2024 ABEN. 03 EDITORIALA Glovo-ko banatzaileen garaipen txiki bat Glovo etxez etxeko banaketa-enpresak lan-harremanaren eredua aldatuko duela iragarri zuen atzo. Orain arte, konpainia horretako langile guztiak autonomoak izan dira, eta, beraz, aurrerantzean lan-kontratuak egingo dituela pentsatzekoa da. Berri ona Estatu osoko 900 hiri ingurutan lanean diharduten 60.000 banatzaileentzat. Balorazio positiboa egin arren, LAB sindikatuak, enpresaren jardunbide txarren salatzaile nagusietakoak, Riders por Derechos-ekin batera, adierazi zuen beharrezkoa dela albistea «tentuz» hartzea. Errezelo hori justifikatuta dago, kontuan hartuta iragarpena Oscar Pierre enpresaren fundatzaile eta kontseilari delegatuak Bartzelonako epaile baten aurrean deklaratu behar zuen egunaren bezperan egin zela. Auzi hau, gainera, ez da langile batzuen beste salaketa bat; Fiskaltzak berak salaketa jarri zuen Lan Ikuskaritzaren txosten bat oinarri hartuta. Auziak badu, beraz, oinarria. Enpresak autonomo faltsu gisa mantendu ditu langileak, nahiz eta lan-legeriak debekatutako praktika izan. Galdutako epai batzuek bakarrik behartu zuten konpainia langile batzuei Gizarte Segurantzan alta ematera, baina gainerako baldintzei berdin eutsi zien enpresak: ordutegiak eta eskaeren prezioak, esate baterako, autonomoak balira bezala mantentzen zituen. Enpresak legea betetzeko borondaterik erakutsi ez duenez, logikoa da langileen ordezkariek albistea zuhurtziaz hartzea. Bestalde, banaketa-enpresak, lan harremanen aldaketa iragarriz, inplizituki lan-legeria orain arte ez duela bete aitortzen du. Beren burua teknologikotzat jo duten enpresa askok betidanik izan diren zerbitzuak eskaintzen zituzten; mandatugilearena, adibidez. Berrikuntza bakarra teknologia berrien aukerak aprobetxatuz egiten zutela da. Horietako askok bezala, Glovok bere negozio eredua, batez ere, langileen lan-eskubideen murrizketan oinarritzen du, hau da, langileen esplotazio basatian. Autoantolaketak eta borroka sindikalak muga jarri diete abusuzko jarduera horiei. Hala eta guztiz ere, eta Glovok atzo egindako iragarpenak erakusten duenez, praktika horiek desagerrarazteko bide luzea dago egiteko oraindik.