2024 ABEN. 06 Moriartitarrentzat izango da 2025eko Urrezko Danborra 2025eko Urrezko Danborrak badu jabea, Moriarti Produkzioak ekoiztetxeak jasoko du urtarrilaren 20an, Donostiako Udaleko Bozeramaileen Batzordeak atzo aditzera eman zuenez. «Harrituta bezain emozionatuta» daudela aitortu zuten Moriarti taldeko kideek. Garaño eta Arregi, Moriarti taldeko bi kide. (Jon URBE | FOKU) GARA DONOSTIA Moriarti Produkzioak ekoiztetxea osatzen duten Jon Garañok, Aitor Arregik, Jose Mari Goenagak, Asier Achak eta Xabier Berzosak jasoko dute urtarrilaren 20an Donostiako Urrezko Danborra. Hala ezagutarazi zuen Donostiako Udaleko Bozeramaileen Batzordeak atzo goizean. Donostian sortu zuten produkzio etxe zinematografikoa 2001ean, eta orduz geroztik film luzeak, dokumentalak, film laburrak eta telesail bat ekoitzi ditu. “Handia”, “Loreak” edo “La trinchera infinita” bezalako film ezagunak egin ditu, baita “Cristobal Balenciaga” telesail ospetsua ere, edo “Lucio” dokumental entzutetsua. Garaño Ingalaterran harrapatu zuen atzo Urrezko Danborra jasoko duten albisteak, Radio Euskadin azaldu zuenez. Hura arduratu zen gainerakoei berri ona emateaz. Goenaga eta Arregi filmaketa batean mugikorrik gabe zeudenez, haiengana iristea «apur bat gehiago» kostatu zitzaiola onartu zuen. «Taldeko guztiak harritu eta hunkitu gaitu», aitortu zuen Garañok, eta are gehiago 98 hautagai egon eta beraiek hautatzeak. «HARRITUTA» Moriartitarrentzat 2024a oso berezia izaten ari dela kontatu zuen, Balenciagaren telesailaren estreinaldia, “Marco” filmarena, «eta orain hau; nork esango zigun 2023an!». Urte luzetako bidea txalotu du Donostiako Udalak, ohar batean adierazi bezala: «Egindako ibilbide luze eta laudatuagatik, euskal zinema estatuko eta nazioarteko zinemaren erreferente gisa jarriz». Moriarti ekoiztetxea saritzea «aho batez» hartutako erabakia izan dela gaineratu zuen. Orotara, 98 hautagai zeuden. Venezian aurkeztu ondoren, Donostiako Zinemalditik igaro eta egun zinema aretoetan dago haien azken film luzea, “Marco”. Pertsona iruzurgile baten istorioaz harago, «egia eta gezurraren arteko hausnarketa egiten duen thriller geriatrikoa da».