aldiz, botere politikoaren faltan eta lawfare-a hain modan dagoen honetan, botere judiziala baliatu dute, besteak beste, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Udal Legean jasotako euskararen aldeko artikuluak baliogabetzeko, zein Nafarroako udaletako hainbat neurri atzera botatzeko. Ipar Euskal Herrian, berriz, Frantziako Konstituzioak berak ukatzen dio ofizialtasun estatusa euskarari, eta ezagunak dira azterketak euskaraz egiteko oztopoak, Molac Legearen aurkako ebazpena edota berriki auzitegiek berretsi duten Kortsikako Asanbladan kortsikeraz egiteko debekua, gurean ere eragin zuzena duena. Kezkagarriena da Euskal Herrian, Valentzian eta Balearretan ez bezala, alderdi erreakzionario eta ultraeskuindarren estrategia euskarafoboari beren burua ezkerrean kokatzen duten sektoreak ere batu zaizkiola. Azken hauek ondo hausnartu behar lukete zein joera hauspotzen ari diren, hizkuntza eskubideez gain, orain arte irabazitako eskubideen gaineko borroka kulturala baita jokoan dagoena. Epaiei dagokionez, zer balorazio egiten duzue auzitegien ebazpenen inguruan? Zen dira lan eskaintzak atzera botatzeko erabiltzen dituzten argudioak? Oldarraldiaren ardatz juridikoa Espainiako Konstituzioa da, zehazki, 3, 14 eta 23.2 artikuluak. Hauek oinarri hartuta, euskararen ofizialtasunaren joko arauak aldatu dituzte jurisprudentzia bidez doktrina berri bat ezarriz. Horren adibide argiena aurrez aipaturiko Udal Legearen aurka Espainiako Auzitegi Konstituzionalak emandako sententzia litzateke. Bertan, sententziaren aurka epaile baten boto partikular bat egon zen, beste epaile bat ere atxikitu zitzaiona. Hauen arabera, sententzia honek «80. hamarkadatik Auzitegi hau eraikitzen joan den koofizialtasun erregimenarekin amaitzea» dakar. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako auzitegiek ere, zuzenean jo izan dute Konstituzioaren «proportzionaltasun printzipiora» hemengo araudiari jaramonik egin gabe. Horrek zer esan nahi du? Erabat neutralizatu dela euskararen normalizazioa arautzeko onarturiko legeria eta botere judiziala bilakatu dela, «de facto», Espainiako Konstituzioa aitzaki, zein hizkuntza politika dagokigun erabakitzen duena. Euskal legeriari jaramon egin badiote, modu murriztailean berrinterpretatzeko izan da. Adibide deigarriena derrigortasun indizeari dagokiona da: 1997tik indarrean, administrazio bakoitzean euskara eskakizuna derrigorrez eduki behar zuten lanpostuen gutxieneko portzentajea ezartzen zuen eta hala ebatzi zuen EAEko Auzitegi Nagusiak ere 2011ko sententzia batean. Baina 25 urtez gutxieneko modura aplikatu ostean, Uliazpi Fundazioaren aurkako 2023ko sententziak gehieneko modura ezarri zuen, administrazioa euskalduntzeko neurriei sabaia jarriz. Kezkagarria da hau, agerian uzten duelako doktrina aldaketa euskarafobo bat eman dela botere judizialean. Izan ere, 2011ko sententzia eta Uliazpiren aurkakoa auzitegi berdinak ez ezik, epaile berdinak emanak dira. Komeni da aipatzea Udal Legearen sententziako boto partikularra eman zuen epailea hizkuntza gutxitu bateko hiztuna dela, horrek bakarrik sentsibilitate bat aurresuposatzen diolako. Bestela, ikusi besterik ez dago Euskal Herriko epaileen artean zenbat diren euskaraz dakitenak. Hori ere bada oldarraldi judizialaren ezinbesteko osagai bat, Europako Kontseiluak ere salatu duena. Nola uler daiteke bestela Wikipediatik ateratako artikulu bat erabiltzea epaile batek euskara «munduko bosgarren hizkuntza zailena» dela argudiatzeko? Edo ebaztea euskara eskakizunak diskriminatzaileak direla «gaztelaniadunentzat», Hegoaldean, bederen, euskaldun guztiak gaztelaniadunak ere bagarenean? Euskararen aldeko neurriek «oreka linguistikoa» apurtzen omen dute. Ez al dira desoreka ikusteko gai? Euskararen ofizialtasunaren bosgarren hamarkadan gaude eta oraindik justiziak ez daki euskaraz, ezta euskarak justiziaz ere. Eraso larrienak udal zein foru erakundeetako lan eskaintzen aurkakoak izan dira. Hor ditugu, adibidez, Bizkaiko Foru Aldundiko 227 lanposturen egonkortzea baliogabetu dituena, Gipuzkoako Kabia egoitzetako laguntzaileena, udaltzain laguntzaileen lan poltsarena… Zer ezaugarri komun dituzte kasu horiek? Nork bultzatuak dira eta zer argudiorekin? Kopurua gora doa eta ez dauka geratuko den itxura handirik, bere kabuz ez behintzat. Gure datuen arabera, oldarraldi judizialak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako administrazioetako 500 lanpostu publikori baino gehiagori eragin die, eta Nafarroan zenbaezinak dira hizkuntza eskakizunik gabe utzi diren lan deialdiak. Guztiaren jatorrian Europatik administrazioko behin behinekotasuna murrizteko emandako agindua dago. Espainiar Gobernuarekin hitzartu zuten UGTk eta CCOOk, langileak zuzenean egonkortu ordez, hautaketa prozesu bat gainditu beharra ezartzea behin behineko langileei, hauen lanpostuak arriskuan jarriz. Orain, baina, hautaketa prozesu horietako euskara eskakizunen aurka jo dute. Sententzia guztiak ez datoz egonkortze prozesuetatik, asko lan deialdi hutsak dira. Baina epaileen doktrina aldaketa, alderdi batzuek darabilten diskurtsoa, hedabideetatik elikatutako kanpaina mediatikoa eta sindikatuetatik bideratutako helegiteak, guztia batuta, eta datozen urteetan sektore publikoaren erdiak erretiroa hartu behar duela kontuan izanik, euskararen aurkako ekaitz perfektua sortu dute. Dena den, eta oraindik aztertzen bagabiltza ere, dagoeneko topatu ditugu saldu nahi duten kontakizunetik aldentzen diren hainbat adibide. Esaterako, aipaturiko 500 lanpostu horien gehiengo handi bat lan deialdietara aurkeztu ez eta zerikurisik ez zuten pertsonek jarritako helegiteen ondorioz geratu dela euskara eskakizunik gabe. Pertsona horien artean badaude sindikatuetako liberatuak direnak edota alderdi politikoen zerrendetan joandakoak. Bistan da, beraz, oldarraldia judiziala izateaz gain, politikoa eta sindikala ere badela. Argudioen aldetik, asko ezkerrean kokatzen badira ere, 90eko hamarkadan, hizkuntza eskakizunak orokortzen hasi zirenean, Federico Jimenez Losantos eta enparauek erabilitakoen jarraipen bat dira: gaztelania guztion hizkuntza dela eta euskara diskriminatzailea bereziki kanpotarrentzat, administrazioan inposatu egiten dela, proportzioz kanpokoa dela eskatzen dena bertako errealitate soziolinguistikorako… Deitoragarria da errealitate soziolinguistikoa argudiatzea herritar eta langileen eskubideen aurka, hauek bermatzea erlatibizatzen delako ikuspegi erabat merkantilista eta supremazista batetik. Baina errealitate soziolinguistikoa darabiltenean kontuan izan beharko lukete diglosia ere badela errealitate soziolinguistikoaren parte, euskara egungo egoeran dagoela urteetako zapalkuntza baten ondorioz. Eta legeak euskaraz artatua izateko eskubidea jaso arren, oraindik ere, herritarren hizkuntza eskubideak etengabe urratzen direla administrazioarekin harremanetan. Kontuan izan, EAEko biztanleen %75ek langile publiko izateko bi hizkuntza ofizialak jakin behar direla defendatzen duela, Legebiltzarraren gehiengo zabala euskaltzaletasunean kokatzen dela eta euskal gehiengo sindikalak, ELAk, LABek, STEILASek, ESKk, HIRUk, CGTk, EHNEk eta Etxaldek, oldarraldiaren aurka eta euskaraz lan egiteko eskubidearen alde egin dutela. Daukagunari baino, behar dugunari atxikitzea. Hori guztia ere bada gure errealitate soziolinguistikoa. Nafarroan, bestalde, lanpostu publikoak betetzeko «Merezimenduen dekretua» delakoa onartu berri da, euskarari mespretxu egiten diona hainbat erakunderen iritziz. Zein da egoera? Oldarraldia inon pairatu bada, hori Nafarroan izan da. Merezimenduen dekretuaren izozmendiaren punta besterik ez da. 2017ko Euskararen Dekretuako hainbat artikulu baliogabetu zituen 2019an epai batek, UGT eta Sindicato del Personal Administrativo sindikatuek jarritako helegite baten ondorioz. Argudioak ezagunak zaizkigu, artikuluak «diskriminatzaileak» eta «neurriz kanpokoak» zirela ebatzi zuen auzitegiak. Ordutik hona bost urte igaro dira eta izaera eta alor desberdinetako ehundaka lan deialditan euskara, Nafarroako berezko hizkuntza, ez da merezimendu ere izan, alemana, frantsesa eta ingelesa bezalako atzerriko hizkuntzak ordea, bai. Orain, onartu dutenean, bost urteko utzikeria estrategikoaren ondoren, agerian geratu da Nafarroako Gobernuaren jarrera euskarafobo eta atzerakoia. Izan ere, 2019ko epaiak baliogabetu zuena baino are eduki murritzagoa jasotzen da bertan. Epaileek egin ez zutena, Nafarroako Gobernuak egin du. Azkenik, argi utzi behar da honen guztiaren muinean 1986ko Vascuencearen Legea eta honek ezarritako zonifikazioa dagoela. Europako Kontseiluak ere salatu du zonifikazioak herritarren hizkuntza eskubideak sistematikoki urratzen dituela, ezin direla herritarren eskubideak errespetatzea erabaki posta kodearen arabera. Hori aldatu ezean, jai daukagu. Erasoei aurre egiteari utzi eta aurrera egiten hasteko garaia dela esan duzue. Iaz, hizkuntza politiketan sakontzeko itun soziopolitikoa proposatu zenuten. Zer bide egin du urte honetan? Horretan gabiltza. Oinarriak baditugu, ehundik gora gizarte eragilek sinatutako Batuz Aldatu dinamikaren bidez lantzen gabiltzanak: ezagutzaren unibertsalizazioa eta erabilerarako espazio erosoen zabalpena. Bi helburu horietan ardazten da gure proposamena. Horrekin batera, azaroaren 9an euskara eta euskal hiztunen komunitatea larrialdi linguistikoan dagoela adierazi genuen ELEN Europako Hizkuntza Berdintasunerako Sareak Bilbon egindako Batzar Orokorrean. Izan ere, euskararen normalizazio eta biziberritze prozesuan azken hamarkadetako susperraldia moteldu den zantzuak agerikoak dira. Horrek lotura zuzena du euskararen estatusarekin, bere lurraldeko eremu zabal batean ukatua baitauka ofizialtasuna eta aitortzen zaionean ere, epai bidez eraisten dituzte euskararen aldeko neurriak. Behar ditugun hizkuntza politikak egiteko erabakimena ezinbestekoa zaigu, bereziki datozkigun erronka berriei aurre egiteko. Mundu mailan ematen ari den globalizazio joeraren aurrean, ez dago euskara baino txerto hoberik. Larrialdi linguistikoa ez da arrangurarako deia, ekintzarako deia baizik. Euskararen auzia eztabaida sozial eta politikoaren lehen lerrora ekarri behar da. «Zoru juridiko berri bat ezinbestekoa da» Funtzio publikorako sarbidean euskararen ezagutza orokortzeko proposamen bat egin dute zenbait aditu eta juristak, Kataluniako eta Galizako ereduak aintzat hartuta. Zertan datza proposamen hori? Eta egungo egoera gainditzeko balioko du? Oldarraldi judizialari aurre egiteko bide eraginkorra izan daiteke, bai. Proposamena sinplea da: hizkuntza eskakizunen orain arteko logika iraultzea. Langile publikoa izateko baldintza orokor modura ezarriko litzateke bi hizkuntza ofizialak jakitea, euskararen eta gaztelaniaren eskakizunak berdinduz. Gero, kasuan kasu eta modu arrazoituan, salbuespenak ezartzeko aukera legoke. Proposamen egingarria da berez, Euskal Enplegu Publikoaren 11/2022 Legearen moldaketa puntual batekin nahikoa litzateke. Are egingarriagoa lirudike Legebiltzarraren gehiengo nabarmen bat euskaltzaletasunean kokatzen dela ikusita. Alabaina, lehenago ere izan da aukerarik oldarraldiari langa jartzeko eta ez da baliatu izan. Adibide argiena 19/2024 Dekretua litzateke, Euskal Sektore Publikoan euskararen erabilera normalizatzekoa. Oldarraldi betean onartu zen eta honi erantzun beharrean, bere egin zituen sententzia euskarafoboen irizpideak. Hori gutxi balitz, dekretu honek jasotzen dituen eduki aurrerakoi bakanetako bati, lanposturako azterketa euskaraz egiteko betebeharra ezartzeko aukera jasotzen duenari, helegitea jarri dio PPk. Hala, ziurgabetasun juridikoa da nagusi. Oldarraldi judizialaren disuasio politikak bere fruituak eman ditu. Horren adibide, aipatutako dekretua edota duela gutxi Getxoko Udalak udaltzainen deialdiaren harira emandako azalpenak: euskara eskakizuna udaltzainen erdiari soilik ezarri zien hori delako epaileek agintzen dutena. Jada ez dago sententzien beharrik, hauekiko beldurra nahikoa da. Ofizialtasun erreal bat behar dugu. 1982ko Euskararen Legea agortuta dago eta zoru juridiko berri bat ezinbestekoa da, euskararen biziberritzeak behar duen jauzia emango bada. Norabide horretan aurrera egiten ez dugun egun bakoitza, atzera egiten dugun egun bat da. Kezkagarriena da Euskal Herrian, Valentzian eta Balearretan ez bezala, alderdi erreakzionario eta ultraeskuin- darren estrategia euskarafoboari beren burua ezkerrean kokatzen duten sektoreak ere batu zaizkiola.