2024 ABEN. 06 Gazteak, transmisioan funtsezko katebegia Lehen betekadan, Euskal Herri osotik iritsitako 1.300 ikaslek Durangoko Azokaren gonbitari erantzun zioten. Transmisioaren garrantzian sinistuta, Gerediagak «apustu sendoa» egiten jarraitzen du Ikasle Goizaren alde. Aurreko orrialdean, Landako Gunea haur eta gaztez beteta. Lerro hauen ondoan, Kai Nakai eta Chill Mafiako kideak, zaleak agurtzen. (Gorka RUBIO | FOKU) Xole ARAMENDI ALKORTA Lehenengo momentutik aforoa bete zela ikusita, ateak itxi behar izan zituzten. Sartu zain geratu ziren ikasle asko bestaldean. Korridore batzuetan ia ezinezkoa zen ibiltzea. Begiak adi-adi ditu Xeberrek. Durangokoa da. Martin, Alex eta Alen lagunekin etorri da. Grabagailua ikusi eta «Nik erantzungo dizut!», istant batean. 10 urte ditu eta txikitatik ezagutu du Azoka gurasoekin. «Intrigazko liburuak, abenturazkoak ditut gustuko», dio. Musika ere bai, nola ez. Zein talde? «ETS». Eskua poltsikora eraman eta bertan duen altxorra erakutsi digu. “Xeber, ETS beti zure eskutik”. «Nire logelan jarriko dut!», esan digu. Bulego eta Zetak-en postuak ere begiz jota ditu dagoeneko. Xeberrek argi dauka: «Gomendatzen dut Azokara etortzea». «GIROA» Astrabudutik (Erandio) hurbildu dira Jone, Olaia, June eta Irati. DBHko 4. mailako ikasleak dira. Lehenengo aldia dute Azokan. Aurkitu duten «giroa» nabarmendu dute, nahiz jende pilaketa ez zaien erosoa egiten mugitzeko. «Jende gutxiago espero nuen». Kai Nakairekin selfiea atera eta gustura daude. Sinpatikoak dira musikariak oro har? «Bai, oso!», erantzuna. Ilara zain du Pello Reparazek (Zetak). «Orain gutxi hotelean nengoen lasai-lasai eta orain odisea honetan nago! Jaleo ederra dago...», kontatu du, irribarrez. Pozik dago beste urte batez -«bizitza erdia daramat hona etortzen»- Durangon egoteaz. «Polita eta beharrezkoa dela sentitzen dut», adierazi du. Argitaletxeko ordezkarientzat modu berezian joaten da Ikasle Goiza. Leire Lopez Ziluaga aurkitu dugu Susako standean. Laneguna izanik, heldu gutxi dabil korridoreetan. «Ikasle Goizean heldu gutxi ibiltzen dira orokorrean, askok ez dakielako etorri daitezkeenik. Inguruko asko harritu egiten dira jakitean. Eta laneguna izanik, are gutxiago, bai. Ostegun arrunt batean gehienek ezin dute hona etorri». Paper zuria eskuan ikusi ditugu ikasle ugari. «Inkestak egin, galdetu... Eskolako lanekin etortzen dira asko. Horiez gain, badatoz etxean emandako diruarekin libururen bat erostera. Adibidez, Institutuko gazte batek Munduko Poesia Kaieretako bi liburu eraman ditu», aipatu du Lopezek. Ane Eslava Txalaparta argitaletxeko kidea da: «Jende zaparrada egon da goizetik. Liburu baten azalak arreta pizten badie, interesa agertzen dute eta prezioa galdetzen dute. Batek ez du unean bertan eskuratu, baina handik pixka batera dirua eskuan zuela etorri da. Denetarik dago ikasleen artean. Denak ez datoz irakasleak agindutako inkesta betetzera». Gustura dago Landako haur eta gaztez beteta ikusirik. «Batzuetan badirudi ez dagoela esperantzarik, baina ikusten duzu batzuek badutela interesa. Ateak zabaldu eta denak hain azkar sartzeak esan nahi du zerbaitek erakartzen dituela», esan du. APUSTUA Gerediaga elkarteko kidea da Izaskun Ellakuriaga. «Euskal Herri osoko ikasleak etortzea inportantea da guretzat», aipatu du. Aurreko edizioetan gazteei arreta berezia jarri diete antolatzaileek. Aurten fokua zabaldu eta hartzaile guztion garrantzia nabarmendu badute ere, ez dute ahanzten gazteek jokatzen duten papera. «Apustu sendoa egiten dugu Ikasle Goizaren alde, transmisioan sinesten dugulako; tresna garrantzitsua da guretzat. Orain dela urte batzuk ikerketa egin genuen eta emaitza izan zen Azokako bisitari gehienen lehen esperientzia ikastetxeetatik etorrita izaten zela, eta oroitzapen hori daukatela. Ikasle Goizari eutsi egin behar zaio», nabarmendu du. TAILERRAK Gero eta gehiago dira egitarauan hainbat gairen inguruko tailer praktikoak. Irudienean (Zugaza Zinemak) euskal musikaren eszenan gaur egun gazteen artean ezagunak diren artisten bideoklipen edo ikus-entzunezko lanen hurbileko aurkezpena egin da. Jon Campo, Arteman enpresako kideak ardura bere gain hartu du. Bi talde izan dira, bakoitzarekin ordubeteko saioa egin du. Baiona, Bilbo, Lekeitio, Leioa bezalako lekuetatik etorri dira ikasleak. Bideoklip motak zeintzuk diren, zein osagai erabiltzen dituzten, eta bideoklip bat egitean eman beharreko pausoak azaldu dizkie bertaratutakoei. DBHko ikasleak izan dira parte hartzaileak. Bideoklip kontsumitzaileak dira. Etengabe. «Nik jarritako adibideak gehienek ezagutzen zituzten. Ikusita, bai; bai baina aztertuta, ez. Eta gaur egin duguna da aztertzea». Aurrerantzean bideoklipak «beste begi» batzuekin ikusiko dituztela espero du Campok. Zea Mays, Berri Txarrak, Neomak, Dupla, Gatibu, Izaro... izan dira gaur Campok aukeratu dituen lanak. Izan da besterik. Irudienean eduki digitalaren erabilera eta euskara ardatz hartuta egin da beste egitasmo bat. Ikus-entzunezko edukiak duen egungo eskaintza aintzat hartuz, eta plataforma digitalekin gazteenek duten harremana kontuan izanik, fokua hizkuntza ohiturei jarri zaie teoria eta praktika uztartu dituen tailerrean. Alex Aginagalde Pantailak Euskaraz elkarteko kideak ikasleei ezagutarazi die euskarak bizi duen egoera eta horrek euskararen erabileran duen eragina. «Ikusarazi diegu egunero 6-7 ordu pasatzen dituztela pantailen aurrean, edukiak ia denak erdaretan izaten direla eta horrek eragina daukala beraiek egunero egiten dituzten hizkuntza hautuetan». Azken hiru urteotan, Pantailak Euskaraz sortu zenetik, aurrerapausoak egin dira. «Orain beharrezkoa da jendeak euskarazko edukiak kontsumitzea, ez bakarrik enpresa handiek ikus dezaten hemen herri bat dagoela euskaraz bizi nahi duena, baita euskararen etorkizuna bermatzeko ere», esan du. «Herrien arabera batzuek ezagutzen dute Primeran plataforman, eta besteek ez. Gauza bera gailuen konfigurazioari dagokionez. Gehienek ez dakite Android eta Iphonak euskaraz jarri daitezkeela edo Spotify euskaraz dagoela, adibidez». «Badirudi ez dagoela esperantzarik, baina batzuek badute interesa. Ateak zabaldu eta denak hain azkar sartzeak esan nahi du zerbaitek erakartzen dituela». «Ikusarazi diegu egunero 6-7 ordu pasatzen dituztela pantailen aurrean, edukiak ia denak erdaretan izaten direla eta horrek eragina daukala beraien egunero egiten dituzten hizkuntza hautuetan».