2024 ABEN. 04 Iosune de Goñi Garciaren «Ahizpa beltza», iluntasunaren erdiko distira Barnean ditugun animaliak konbokatu, liburura ekarri eta elkarrizketa poetikoetan korapilatzen ditu Iosune de Goñi Garcia idazleak «Ahizpa beltza» Balea Zuria etxearekin plazaratu duen lan berrian. Sexu indarkeria, suizidioa, gaixotasuna eta eskola jazarpena bezalako gai gogorrak tratatzeko era lirikoa da obraren giltza. Iosune de Goñi Garcia, «Ahizpa beltza» aurkezten, Balea Zuria etxearekin. (Andoni CANELLADA | FOKU) MAIDER IANTZI GOIENETXE “Ahizpa beltza” (Balea Zuria) minaren erraietara egindako bidaia da. Indarkeria sexuala, suizidioa, autolesioa, eskola jazarpena, gaixotasuna, biolentzia medikoa eta substantzien abusua bezalako gaiak jorratzen ditu Iosune de Goñi Garciak. «Hedabideetan agertzen diren auziak dira, baina tratamendua oso pertsonala eta subjektiboa da», nabarmendu zuen Aritz Gorrotxategi editoreak atzo Donostian egindako aurkezpenean. Gordintasunaren eta lirismoaren bidegurutzean, poesia eta prosa poetikoa tartekatzen ditu idazle, argazkilari eta itzultzaile burlatarrak. «Bildumako testuek zauriei beste leku batetik eta elkarrekin begiratzeko gonbita egiten dute, ilunean distira egiten duten izakiak existitzen direla oroitaraziz». Liburua finalista izan zen 2024ko DK Poesia Sarian. «Deserosoa eta mingarria da, baina era berean ederra». Animaliak agertzen dira, sugeak, zainak, odola, eguzki itzaliak, ezpain izoztuak... «Ukitu makabroa ere badu, baina horren gainetik argia bilatzeko saiakera bat da. Bukaeran ez du esaten min hori gainetik kendu behar dugunik, gehiago da nola bizi min horrekin, pentsatuz argia posible dela eta bizirik gaudela». BEDERATZI URTEKO PROZESUA “Ahizpa beltza” gure barruan dagoen itzala dela adierazi zuen egileak, gure itxura du, baina ez da gu, bertzea da. Duela bederatzi urte jaio zen adierazpena. Osasun arazoak izan zituen eta adierazpen hori erabiltzen hasi zen, gertatzen zitzaiona hobeki ulertu nahian. Liburuko lehen poema 2017an idatzi zuen. Prozesu luzea izan da, hortaz, eta eskertzen du hori, bitartean itzal horrekiko erlazioa anitz aldatu delako. Estiloan arreta gehien ematen duena da gutxitan idazten dituela poemak: «Nik liburuak idazten ditut, kiribilean». Liburu hau bidaia bat da. Magia eta mitologia beti interesatu zaizkio, eta bere sinbologia eta unibertso propioa sortu du, hagitz bisuala. Iluntasunean ere balioak daudela nabarmentzen saiatzen da. «Minak entzuna izatea behar du, eta guk ere bai». ESATEN EZ DENAIhes egiteari buruz ere bada liburua. «Horrekin lotuta pentsatu dut oso zaila dela modu zuzenean hitz egitea, askotan ez ditugulako hitzak topatzen. Horri buruz ez badugu hitz egiten, ez ditugu hitzak sortzen. Poesiak asko lagun diezaguke. Garrantzitsua da esaten ez dena».