2024 ABEN. 06 DURANGOKO AZOKA 2024 Wark: «Zer den politika? Trans komunitatearentzat, bizirik irautea» Espero genuen arren, Irene Vallejo idazle eta hizkuntzalari espainiarra ez da Durangora etorri, Mexikoko FIL literatura azokan baitago, zenbait euskal idazle legez. Baina Durangok beste bisitari ezagun bat jaso zuen atzo: McKenzie Wark ikertzaile eta idazle australiar-estatubatuarra. Euskal Herrian egiten ari den biraren lehenengo hitzordua arrakastatsua izan zen. Jokin Azpiazu soziologoa, Danele Sarriugarte idazlea eta McKenzie Wark, arrakastatsua izan zen aurkezpenean. (Marisol RAMIREZ | FOKU) MAmaia EREÑAGA DURANGO Nazioarte mailan izen handia du McKenzie Wark (Newcastle, 1961) ikertzaile eta idazle australiar-estatubatuarrak. Hedabideak eta kulturak teknologiarekin nola uztartzen diren landu du batez ere, ikuspuntu marxista batetik abiatuta. Orain sei urte emakume trans bezala armairutik atera eta ordutik genitalitatearen nagusitasuna salatu du. Durangoko Museoan atzo iragarrita zuen aurkezpena lepo aurkitu genuen. McKenzie Warken lana euskarara lehen aldiz ekarri baitu Danele Sarriugarte idazleak. Izenburua: “Maitasuna eta dirua, sexua eta heriotza” (Katakrak). McKenzie Warkek Euskal Herrian egingo duen aurkezpen bira txikiaren lehenengo hitzordua zen Durangokoa. Hilaren 7an Donostiako Tabakaleran izango da (18.30ean), eta Uxue Diez-Guiral (Kuir artxibo bizia) eta Kay Subijana izango ditu aldamenean. Abenduak 9an Iruñean izango da Katakraken (19.00). Badalab Laborategiak, Jakinek, Euskalgintzaren Kontseiluak eta Teks elkarteak elkarrekin antolatutako bira da. Doktoretza egin eta bi dozena liburu baino gehiago argitaratu ditu McKenzie Warkek 1994tik. Egun, Internazional Situazionistaren aditurik handienetako bat da, eta “A Hacker Manifesto” (2004) eta “Gamer Theory” (2007) liburuek ezagun bihurtu zuten. Situazionismoaz, bideojokoez, raveez eta kapitalismoaz idatzi izan du, saiakerak betiere. Ibilbide arrakastatsu baten eta hogei urteko ezkonaldi baten ostean, bi seme-alabekin, McKenzie Warkek bizitzaren erdialdean krisi sakon bat izan zuen: emakume trans moduan armairutik atera zen. 2017an agertu zen transgenero gisa -hain justu, orain dela egun batzuk ospatu du bere Instagrameko profilean urteurren hori-, eta ondoren autofikziozko hiru lan argitaratu zituen. The New School unibertsitatean hedabide eta kultur ikasketen irakaslea da. Haren liburuen artean dago “Maitasuna eta dirua, sexua eta heriotza” (Katakrak). Gutun trukaketa izango balitz bezala egituratuta, autobiografia bat baino, bere buruaren aurkikuntzaren isla da liburua; eta hemen bildu du bere ahots pertsonalena. HAU EZ DA BERRIA, BETI EGON DA «Trans kultura beti izan da, baina forma desberdinak izan ditu. Grezia, adibidez, eredu izan da komunitatearentzat», aipatu zuen Warkek. Transexualitateari lotuta dagoen diskurtso nagusia deseraikitzen du ikertzaile honek. Izan ere, transexuala txikitatik, bere egoeraren jakitun den pentsamendu hegemonikoarekin apurtu nahi izan du. «Oso berandu atera nintzen trans emakume bezala. Arraroa izaten da hain berandu ateratzea. Baina genero disforia hori txikitatik nuen. Nire lehenengo trantsizioa migrazioa izan zen, New Yorkera joan nintzenean. Baina nire burua trantsizionatu behar izan dut arlo askotan. Hormonak hartzen hasi nintzenean, nire memoria aldatzen hasi zen eta amaren oroitzapenak etorri zitzaizkidan, 6 urte nituenean hil zitzaidalako, eta berehala hasi nintzen emozio horiek aztertzen». Erabat kritikoa izan zen medikuntzarekin, trans komunitateari buruzko diskurtso bakar bat onartzen dutelako: hormonak hartzea al da, adibidez, aukera bakarra? «Baina ba ote dago beste aukerarik gure gorputza izateko? -galdetu zuen-. Nik erabaki nuen ez nuela trantsizioaren narratiba bat egingo. Pentsatu nuen: zer dakigu guk trantsizioaren inguruan? Beharbada ikuspuntu desberdinak egon daitezke». Politika, musika, teknologia berriak... arlo ugari ikertu zituen emakume honek. «Queer jendeari buruz esan ohi da bizitza friboloa daramatela. Baina zer da politika egitea nire komunitatean? Bizirik mantentzea eta elkarrekin bizirik jarraitzen mantentzea, nire komunitatean suizidioaren tasa %40koa baita». Eta musikak? Zein garrantzi du kulturak gizarte berri bat eraikitzean? «Nik genero disforia sentitzen nuenean, nire ‘trans amarekin’ hitz egiten nuen, eta esaten zidan: ‘Etorriko zara rave-ra. Behar duzu, trantsizioan zauden honetan, gorputza dantzatzen askatu eta bestearekiko beharra asetu. Musikaren erritmo ozen horiek beharrezkoak izaten dira, niretzat. Nik 63 urte ditut, oso goiz joaten naiz ohera, 10.00etan, eta goizeko 4etan jaiki eta festaren azken zatira iristen naiz, zeren ordu horietan bakarrik gelditzen gara dena emateko gogoa dugun frikiak. Gizon zis batzuei ondo etorriko litzaieke!». Pradalesek hitza eman du kulturaren alde Landakon azken ordura arte jendearen mugimendua nabaritzen zen bitartean, atzo arratsaldean San Agustin kulturgunean 59. edizio honetako inaugurazio ofiziala burutu zen. Joan den abuztuaren 22an hil zen Jon Irazabal Agirre Usansoloko iurretarra (1960-2024), hamarkada luzeetan Gerediaga Elkarteko kudeatzaile eta Azokako zuzendariari gorazarre egin zioten. Gizon maitatua zen, ekitaldian argi gelditu zenez, bera izan baitzen, neurri handi batean, inaugurazioko protagonista. Hainbat euskal erakundeetako ordezkari izan ziren ekitaldian -Usansoloko herritarren protestaren aurretik igaro behar izan zuten-, besteak beste, Imanol Pradales lehendakaria, Pello Otxandiano eta Iker Casanova politikariak, eta, noski, Durangaldeko herritar ugari. «Kaixo, Durango, ongi etorri sormenaren lurraldera», agurtu zituzten Miren Amurizak eta Aner Peritz Manterolak. Ekitaldiari kutsu instituzionala eman zion Pradales lehendakariaren presentziak. Azokan bertan erosketak egin zituela adierazi ondoren, Jon Irazabal gogora ekarri eta hauxe esan zuen: «Lehendakari bezala, konpromisoa hartzen dut kultur sorkuntza sustatzeko politikak aurrera eramango ditudala». Nerea Mujikak, Gerediagako elkarteko lehendakariak, ezin izan zuen bere hunkidura ezkutatu. «Durangaldearen zaintzaile sutsua, haren historiaren ikertzaile nekaezina, euskal kulturaren bultzatzaile irmoa» izan zen lagunaren hutsunea gogora ekarri nahi izan zuen. Eta Itziar eta Iñaki Irazabal, Jon Irazabalen anai-arrebak, igoarazi zituen oholtza gainera. Itziarrek gomutan izan zuen, Gerediaga elkartean lanean hastekoa zela amari esan zionenean, honek beste lan bat aurkitu zezala gomendatu ziola nebari: «Eta 40 urte lanean jardun ondoren, han jubilatu zen. Askotan esaten zuen berarentzat suerte bat zela ofizioa eta afizioa berdinak izatea». A.E. BIRAEuskal Herrian egingo duen bira txikiaren lehenbiziko hitzordua Durangon izan zuen ikertzaile eta idazle australiar-estatubatuarrak. Donostian eta Iruñean izango da hurrengo egunetan.