GARA Euskal Herriko egunkaria

Illunbeko plaza prest eta bertsolariak gogoz, larunbateko finalerako

Atzo goizean hutsik ikusitako plaza milaka bertsozalez beteko da larunbat honetan. Zortzi finalistak elkartu ziren atzo egindako prentsaurrekoan, eta bertsolariek bakoitzaren helburuen, ametsen eta kezken berri eman zuten. Finala 17.00etan hasiko da, baina etxetik jarraitzeko aukera ere izango du bertsozaleak, NAIZ Irratian zuzenean hedatuko baita 16.30etik aurrera, Aimar Sorazu eta Aitor Sarriegi bidelagun hartuta.

Larunbatean kantatuko duten zortzi finalistak Illunben izan ziren atzo. (Jon URBE | FOKU)

Larunbatean milaka bertsozalek Illunbe beteko dute. Ez da plaza bera, ordea, betea edo hutsa, baina zezen plaza ikusi eta ilusioz daudela aitortu zuten atzo goizean finalistek. «Urte luze eta berezia izan da Gipuzkoako bertsogintzarentzat. Luzea, udaberrian hasita 35 saio egin ditugulako, eta berezia, Almen bertso eskola sortu zela 50. urteurrena ospatzen ari garelako», aurkeztu zuen prentsaurrekoa Ane Ezenarro gai jartzaileak.

Eneritz Artetxek, Beñat Gaztelumendik, Nerea Elustondok, Oihana Iguaranek, Aner Peritz ‘Euzkitzek’, Ane Labakak, Alaia Martinek eta Andoni Rekondok beren gorputzaldi, asmo eta sentipenen berri eman zuten.

GORPUTZALDIAK ETA ASMOAK

Artetxek aitortu zuen «luze samarra» egin zaiola txapelketa, udaberriko sailkapen fasean hasi baitzuen bidea. Txapelketak albo batera utzita egon da hainbat urtez, eta izena eman zuenean bere buruan ez omen zen finala kabitzen, baina pozarren dago orain. «Finalean egon baino pixka bat gehiago egin nahiko nuke», azaldu zuen, eta bertsotan egiten asmatzen badu «oso konforme» egongo dela.

Gaztelumendik kontatu zuen hasieran kostatu zitzaiola txapelketan «lur hartzea», baina aitzakia izan ohi dela berarentzat txapelketa jendearekin bildu eta bertsoa lantzeko. «Mugimendua bera dezente aldatu da eta ez nekien oso ondo nola kokatu», esan zuen. Finalean «erne, malgu, kontziente» egon nahi du. Taldearekin «oso pozik» dago: «Gipuzkoa zer den eta norantz joatea nahi genukeen adierazten duela uste dut».

«Belaunaldi baten azken biziraulea» izan daitekeen sentsazioa duela adierazi zuen Elustondok irri artean, eta final honetan zein plazan dagoen belaunaldiartekotasuna interesgarriak iruditzen zaizkiola kontatu. Bigarren finala izango du. Bere ustez, egonarria irabazi du urte hauetan, Illunben «arrasto bat» uztea du helburu.

Iguaranek esan zuen «gogotsu, pozik, ilusioz» sumatzen duela bere burua. Larunbatera begira bere aurreko finalen errepasoa egin zuen. Lehenengoa «ospakizunetik» bizi izan omen zuen, bigarrengora ez omen zen pertsonalki momentu onenean iritsi, eta honetara bere «gorputzaren jabe» doala azaldu zuen: «Ahotsa jarri eta hitzak eskaini nahi dizkiot desio dugun horri».

Peritzek ere lehen finala izango du. «Sorpresa onekin» igaro du txapelketa. Bere buruan jarritako helburuak gainditu dituela azaldu zuen. Larunbaterako «moti, pozik» dagoela esan zuen, eta postuetatik harago egin nahiko luke bertsotan: «Zer egiten dakidan erakutsi eta esateko gogoa ditudanak esateko baliatu nahi dut mikroa».

Martinek larunbateko finalera begira jartzeko atzera begiratu zuen une batez. Gogoratu zuen bera lehen aldiz finalera sartu zenetik, 2011tik, asko aldatu dela bai finaleko argazkia, bai mundua, bai gizartea. Oholtzan kontzentratuta egon nahi du, «irekita eta malgu datorren guztia aprobetxatzeko». oiartzuarrak uste du elkarrizketa interesgarriak sortzeko zortzikote ederra osatzen dutela.

Rekondorentzat lehen finala eta lehen txapelketa izan dira, eta «deskubritzen joatearen ilusioarekin» bizi du urte osoa, eta opari gisa finala. «Belaunaldiartekotasunak asko motibatzen nau», nabarmendu zuen taldekideei begira; batzuekin lehen aldiz finalean kantatuko du, eta gustatu zaio bertsokideak ere deskubritzearen bidea. Ahal den ondoen egin nahi du bertsotan, «eta urtea biribildu».