GARA Euskal Herriko egunkaria

Gurea Geroa: «Osasun mentalaren artatze unibertsala eskatzen dugu»

Gurea Geroak eginiko inkesta baten arabera, gazteen ia %60k pentsamendu suizidak edo autolesioak dituzte. 3.700 galdekatuetatik ia erdiek esan dute ez direla zoriontsu edo zoriontasun gutxi dutela. Xabi Murua bertako sustatzaileak atzo NAIZ Irratian esan zuen osasun mentalaren heziketan inbertitu behar dela, «behar den unean tresnak eskuragarri izateko».

Gurea Geroa egitasmoa arduratu da gazteen osasun mentalari buruzko inkesta egiteaz. (Raul BOGAJO | FOKU)

Gurea Geroa egitasmoak gauzaturiko inkestan parte hartu duten 3.700 gazteetatik ia erdiek onartu dute ez direla zoriontsu edota zoriontasun gutxi dutela. Datu horien berri eman zuen atzo Xabi Murua egitasmoko kideak NAIZ Irratian. Datuak eskuan hartuta, heziketan inbertsioak egitea eta osasun mentalaren artatze unibertsala eskatu zuen.

Gazteen egoera ekonomikoak, bizi erritmoak eta kezka pertsonalek zuzeneko eragina dute beren osasun fisiko eta mentalean; hori da egindako inkestaren ondorioetako bat. Gurea Geroa egitasmoko sustatzaile Xabi Muruaren arabera, «emantzipazio falta, diru sarrera gutxi edo sentimenduak kudeatzen ez jakitearekin lotuta egon daitezke pentsamendu suizidak».

Euskal gazteen ahotsa instituzio eta administrazioetan txertatzeko zubi lanak egitea du helburu Gurea Geroa plataformak. Erakundeekin prozesu parte-hartzaile bat egiten dute, proiektu eta aukera berriak proposatuz.

Politika publiko berriak diseinatu behar direla uste du Muruak, eta daudenak ere hobetu behar direla: «Osasun mentalaren heziketan indartu eta inbertitu behar da, behar den unean tresnak eskuragarri izateko».

BAKARDADEA, SENTIMENDU OROKORTUA

Ikerketan bakardadea, indibidualismoa eta atsedenik eza bezalako gaiak jorratu dira, egun gazteek dituzten bizi ohiturak eta pentsamendu horiek gauzatzera bultzatzen dituzten arrazoiak aurkitzeko asmoz. «Orokorrean jendea inguruan izaten dela esaten du beste ondorio batek. Nahiz eta momentu batzuetan bakarrik sentitu, inguruan, izan lagunetan edo familian, laguntza egoten dela ikusi dugu; aldebiko irakurketa da: bakarrik sentitzen da ehuneko handi bat, baina ingurukoen laguntza badu».

Hiri handietan bakardade sentsazioa handiagoa dela esaten dute emaitzek; Muruaren hitzetan, hori espero izatekoa zen; «espero ez genuena herri txikietan zoriontasuna baxuagoa izatea zen». Eta horren korrelaziorik oraindik ez dutela topatu aurreratu zuen.

Atsedenaren inguruan beste ikerketa bat egin beharko litzatekeela uste du Gurea Geroako kideak, gazteei gero eta gehiago kostatzen zaielako kalitatez atseden hartzea; bere iritziz, ziur asko pantailen erabilerarekin lotuta dago hori.

Egungo gazte belaunaldian osasun mentalari buruz hitz egitea «normalizatuago» dagoela onartu zuen Muruak; «baina arazoa da psikologoarenera momentu kritikoetan bakarrik iristen garela, horregatik, beharrezkoa da prebentzioa -esan zuen-. Uste dut hori indartu behar dugula, jendeak behar den unean tresnak eskuragarri izan ditzan».

Legealdi berrian, Gurea Geroa egitasmoak instituzioekin zerbitzu psikologikoaren hobekuntza eta eskuragarritasun unibertsalari buruz negoziatzea beharrezkoa da, Muruaren iritziz. «Psikologoak guztientzat, psikologo publiko gehiago eta psikologoak dohainik behar ditugu. Osasun mentalaren artatze unibertsala eskatzen dugu», adierazi zuen. Izan ere, %89k esan zuten psikologoarengana gehiago joateko aukera balute joango liratekeela.