2024 ABEN. 06 Donostiako Musika Eskolan lan egiteko, EGA eskatzea onartu du epaitegiak GARA DONOSTIA Donostiako Udalaren Musika eta Dantza Eskolan kantu irakasle plaza lortzeko baldintza gisa C-1 euskara maila (EGA) izatea ontzat eman du Administrazioarekiko Auzietako Epaitegiak. Efe agentziak argitaratutako epaiaren arabera, epaitegiak atzera bota du eskola horretako kantu irakasle berriaren izendapenaren aurka jarritako errekurtsoa. Oposizio deialdia egin zen arte lanpostua bete zuen pertsonak jarri zuen helegitea, ez baitzuen hizkuntza baldintza betetzen. Hizkuntza eskakizunen inguruan azken aldian eman diren epaien kontrako norabidean, honek dio Donostiako Musika Eskolak bermatu egin behar duela herritarrek bertan «euskaraz harremanak izateko duten eskubidea», erakunde publikoa denez gero. Epaitegiak ez du uste kargua utzi behar duen irakaslearen eskubiderik urratu denik. C-1 euskara maila eskatzea ez da «ez irrazionala, ez neurriz kanpokoa», nabarmendu du ebazpenak. Era berean, ezetsi egin du kargugabetutako irakasleak 45 urtetik gorako funtzionarioak hizkuntza eskakizunaz libratzen dituen salbuespenari heltzea; izan ere, hori «karrerako funtzionarioei» bakarrik aplika dakieke.