2024 ABEN. 11 Aita Marik Mediterraneoan egindako 14. misioa bukatu du Palermon GARA BILBO Palermoko portutik irten eta Valentziarako bidea hartu zuen atzo goizean Aita Mari erreskate ontziak, azaroaren 15ean abiatutako 14. misioari amaiera emanez. Azken hilabete honetan 86 pertsona erreskatatu ditu Aita Mari ontziak Mediterraneoan. Sizilian lehorreratu zituen lehenbizi erreskatatutako 53 pertsonak. Astebete geroago beste 33 lagun salbatu zituen Mediterraneo erdialdean, eta Palermoko portura bidali zuten Italiako agintariek, nahiz eta gertuago hainbat portu seguru egon. «Errealitate honen aurrean, premiazkoa da migraziorako bide legal eta seguruak ezartzea», berretsi zuen atzo ohar baten bitartez Itsas Salbamendu Humanitarioa gobernuz kanpoko erakundeak. «Halaber, migratzaileen eta haiei laguntzen dieten erakunde humanitarioen kriminalizazioa amaitzea eskatzen dugu», adierazi zuen. Datozen egunetan, Aita Mari Valentziako portuan atrakatuta egongo da, ate irekien jardunaldiak eta ikasleei zuzendutako hitzaldiak eskaintzen. Helburua «elkartasunaren eta giza eskubideekiko errespetuaren garrantziaz sentsibilizatzea da, gizarte bidezkoagoa eta giza duintasunarekin konprometitua sustatzeko». «Etorkizunean giza duintasuna nagusi izan dadin», bere misioarekin jarraituko duela nabarmendu zuen atzoko oharrean. Bestalde, Giza Eskubideen Nazioarteko Egunaren testuinguruan, milaka pertsonak bizi dituzten giza eskubideen urraketa larriak salatu zituzten; «izan ere, baldintzarik gabeko eta arrisku handiko ibilbideetatik ihes egitera behartuta daude».