2024 ABEN. 12 KOLABORAZIOA Agur Euskaltzaleen Topaguneari! Jasone MENDIZABAL eta Oskar ZAPATA Euskaltzaleen Topaguneko zuzendaria eta Euskaltzaleen Topaguneko Nafarroako zuzendaria Hogeita zortzi urte dira euskara elkarteen federazioa, Topagunea, sortu zenetik. Tokiko elkarteen beharrak asetzea zen funtzio nagusia garai hartan: kultur programazioa eskaini, aholkularitza administratiboa, aisialdi egitasmoak, toki hedabideak, Mintzalaguna... Hau da, nazio mailako egitura bat, tokikoak indartzeko. Elkarteak han-hemen sortzen joan ziren 90eko hamarkadan. Horietako batzuek indartsu jarraitzen dute tokiko errealitateari erantzuten profesional eta boluntarioen ekarpenei esker. Beste batzuek, makartsuago, eta baten bat desagertu egin da. Gaur 74 euskaltzaleen elkarte daude Topagunean, 75 hedabide Tokikomen saretzen diren 30 elkarteetan eta euskarazko aisialdia garatzeko 17 elkarte Kukulaisin saretuta. Euskaltzaleen Topagunea izendatu genuen gure erakundea 2012an egindako II. Kongresuan. Tokiko elkarteak indartzearekin batera, nazio mailan erakunde erreferentziala izateko urratsak egitea onartu genuen. Hortik etorri ziren ekimen berriak; Euskaraldia, adibidez. Bi eginkizun horietan jardun dugu azken hamaika urte hauetan: herriz herriz euskaltzaleak saretzen eta Euskal Herria elkarrekin ehuntzen. Bidean, noski, antzeman ditugu ajeak. Gizartea dinamikoa izanik, aldaketa sakonak antzeman ditugu, egokitzeko beharra sentitu eta eragiteko bide berriak jorratu beharra ikusi dugu. Eta horrela iritsi ginen Euskaltzaleen Topagunearen III. Kongresura. 2023ko azaroan egin genuen hartan, urrats bat haratago egiteko beharra partekatu eta lan ardatz eta egiteko modu berriak erabiltzeko planteamendua onartu genuen. Izan ere, euskararen erabileran benetako jauzi bat eman nahi badugu -eta hala behar duela aitortzen dute eragile euskaltzale guztiek−, baldintza berriak martxan jarri behar ditugu gizartearen babesarekin. Kongresu aurretik eragile anitzekin partekatutako prozesu parte-hartzailean euskararen erabileran jauzi bat eman ahal izateko lehentasunezko bost baldintza identifikatu genituen. “Batera Jauzi” dokumentuan jasota gelditu dira horiek. Bistan da baldintza horiek bete daitezen aktore guztiok arduraz jokatu behar dugula. Izan ere, erabileraren aferan ere ardura guztiona da, herritarrena eta era guztietako erakunde eta eragileona. III. Kongresuan, bete beharreko baldintza horietan, Euskaltzaleen Topaguneak egin eta eragin nahi duen bidea marraztu genuen hiru erronka nagusitara ekarriz. Lehenik, mugimendu euskaltzale eraldatzaile, anitz eta sendoa izateko eta herritarrak ahalduntzeko lan egitea. Izan ere, sinetsita gaude, Topagunea gaur garen hori, baino mugimendu euskaltzale indartsuago bat behar dugula. Herrigintzatik Euskal Herriko eskualde guztietan eragingo duena. Herritarrek, batzordeek, taldeek eta elkarteek osaturik. Bigarrenik, gaur egun eta etorkizuneko jendarte honen parametroetan ongi errotuko den euskal identitate askotariko, ireki eta inklusiboa sendotzeko, imajinarioa, diskurtsoa eta jokaerak berrikusi eta gizarteratzeko lan egitea. Eta, hirugarrenik, euskal hiztunak sortzeko eta sozializatzeko lan egitea eta eragitea. Horretarako era guztietako tresnak eta ekimenak behar ditugu, Euskal Herrian eta euskal herrietan euskaltzaleak saretzeko, ilusionatzeko eta aktibatzeko. Jakina, bi lan-lerro zeharkatzaileak garatu behar ditugu, hiru ardatz horietan eragingo badugu: harreman sare sendoak izatea askotariko eragile eta mugimenduekin eta akordio soziopolitiko-instituzional berriak bultzatzea beste eragileekin batera. Gizarte likidoago batean bizi omen garela diote adituek. Garai bateko militatzeko moduak aldatzen ari dira eta parte hartze puntualagoa eta aldakorragoa hobesten dira gaur egun. Zaintzarekin eta plazerarekin uztartzen den aktibismo moldeetara egokituko gara errealitatea eraldatzeko. Mende laurden luze igaro da euskararen erabileraren egoera eraldatzeko Topagunea federazio gisa sortu zenetik. Tresna gara zeregin horretan. Esan bezala, sinetsita gaude eraldaketa bat eragin behar dela jendarte osoan benetan jauzi bat eman dezagun, herritarren pertzepziotik hasita, erakundeetako agintarietaraino. Eraldaketa norberarengandik hasi behar dela konbentzituta gaude. Prozesu horretan murgilduta dago Topagunea kongresuan ponentzia onartu zenetik, barne eraldaketan. Dagokigun egitekoetan arduraz eta erantzukizunez jokatzeko asmo osoa dugu, baita arriskuak hartzeko prestasuna ere. Herrigintzatik, euskara ardatz, euskararen erabilera, euskal kultura eta euskaltzaletasuna sustatuko duen euskaltzaleen mugimenduaren motor izan nahi dugu, beste eragileekin elkarlanean. Abenduaren 14an etapa berri bati ekingo diogu: Euskaltzaleen Topaguneari agur esango diogu, eta euskaltzaleen mugimendua berritzeko bide berri bati ongietorria emango diogu. Dagokigun egitekoetan arduraz eta erantzukizunez jokatzeko asmo osoa dugu, baita arriskuak hartzeko prestasuna ere