2024 ABEN. 06 Musikaren bristadak Ritxi AIZPURU Musika argitaratzailea Guztiari atera behar al zaio distira, bristada? Ideia bat orokortzeko joera dugunean, pentsatu behar da agian zenbait hari mutur solte geratu direla bidean lotu gabe. Maite ditugun abesti asko daude. Industriatik proposatutako singleen zeregina haiekiko erakarpena antolatzea izan ohi da. Autogestioaren lanabesa erabili ohi duenak ere, singleari garrantzia eman izan dio. Baina singlearen kultura emeki-emeki galzorian dago. Single parrastadaren kultura dator. Singleak kateatuta, astetik astera single berri baten ohiturara igaro gara. Kantu guztiak singleak izan daitezke sortzailearentzat, baina horrek ongi daki balizko diskoaren hamar abestiek ez dutela indar gatibatzaile berbera, ezta ere antzeko bristada. Erakarpena eragitea da xedea. Abesti guztiak egiten dira txukuntasunez, mimoz, zainduta. Baina balio duen inkesta erreal bakarra kaleak egiten dion arreta baino ez da. Dena den, egongo dira arreta txikia jaso duten abesti handiak. Maitasuna adierazi diogu bati, eta handik gutxira beste bati. Gurpil horrek ez du amaierarik. Behar dugu zerbaitek txunditzea egunero, atzokoan ezin gara gelditu, gaurko dosi txundigarriaren bila joan gabe; halako batean beste kantu bat datorkigu, eta hau ere aproposa buruan bueltaka egoteko, eta kantuen zaldiko-maldikoan etengabe gehituko dira berriak. Pozik garenean unea bizi dugu, ez dagoelako besterik. Kantuekin bizi gara. Kantuetarako. Bizitzak ez diolako itxaroten ez lehen edo bigarren kafeari, eta kafezalea ez denarentzat, ezta ur gardenari ere.