2024 ABEN. 03 «Pirinioetako hizkuntzak, lehena eta oraina» erakusketa ”Pirinioetako hizkuntzak” erakusketak katalanaren, okzitanieraren, aragoieraren eta euskararen ezaugarrietako batzuk eta haien historiaren adierazpen garrantzitsuenetako batzuk laburbiltzen ditu. Azken hilabete honetan Garesen egon da zabalik. Erakusketaren irekiera-ekitaldiko irudia. (EUSKALTZAINDIA) M.A. IRUÑEA Euskaltzaindiak Garesko Udalarekin elkarlanean antolatu du erakusketa eta aragoiera, katalan, okzitaniera eta euskararen inguruko azalpen eta xehetasun ugari eskaini dizkio bisitariari. Hizkuntza horiek erabili izan diren eta erabiltzen diren herrietako biztanleen hainbat arlotako lekukotasunak biltzen ditu erakusketak; esaterako, administrazioan, zientzian, irakaskuntzan eta literatura-genero ezberdinetan izan duten presentziaren adibideak emanez. Erakusketa berrogei panelez osatuta dago, hizkuntza bakoitza kolore batekin bereiztuz. Garesko Vinculo etxean izan da ikusgai iragan azaroaren 26ra arte, eta esan beharra dago harrera ona izan duela herritarren partetik. Inaugurazio ekitaldia joan den azaroaren 9an egin zuten, eta bertan izan ziren Ainhoa Azpilkueta Garesko Udaleko Euskara eta Hezkuntza zinegotzia, Javier Arakama Euskarabidea Institutuko zuzendari eta kudeatzailea eta Sagrario Aleman Euskaltzaindiaren Nafarroako ordezkaria eta Akademiaren Jagon sailburua. Ekitaldi hartan, arestian aipatu hizkuntza desberdinen arteko harreman historikoaz mintzatu zen Azpilkueta, eta gogora ekarri zuen Done Jakue bideari eta Errege-abelbideari esker Pirinioak eta Gares estuki loturik egon izan direla mendeetan zehar: «Anitzetan aditu dugu Pirinioak ez direla muga izan, eta hala izan da aspalditik. Peio Monteano historialariak dio XVI. mendean baxenabartar ugari etorri zirela Izarbeibarra bizitzera, batzuk eskribau lanetan aritzeko eta beste batzuk hargin lanak egiteko. Dudarik gabe, euskaldunak ziren, eta denboraren poderioz bertako aldaera ikasiko zuten. Gure euskara aldaera, XIX. mendean galdu zena, oraindik entzun dezakegu Erroibarko adineko hiztunen artean, bi ibarrak hego-nafarreraren geografiaren parte izan baitira». AKADEMIAREN ESKER ONA Bestalde, Euskaltzaindiaren Nafarroako ordezkari Sagrario Alemanek esker ona adierazi zion Garesko Udalari Euskara Kultur Zikloan erakusketari eginiko lekuagatik eta harreragatik. Haren arabera, Akademiak udalekin urtero sinatzen duen hitzarmenak aukera ematen dio Euskaltzaindiari erakusketa hori zein beste hainbat Nafarroako udal eta kontzejuetara eramateko. «Askotan uste dugu Pirinioen bi aldeetan gaztelera eta frantsesa direla hizkuntza bakarrak, euskararen, okzitanieraren, aragoieraren eta katalanaren kalterako. Erakusketa honetan laburbiltzen dira hizkuntza horien ezaugarrietako batzuk eta beraien historiaren adierazpen garrantzitsuenak», azaldu zuen Akademiaren Jagon sailburuak inaugurazio ekitaldian. Arakamak, aldiz, Euskaltzaindiaren eta Euskarabidearen arteko aspaldiko lankidetza oparoa nabarmendu nahi izan zuen Garesen emandako hitzaldian: «Honelako egitasmoetan ikusten da Euskaltzaindiak eta Nafarroako Gobernuak daukaten hitzarmenaren ondorio positiboak, nafar herritarrentzat onuragarri direnak. Beraz, erakunde bien arteko elkarlana emankorra da oso». ADITUEN AZALPENAK Aipatu erakundeetako ordezkariez gainera, erakusketaren inaugurazio ekitaldian zenbait arlotan adituak diren bi pertsonak ere hartu zuten hitza: Josune Aznarez, filologo eta Eusko Ikasgaietan adituak eta Anchel Reyes soziologoak. Horietako lehenak nafar Pirinioetako ekialdeko euskalkiei buruzko azalpenak eta xehetasunak eman zituen; eta bigarrenak, ordea, aragoieraren gaur egungo egoeraren inguruko datuak eta informazioa plazaratu zituen. «Askotan uste dugu Pirinioen bi aldeetan gaztelera eta frantsesa direla hizkuntza bakarrak, euskararen, okzitanieraren, aragoieraren eta katalanaren kalterako».