2024 ABEN. 03 Nafarroako euskararen aldaeren funtsa, esku onetan Koldo Artola etnolinguistak 1970 eta 1980ko hamarkadetan bildutako funts dokumental oparoa Euskarabidearen eskuetan dago jadanik. Balio kalkulaezineko materiala da, grabazioen artean egun mintzatzen ez diren euskalkien modalitateen testigantzak baitaude, besteak beste, erronkarierarenak. Koldo Artolak eta bere familiak merezitako harrera izan zuten Nafarroako Jauregian. (NAFARROAKO GOBERNUA) GARA Nafarroako Gobernuak pasatu den ekainean jaso zuen Koldo Artola etnolinguistaren funts dokumentala. Material etnografiko hori joan den mendeko 1970eko eta 1980ko hamarkadetan batu zuen Artolak, eta Nafarroako euskararen barietate desberdinetako audio erregistroen bilduma osatzen du. Nafarroako Gobernuak merezitako harrera egin zien Artolari eta bere familiari iragan ekainaren 5ean Nafarroako Jauregian, Iruñean. Ekitaldi hartan Euskarabidea Nafarroako Euskararen Institutuko zuzendari kudeatzaile Javier Arakamak ere parte hartu zuen. Aipatu ekitaldian Koldo Artolak, haren emazte Mari Puy Malangre eta Idoia, Eunate eta Xabier seme-alabek 300 zinta magnetiko baino gehiago eta horien bertsio digitalizatuak entregatu zizkieten Nafarroako Gobernuko ordezkariei. Ana Ollo presidenteordeak eskerrak eman zizkion Koldo Artolari, «modu amateurrean eta egungo erakunde publiko edo akademikoen laguntzarik gabe, hizkuntzaren ondare hori guztia bildu eta aztertu zuelako eta, gaur egun, ondare hori kontserbatzen delako eta Nafarroako euskararen barietate asko sakonago ikertu eta zabaldu daitezkeelako». Era berean, Artolak entregatutako materialaren garrantzia nabarmendu nahi izan zuen Ollok: «Interes kultural handiko funtsa da, eta Nafarroako Gobernuak funts hori zaintzeko eta zabaltzeko konpromisoa hartzen du. Lan hori Euskarabideak egingo du Nafarroako Euskararen Mediatekaren bitartez». Izan ere, mediateka horren bidez Nafarroako euskalki barietateetan sortutako materialen corpus handi bat kontsulta daiteke, bai soinu eta ikus-entzunezko grabazioak, bai testu idatziak. AZKEN HIZTUNAK 1938an Donostiako familia euskaldun batean sortua, Koldo Artolak atzerakada larrian zeuden Nafarroako euskalkiak dokumentatzeko lan handia egin zuen, batez ere 70eko eta 80ko hamarkadetan. Erronkarin, Zaraitzun, Aezkoan, Erron, Esteribarren eta Nafarroa iparraldeko beste zenbait haranetan ikertzen ibili zen, eta bertako hizkuntza barietateak ezagutzen zituzten euskaldunei ahozko grabazioak egin zizkien, Aranzadi Zientzia Elkarteko Pedro de Yrizar, Fermin Leizaola eta beste ikertzaile batzuekin elkarlanean, ‘Atlas Etnolingüístico de Euskalerria’ izeneko proiektuan. Garai hartan, Artolak Nafarroako hainbat herri bisitatu zituen ahozko euskararen testigantzak dokumentatuz eta jasoz, kasu batzuetan euskalki horien azken hiztunak zirenen ahotik. Nabarmentzeko modukoa da Fidela Bernat uztarroztarraren kasua. Emakume hura izan zen erronkarieraren azkenetariko hiztuna, eta Artolak behin baino gehiagotan elkarrizketatu zuen.