GARA Euskal Herriko egunkaria
PILOTA

Azken esprinta jota markagailua irauli dute Larrazabal-Mariezkurrenak

Peña II.ak eta Albisuk esku-eskura zuten garaipena 21-18koarekin, baina urdinek lau tanto egin zituzten jarraian txapelketako lehen puntua lortzeko.

Larrazabal eta Mariezkurrena, elkar besarkatzen, atzo Tolosan. (Jon URBE | FOKU)

Larunbatean jokatzekoa zen Binakako Txapelketako bigarren jardunaldiko partida hau bertan behera geratu zen, Tolosako Beotibar pilotalekuan hezetasuna eta ura zegoelako. Astelehenera pasatu zuten programazioa, neurketaren iraupena handituz. Azkenik maratoi bihurtu zen, 595 pilotakada eta 70 minutuko lehiaren ostean, 21-22ko emaitzarekin amaitu baitzen, Larrazabal -Artolaren ordezkoa- eta Mariezkurrena II.aren alde.

Nahiz eta oraindik hain txapelketa luzeko bigarren jardunaldian egon, Baiko enpresako bikoteak garaipen garrantzitsua lortu zuen, hasiera-hasieratik beheko putzutik atera ahal izateko. Hori bai, gogotik lan egin behar izan zuten Artolaren ordezkoak eta atzelari nafarrak.

Pentsa, 21-18 galtzen zihoazen partidako azken txanpan, baina maratoiaren azken metroetan esprinta egin eta markagailua iraultzea lortu zuten 0-4ko partzial bati esker. Kontrako aldean, oraindik punturik batu ez duten Peña II.a eta Albisu daude. Eta hori atzokoan sendo hasi zutela norgehiagoka, 3-0 aurretik ipiniz, eta ondoren 19-17 eta 21-18 ere jarri ziren garaipena lortzetik gertu-gertu.

Jon Ander Peñak mina egin zuen sakearekin. Lau egin zituen hasierako jokaldiarekin (falta bat ere egin zuen) -Larrazabalek ez zuen bat ere egin-, baina atzean beste Jon Anderrek, Albisuk, huts gehiegi batu zituen. Bederatzi galdutakorekin amaitu zuen Beotibarreko partida.

Urdinek, aldiz, jokoan 10 tantorekin amaitu zuten lehia, eta horietatik bederatzi Larrazabalek egin zituen. Hasierako gorabeheren ondoren, gauzak berdindu egin ziren eta bost berdinketa izan ziren, azkena 21na. Baina hortxe urdinak inertziarekin zetozen eta aurreneko puntua eskuratu zuten.

Hirugarren jardunaldia ostiralean hasiko da, bi partidarekin Urretxun eta Zornotzan, eta Iruñean (larunbatean) eta Bartzelonan (igandean) emango zaio amaiera.