2024 ABEN. 10 Lan osasuna bermatuko duen basogintza eredua eskatu dute Basogintza eredua aldatu beharra dagoela nabarmendu zuten atzo LAB, ESK, Steilas, EHNE-Etxalde eta Hiru sindikatuek, Gipuzkoako Batzar Nagusietan. Sektore horretan dagoen lan istripu kopuru handia eragiten duena eredu intentsiboa dela azaldu zuten. Basogintzaren egoera salatzeko azaroaren 27an egin zuten elkarretaratzea. (LAB) GARA DONOSTIA LAB, ESK, Steilas, EHNE-Etxalde eta Hiru sindikatuko ordezkariek basogintzan dagoen lan istripu kopuru altua salatu eta ustiaketa eredua aldatzeko eskatu zuten atzo, Gipuzkoako Batzar Nagusietan. «Lan osasunari dagokionez, sektore horretako langileen egoera dramatikoa da. Azken hamarkadan gutxienez 32 langile hil dira lan istripuz Euskal Herrian. Datu hori denboraldi berean Euskal Herrian lan istripuz izandako heriotza guztien %5 da. Sektore horretako langile kopurua kontuan hartuta, eraikuntza bera baino 10-15 aldiz hilkorragoa da», salatu zuten, azaroaren 27an Gipuzkoako Aldundiaren aurrean egin zuten elkarretaratean egin zuten bezala. Egoera honen arrazoien artean prekaritatea aipatu zuten. «Autonomo faltsuak, azpikontratazioaren erabilera orokorra, modu isolatuan lan egiten da, ez dago prebentzio baliabiderik, ez dago prestakuntzarik... Oro har, ez dira betetzen osasun- zein lan-araudia», nabarmendu zuten. Dena den, Bizkaian eta Gipuzkoan dagoen ustiaketa eredua jo zuten funtsezko arrazoitzat. Izan ere, Euskal Herrian sektore honetan gertatzen diren heriotzen %75 bi herrialde hauetan pilatzen da. EREDUAK ARRISKUAK HANDITU «Aktibitateak berak arriskuak dakartza, baina bada arrisku horiek modu esponentzialean areagotzen dituen zeharkako faktore bat, basogintza eredua hain zuzen, basogintza intentsiboa. Basogintza eredu hau, batez ere, Gipuzkoan eta Bizkaian egiten da Euskal Herrian», azaldu zuten. «Etekin ekonomikoa lehenetsi nahian, eredu horrek gure mendietan kanpoko espezieak, hazkunde azkarreko espeziak, aldatu, hazi eta matarrasa moduan ateratzen ditu denbora ziblo motzetan. Bioaniztasunaren ikuspegitik gure mendi lurrak eraldatu ditu, bertako basoak eta espezieak masiboki alboratu ditu eta, era berean, matarrasek eta habitataren eraldaketak bertako faunari larri eraso diote. Horretatako makineria astuna erabiltzen da eta mendian pistak irekitzen dira egurra atera ahal izateko, langileentzako arriskuak areagotuz», erantsi zuten. «Gainera, interbentzioak askotan lur eremu pribatu txiki, bakan eta urrunetan egin behar izaten dira, lanerako planifikazio egokia eramateko aukerak murriztuz. Azken hamarkadetan eredu hori, ikuspegi ekonomikotik, porrota izan da, bidean milioika euro publiko xahutu baititu», nabarmendu zuten. Gauzak horrela, ezinbestekotzat jo zuten basogintza eredua aldatzea. Horretarako, Gipuzkoa eta Bizkaiko aldundi eta batzar nagusiei dei egin zieten, mendi arauak aldatzeko jasangarritasunaren alde. LAN ISTRIPUAGarraiolari bat hil zen atzo Larrabetzu aldean, gidatzen ari zen kamioia N-637 errepidean bidetik ateratakoan. LABen esanetan, atzo arte 60 langile ziren lanean ari zirela hildakoak.