GARA Euskal Herriko egunkaria

Greba mugagabeari eutsiko dio Merkal Calzados-ek


Gipuzkoako Merkal Calzados enpresako langileek 200 egun daramatzate greban. ELA sindikatuak atzo nabarmendu zuenez, egoera hau luzatzen ari da «enpresak uko egin diolako plantillaren eskaerak jasoko dituen hitzarmen propioa negoziatzeari». «Ordutegiek ez dute asteko atsedenerako eskubidea errespetatzen eta enpresak ez du aitortzen langileen antzinatasuna», azaldu zuen ELAk.

Dagoeneko 200 egunez luzatu den egoera honetan, «hitzarmen kolektibo duin bat» aldarrikatu dute langileek. «Negoziazioetan aurrerapen batzuk lortu diren arren, gatazkak geldirik jarraitzen du, enpresak proposamen onargarririk ez duelako egin». Gauzak horrela, ELAk greba mugagabea mantentzea erabaki du.

Gatazka hasi zenetik, langileen helburu nagusia «argia» izan da: «Hitzarmen kolektibo duina lortzea. Aldarrikapen nagusietako bat antzinatasun plusa ezartzea da. Plus hori konpentsazio ekonomikoa izateaz gain, ibilbide profesionala, ahalegina eta esperientzia aitortzea ere bada, eta enpresak ez du hori aintzat hartu nahi izan orain arte. Atsedenerako eskubidea errespetatuko duten ordutegiek ere airean jarraitzen dute».

Enpresarekin azken aldiz azaroaren 15ean izan zen bilera. «Bertan argi geratu zen ez dagoela prest gatazka honi irtenbidea emateko», adierazi zuen ELAk.