GARA Euskal Herriko egunkaria

Indarkeria matxista erauzteko garaia dela nabarmendu du Sortuk

Sortuk ekintza bat egin zuen Gasteizen atzo arratsaldean, indarkeria matxista salatuz eta haren ondorioz eraildako emakumeak gogoratuz. Dei egin zuen «indarkeria horren askotariko aurpegiak errotik erauztera, ardurak hartzera eta kolektiboki ekitera».

Sortuk atzo egindako ekintza, indarkeria matxista ikusarazteko. (Raul BOGAJO | FOKU)

Sortuk indarkeria matxista eta haren milaka aurpegiak ikusarazteko eta salatzeko ekintza ikusgarri bat egin zuen atzo Gasteizen. Gogorarazi zuten 125 emakume eta 12 ume hil dituztela 2003tik gaur arte; azkena, duela 5 egun, Pasaian. Gasteizen bildutako emakumeek «erailketak indarkeria matxistaren adierazpenik gordinena direla eta hari aurre egiteko gainerako milaka aurpegiak ere errotik erauzi behar direla» adierazi zuten.

Emakumeetako bat lurrean etzan zen, maskara bat aurpegian eta gorputza odolez zikinduta. Esaldi matxistak bozgorailuetatik entzuten zirela, ‘Nahikoa da!’ idatzi zuen lurrean ekintzaileetako batek odolarekin, eta ‘Erail naute. Eta zer egin(go) duzue?’ zioen pankarta zabaldu zuten.

GIZONAK EZ DIRA MUNSTROAK, MATXISTAK BAIZIK

Aiora Epelde Sorturen Nazio Kontseiluko kideak eta Plan Feministaren arduradunak hitza hartu zuen: «Indarkeria matxista egiturazkoa da, bizitzako espazio oro zeharkatzen du, eta baditu milaka aurpegi: ezeztatzea, publizitate sexista, umore matxista, umiliatzea, mehatxatzea, sexu erasoak, bortxaketak...». Argi azaldu zuen indarkeria matxistaren adiera gogorrena diren erailketak egiten dituzten gizonak ez direla munstroak, matxistak baizik.

Indarkeria matxista gutxiesteari, naturalizatzeari eta babesteari uzteko garaia dela defendatu zuen, eta indarkeria matxista eragiten eta hori ahalbidetzen dutenek ardurak hartu behar dituztela.

Esan zuenez, «biolentzia zuzena da indarkeria matxistaren adierazpen argiena; eta horri biolentzia instituzional eta sinbolikoak eusten diote», beste errealitate bat eraiki ahal izateko, ardura eta erantzukizun indibidualez gain, baitezpadakoak dira aldaketa sakonak ere: «Egiturazkoak diren neurriak behar ditugu, instituzioetan, hezkuntzan, kulturan, begirada kolektibo eta indibidualetan...». Eta, «aitortza eta erreparazioa tresna izango dituen justizia feminista ere ezinbestekotzat» jo zuen.